Denboraldiko emeen sari nagusiko jardunaldiak denetik utzi digu: faborito logikoak bere papera betetzen, arabiar zaldien lasterketa zirraragarria, lehiatutako handikapak eta lehen baieztapenak belaunaldi arteko konparaketan, izan ere 3 urteko emeak gailendu ziren Hotel Maria Cristina sarian. Kontutan izan behar da, emeez ari garela, Oakseko garailea eta orain arte 3 urtekorik onena dela erakutsi duen Navia, Urrezko Kopan ikusiko dugula. Piper gehiago, sarrerak agortuak dauden egun handirako.
1. Lasterketa: Hipodromoa Turf saria (2 urteko moxal emeak, maiden). 1.400 m.
Asturias faborito zen debutean erakutsitakoagatik eta ederki asko bete zuen bere papera. Hasieratik lehen postua hartuta, ez zuen aurkaririk aldamenean sentitu azken metroetan ere. Garaipen erraza eta erosoa Oasis Dream eta Zigaren alabarena. Janaceken hitzetan ez da moxal goiztiarra eta berezkoa duen kalitateari esker lortzen du dena. Etorkizun ederra du aurretik. Atzetik, nahiz eta zuzengune hasieran saiatu, Isabela ikuilu kideak, ezin izan zuen ezer asko egin garaipenerako baina White Sock hirugarrenaren arnasik ere ez zuen sentitu. Gainontzeko debutari guztiak ez zuten ezer handirik erakutsi.
Bere tokian: Isabela / Jarraitzeko: Asturias

2. Lasterketa: Wathba Stallion Cup (Arabiar zaldiak) 1.500 m.
Lasterketa ederra oparitu ziguten arabiar zaldiek, 200 metro faltan lau zaldi garaipenerako borrokan ari ziren oraindik eta. Mountasir kementsuak lortu zuen irabaztea, nahiz eta lasterketaren erritmoa markatu ondoren, zuzengune hasieran aurreratua izan. Apuntatzeko moduko errematea Natalma Al Mauryrena, metro gehiago eskatuz. Igandean hirugarren lasterketa zuen oraindik eta hobekuntza nabaria sumatzen zaio. Hurrengo jardualdian izango ditugu berriro ere Arabiar zaldiak gure berdegunean, ea ikuskizun berbera emateko gai diren.
Bere tokian: Mountasir / Jarraitzeko: Natalma Al Maury

3. Lasterketa: El Molino del Lobo saria (Handikap 2/2) 2.000 M.
Poza nagusi berriz ere Enrique Puenteren taldean. Meritu handiko lana egiten dute Laredoko hondartzetan, zaldi minduak osasun berritzen eta lanaren saria lortzen dute urtero gure hipodromoan. Bella Baronessa behorrak1000€ pilatu zituen bere lehen 13 lasterketetan eta uda honetan bi garaipen eta kokapen bati esker 7800€ poltsikoratu ditu jada…eta ez dirudi hor geldituko denik. Sister Moonek eskertu zuen lehiakideen maila eskasa bigarren postua lortuz, ezinean ibili zen Palace Guarden aurretik. Laugarren postuan Rappeur biziberritua, aurreko astean H.Pereirak komisariei eman behar izan zizkien argibideak hankaz gora utziz.
Bere tokian: Bella Baronessa / Huts: Zinza / Jarraitzeko: Rappeur

/ E.Puente). Argazkia: Dabid argindar
4. Lasterketa: Basque Destination saria (Handikap 1/2) 2.000 M.
Asko gustatzen zaizkigu 2000 metrotako handikapak eta lehiakideen artean kalitate puntu bat badago, hare gehiago. 2017an Arrigunaga faborito bezela ageri zen urte hartako Maria Cristina sarirako eta aurten agerian utzi du handikap maila honetan kalitate puntuak agintzen duela, bide batez argi utziz 31eko balorea baxua dela berarentzat. Azken zuzengunean Borja Fayosen indarrak berdinarazi zuen Barry Lyndoni falta izan zitzaion kemena eta bigarren postua lortu zuten azken momentuan. El Ingratok berriz ere ezin izan zuen bere gustuko punta hartu baina merituko beste kokapen bat lortu zuen. Legionario izakera zaila medio, indartsuegi aritu zen ibilbide osoan zehar, azken zuzengunerako pott eginda iritsiz. Ce La Vie eta batez ere Ascension Directek apunte politak utzi zituzten hurrengo lasterketetara begira.
Bere tokian: El Ingrato / Huts: Legionario / Jarraitzeko: Ascension Directe eta Arrigunaga

5. Lasterketa: Hotel Maria Cristina saria (Behorrak) 2.200 M.
Emeen sari nagusain, 3 urtekoak zaharragoen aurka ikusteko lehenengo aukera izan genuen eta gazteak indartsu datozela egiaztatu da. Espainiar Pouleko garaileak eta Oakseko hirugarrenak buruz-buruko lehia ederra eskaini ziguten Generaleko tribunatik aurrera, bakoitzak bere gaitasunak gehiengoan probestuz. Jaime Gelabertek urrutitik jo zuen erasoa Hardpiarekin eta Janacekek ahalik eta gehien itxaron zuen Praviaren esprinta baliesteko. Helmugan, Hardpiak lepo bateko aldea lortu zuen distantziaz lagunduta. Hirugarren Gnily iritsi zen bere balore ona emanez, aurreko lasterketako maila hobetuz. Most Empoweredek biriketako odoljario bat pairatu zuen eta ezin izan zuen bere benetako maila erakutsi. Ea hipodromoetan erakutsi duen maila bikaina bere ondorengoei pasa dakieken, bere etorkizuna hor baitago.
Bere tokian: Gnily / Huts: Most Empowered / Jarraitzeko: Hardpia eta Pravia
