zaldilasterketak.eus

11. Jardunaldia: Urrezko Kopa + Argazki galeria

Ateem (J. Grosjean) Urrezko Kopa irabazi berri. Argazkia: dabid argindar

Faboritismoa bete zen eta beste behin Urrezko Kopa estatutik kanpo entrenatutako zaldi batek eraman zuen. Jada zazpi urte dira jarraian hau gertatzen dela. Ez dago eztabaidarako zirrikiturik oraingoan ere. Ateemek argi asko erakutsi zuen indartsuena zela eta bere arerioen gainetik dagoela. Nabarmen. Eta bidean zalantzarik gera ez zedin, hasi eta buka berdin egin zuen, agintzen. Indartsuenaren legea kupidarik gabe ezartzen.

Astean zehar hipotesi asko plazaratu ziren, karreraren garapenari buruz. Ea nork hartuko zuen punta, horretan ohituta dauden 4-5 zaldi egonda. Atty Persse zirudien izango zela puntazale sutsua, ohi bezala. Eta besteak haren itzalean ibilbidea moldatzen joan beharko zutela. Baina ez. Azkenean, ez Atty Perse, ez Abu, ez eta Navia, punta hartu zuena Julian Grosjean izan zen (bere hirugarren Kopa jada!) Ateemen gainean, zalantza guztiak uxatuz. Bertako jockey batzuk (Martinez, Fayos, Gelabert) ibilbidea barrutik egin zuten, faboritoa ustekabean harrapatu nahiean edo. Nahiz eta aurreko karreretan argi geratu kanpoko errailak zirela eraginkorrenak. Aukera horretan erratu ziren, baina kanpotik joan izan baziern ere ez dugu uste emaitza askorik aldatuko zenik. Ateemek denak birrindu zituen bere erritmo bortitzarekin eta amaieran zertxobait errematatzeko indar apurrik izan zuen bakarra Putumayo izan zen, atzean kontserban etorrita, bigarren izateko balio izan ziona. Navia gazteak oso hirugarren ona egin zuen, beti ere faboritoaren itzala jarraituz eta diuntasun handiz bukatuz. Amazing Redek iazko taktika errepikatzen saiatu zen baina oraingoan Ateemek jarritako erritmo biziak mingaina kanpoan ekarri zuen eta ahituta iritsi zen amaierara, ezin erremataturik. Lasterketa ederra, partaide bakoitza bere tokian jarri zuena. Eta oso azkarra, benetan korritutakoa. Errukirik gabe. Hortxe bere denbora, 2´31″ 28, hamarkada honetako hirugarren onena, bakarrik Abdelek eta Cnichtek hobetutakoa.

Bere tokian: Ateem / Huts: Emin / Jarraitzeko: Navia

1. Lasterketa: Tattersalls saria (2 urteko moxalak)

Domi Go (R. Sousa). Argazkia: dabid argindar

Espero bezala bi debutari aritu ziren lehian garaipena eskuratzeko. Jada esperientzia zutenek (Ha Chop eta Obelix da Torre) maila eskasa erakutsi zuten beste behin eta saria Martul zalditegiko Domi Gok eraman zuen. Espero bezala bere patioak oso prestatuta aurkeztu zuen bataio honetarako eta erraz nagusitu zen. Itxura ona. Eta are hobea bigarren izan zen Dankorena, Odriozola futbolariaren beste harribitxia. Gorpuzkera ikusgarriduna, bihurgunea halamoduz egin ondoren, zuzenean ondo orekatu zenean sekulako kemena erakutsi zuen azken metroetan. Boteretsu. Erne jarraituko dugu hurrengoetan aurreko urteko enkantean preziorik altuena bildu zuen moxal hau (50.000€). Bikote ederra du Alvaro Odriozolak Marchelo eta Danko honekin. Etorkizun oparokoak biak. Ea asmatzen duten euren egutegiarekin.

Bere tokian: Domi Go / Huts: Ha Chop / Jarraitzeko: Danko

2. Lasterketa: Sheikh Mansoor Festival Maiden (arabiarrak)

Antar (E. Revolte). Argazkia: dabid argindar

Ezer gutxi konta dezakegu arabiarren lasterketa honi buruz. Faboritoek bete zituzten lehenengo bi lekuak. Nagusitasun handia erakutsi zuen Antarek, nahiz eta amaieran Rannanen eraso bortitza somatu karrera ia amaituta zegoenean.

3. Lasterketa: Easo Edari Banaketak (2. zatiko handikapa)

Midnight Star (V. Janacek). Argazkia: dabid argindar

Midnight Starek pronostikoa bete zuen Janacekekin. Parametro guztiak alde zituen garaipena eskuratzeko eta ez zuen hutsik egin. Janacekek horrelakoetan gutxitan egiten du kale. Zaldi portugaldarra kanpo-kanpotik eraman zuen, trafiko arazorik izan ez zezan, eta zuzen garbia izan zuen helmugaraino. Bigarren, erremate politarekin, Royal Destiny izan zen Valenzuelarekin pistaren erditik, ozta-ozta zilarra Anayaren Diboyri kenduz. Biko portugaldarra beste behin bigarren mailako handikap batean.

Bere tokian: Midnight Star / Huts: Duendecillo / Jarraitzeko: Royal Destiny

4. Lasterketa: Alejandro Padilla saria (handikap 1. zatia)

Grisgrises (J. Grosjean). Argazkia: dabid argindar

Arratsaldeko sorpresarik potoloena eman zuen Grisgrises zaldi zuri-beltzak. Bere irabazleak 39/1 ordaindu zuen, inor gutxi berarekin gogoratzen zela seinale. Grosjean jockey frantsesaren bikoaren lehenengoa. Cañedo faboritoak oso irteera txarra izan zuen eta bere aukerak guztiak hortxe xahutu zituen. City Gentek aldiz, irteeratik bertatik, Hrubosovaren ihesaldi kamikaze horietako batekin ia harrapatu zituen denak ustekabean. Azkenean, esfortzua ordainduz, hirugarren geratu zen Iron Rock portugaldarraren erremateari ezin eutsiz. Azken hau, bere bizitzako udarik borobilena egiten ari da aurtengoan: lau karreretan bi garaipen eta beste bi kokapen, guztira ia 10.000 €. Bere baliorik onenean dabil Pereirarena. Laugarren Just One Look izan zen G. Bon frantsesarekin, iazko lorpenak errepikatzeko prest dagoela iradokiz. Hirukoa ez zuen inork asmatu eta 1.526€ potea utzi zuen Urrezko Koparako.

Bere tokian: Iron Rock / Huts: Cañedo / Jarraitzeko: Just One Look

6 Lasterketa: La Zarzuelako Hipodromoa saria

Tuvalu (J. Gelabert). Argazkia: dabid argindar

Urrezko Koparen “kontsolatzekoa” deitzen dioten karrera honek oso bestelako erritmoa izan zuen. Izugarri mantso gidatu zituen El Ingratok azken 400 metroetaraino. Kontu egin bere denborari: 2´35″ 78. Hau da Urrezko Kopa baino 4,5 segundu gehiago 200 metro gutxiagotan! Loteko beteranoenak agian gustura, aparteko esfortzurik egiteko adinik ez dute eta. Gauzak horrela esprint laburrean jokatu zen dena eta Tuvalu aitona izan zen bizkorrena Gelabertekin. Hari aurre egiten saiatu zen bakarra Federico zazpi urteko beste beteranoa izan zen, bigarren postua eskuratzeko. El Ingratok bere taktika somniferoaz baliatu zen beste kokapen bat poltsikoratzeko (1.200€), denboraldiko laugarrena.

Bere tokian: Tuvalu / Huts: Saumet / Jarraitzeko: Target Zone

Argazki Galeria

11. Jardunaldia: Urrezko Kopa + Argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top