
Ez zen ikusle askorik bildu ostiral honetako jardunaldian. Batetik laneguna zela, eta goizez, eta bestetik programak ere ez zituela aparteko ikuskizunik prometitzen, hasieran Sanlucar jokatu behar zen jardunalditxoa apal xamar joan zen. Igandekoaren aperitifa bailitzan. Kolore exotikoa ekarri zuen hipodromora Mikel Urmeneta artista naparrak, sari banaketan parte hartuz- Eguraldi grisa, baina euririk ez. Pista ona (3,2), baina halere karrera gehienetan jockeyek kanpoko errailak bilatu zituzten.
1. Lasterketa: Manzanilla de Sanlucar saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 2.200 m.

Azkenean irabazi zuen Trovatorek! Bederatzi karrera behar izan ditu eta distantzia 2.200 metrotaraino luzatzea, behingoz irabazteko. Aurretik sei aldiz kokatua izan zen baina beti irabazi ezinik. Dirudienez bi kilometrotik gora lasaiago dabil, baina seguru karreraren erritmo mantsoak eta arerioen ahultasunak lagundu diotela. Ezin esan karrera aipagarria izan denik. Bigarren Apujami sartu da. Valenzuela lasaiegi etorri da berarekin eta konturatzerako irabazleak alde eginda zeukan. Erremate zuzen bat osatzea kosta izan zaio. Hirugarren Irene, ilun berriz ere, atzean gauza handirik utzi gabe.
Bere tokian: Trovatore / Huts: Apujami / Jarraitzeko: Lagertha Gibraltar
2 Lasterketa: Langostinos de Sanlucar (jockey amateurrak). 1.500 m.

Beste neska gazte bat bere lehenengo garaipena eskuratzen duena Zubietan: Victoria Alonso. Cesar Alonso entrenatzailearen alaba den honek pazientziaz ekarri zuen azken zuzenean Dream Start portugaldarra, bere arerioak piskanaka-piskanaka kanpotik pasaz, ispiluaren aurrean lehenengo iristeraino. Zorionak Vicky! Dream Startek abisua utzi zuen bere azkenaurreko karreran, antzeko baldintzetan, eta hura errepikatuz, garaipen argia lortu zuen, hau bere distantzia dela berretsiz. Ezin esan sorpresa handia zenik nahiz eta irabazleak ondo ordaindu: 11,5/1. Aprada zirudien garailea 100 metro faltan, baina irabazlearen errematea ezin izan zuen eutsi azken arnasean. Fintzen doa Martinsen behor hau. Hirugarren puntan aritutako Nordeste izan zen, Victoriaren anaia den Cesarren gidaritzapean.
Bere tokian: Aprada / Huts: Angel Down / Jarraitzeko: Aladierna.
3 Lasterketa: PMC saria (behorrak). 1.600 m.

Hiru urteko beste behor bat berriz ere zaharragoei isatsa erakusten. Loteko gazteena izanagatik ez zen kikildu Recuerda eta atzean utzi zituen faboritoak. Ondo gidatu zuen Paquito Jimenezek, beteraniaz, kanpotik ekarriz aurrean zituenak gainditzeko. Bera baino xaloago aritu ziren Hrubosova (Kitty Marion) eta Nieves Garcia (Grace´s Secret) karrera beraien artean lehiatu behar zutela zirudienean. Kemen piska bat falta izan zitzaien azken metroetan euren zaldiak helmugarantz jaurtitzeko. Ispiluaren aurrean, horretaz baliaturik, Grosjeanek Ascension Directe sartu zuen bi hauen aurretik, bigarren lekua lortzeraino. Hau laster handikap bat irabazteko punttuan dagoela dirudi.
Bere tokian: Recuerda / Huts: Grace´s Secret / Jarraizeko: Kitty Marion, Ascension Directe
4. Lasterketa: 175 mendeurrena Sanlucarreko Zaldi Lasterketena (2. zatiko handikapa). 2.000 m.

123,9 euro!! Horixe ordaindu zuten euro bateko apostu irabazlearengatik laugarren karrera horretan. Alegia, inork ez zuela inongo konfidantzarik Jasmine portugaldarrarengan. Gogoan bagenuen 2018ko Maria Cristina sarian Faraunsik emandako ezustekoa (105/1) baina honek orduko sorpresa gainditu egin du. Ia urtebete zeramatzan Jasminek pistetatik kanpo, hil honen hasieran oso modu ilunean berragertu zen arte. Horregatik inor ez zen fijatu oso behor irabazlea dela: bere 12. garaipena da hau 30 lasterketetan. Denak aho bete hortz utzi gintuen Valenzuela gazteak, karrera irabazita zirudien Rappeur (Fayos) aise gainditu zuenean. Beste biko portugaldar bat handikaparen sotoetan. Amaieran Belge Menciri bere arintasunak balio izan zion Bella Baronessa nekatua gainditu eta hirugarren izateko. Argaly aitona, bere hamalau urterekin, azkena eta ezinean ikustea negargarria da. Ez du inork horrelakorik merezi.
Bere tokian: Rappeur / Huts: Palace Guard / Jarraitzeko: Jasmine
5. Lasterketa: Lehengo mundu bira (Espainian jaiotako 2 urteko moxalak). 1.300 m.

Lasterketaren aurretik esaten genuen bezala, emozio gutxiko lasterketa. Brujildak irabazi behar zuen eta ez zuen hutsik egin. Ez zuen areriorik izan debutariz jositako lotetxo honetan. Kanter bat, 4.500€ko sariarekin ordainduta, hori bai. Nahi bezala ibili zuen taldetxoa eta ezin ondorio handirik atera moxal honi buruz. Desagertu berri den Lighting Moon hazitako zaldiaren bigarren garaipena (Tunante izan zen bere aurrenekoa). Itxura ona baina lote gogorragoetan ikusi nahi dugu, neurria hobeto hartzeko. Gainontzekoengatik aipatu bakarrik Giannina debutariak amaieratxo bat utzi zuela eta Servet militarrak punta gogorra egiten saiatu zela, azken berrehun metroetan lehertzeraino.
Bere tokian: Brujilka / Jarraitzeko: Giannina.
Argazki galeria
Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar