Zaldi lasterketak

13. Jardunaldia: kronika + argazki galeria

Hipodromoa- Eusko jaurlaitza saria – Argazki: Dabid argindar

Abuztuko hirugarren sari nagusia, Eusko Jaurlaritza, atzerrira joan da ere. Urrezko Kopa bezalaxe. Maria Cristina saria izan da, 3 sari nagusietatik, bertako batentzat geratu den bakarra, kanpotarrik ere ez baitzen izan tartean, dena esan behar bada. Bezperakoan esaten genuen Mauri Delcherrek Parisetik gurera etortzeko ahalegina egiten bazuen zerbaitengatik izango zela. Eta halaxe izan zen. Oraingoan Prince Hamleten maila nahikoa ez bazirudien ere hemengo oilarrak zapaltzeko, errealitateak bakoitza bere tokian jarri du beste behin ere. Mauri Delcherrek arrazoi. Berriz ere.

1. Lasterketa: Hipodromoa Turf saria

Algaida (Covadonga Boville/Arizkorreta) Argazkia: Dabid arginadar

Amateurren lasterketetan jakina da jockeyen egitekoan gora-behera handiak izaten direla eta sarritan ezusteko handi xamarrak izaten direla arrazoi horrengatik. Oraingoan Algaida faboritoak ez zuen huts egin. Baina bere jockeyak, Covadonga Bovillek, aspaldi ikusi gabeko ibilbidea marraztu zuen Arizkorretan entrenatzen duen behorrarekin. Ibilbide osoa kanpoko errailetatik osatu zuen, bihurguneak barne, horrek suposatzen dituen metro extra guztiekin. Azken zuzenean atzean sartu zen, kanpotik, eta bazirudien Sarabiak karrera poltsikoan zuela barruko errailetik Parabakekin. Baina metroz-metro distantzia murrizten joan zitzaion, ispiluan gorputz eskas bateko diferentzia jartzeraino. Horrenbesteko esfortzua egin zuen Bovillek, ezen helmuga pasatakoan, ahituta, zelatik erori zen, zorionez minik hartu gabe. Hirugarren tokian oso indartsu bukatu zuen First Cornilliere portugaldarra, ia-ia bigarrena harrapatzeraino. Sorpresa galanta azken honena, estatuan ezagutzen ez genuen zaldia baita. Laugarren Max´s Thunder moxala izan zen, berriz ere oso karrera grisa eginez.

Bere tokian: Algaida / Huts: Max´s Thunder / Jarraitzeko: First Cornilliere

2. Lasterketa: Sorogain Giza Baliabideak

Zeri (I.Melgarejo /M.Alonso R.) Argazkia: Dabid arginadar

Miguel Alonso entrenatzaile lasartearrak, izen bereko entrenatzaile mitikoaren semeak, bere lehenengo garaipena lortu zuen etxean Zeri bost urteko zaldiarekin. Bejondiola! Zaldiak bere 28. irteeran lortu du azkenik irabaztea. Zapore bereziko garaipena biontzat. Azken zuzenaren erdian ez zirudien lasterketa ihes egin zionik Janaceki Celestin´sekin. Txekiarrak ondo aztertua zuen pistaren alderik goxoenak zeintzuk ziren. Karrerak hasi aurretik, pistan bere ohiko bueltatxoa egin zuen oinez makila eskuan zuela, aztertzeko nondik eraman behar zituen bereak, alderik zigortuenak saihestuz. Horixe egin zuen Celestin´sekin. Eta berrehun metro faltan, kanpotik etorri nahi eta ezinean zebilen La Frisla menperatuta zuela ikusi zuenean zertxobait erlaxatu zela iruditu zitzaigun. Barruko aldera begiratzea ahaztu zitzaion, eta hortxe azaldu zen Melgarejo Zerirekin, metroak eta metroak jan -zenbat eta gehiago, hobeto-, amaieran lepo bat aurretik sartzeraino. Seguru txekiarra bere akatsaz damututa izango dela.

Bere tokian: Celestin´s / Huts: Monzalvos / Jarraitzeko: Carvali

3. Lasterketa: Tax Aholkulariak

Virrey (@JanacekVaclav
/@ArizkorretaR) Argazkia: Dabid argindar

Oraingoan Janacek ez zen deskuidatu eta horrenbesteko arretarekin aztertutako erraila zintzo jarraitu zuen helmugan Virrey lehenengo jartzeko. Espero bezala City Gentek hartu zuen punta Hrubosovaren deskargu hegalaria aprobetxatuz. Ihesaldia, aurrekoan bezala, ahal zen luzeen mantentzeko saiakeran. Baina oraingoan arerioak maila altuagokoak ziren eta ez zioten erraztasunik eman. 300 metro faltan erditik erasotu zioten Fintasek eta Cuppacoffeek, kanpoko autopistatik Janacek aurreratzen zetorren bitartean. Azkenean txekiarraren erraila suertatu zen garaile, Sousa -bide txarra ukeratuta- buru batera bigarren izatera iritsi zen Fintasekin eta Gelabert hirugarren Cuppacoffee berpiztuarekin. 300 €ko hirukoa. J.L. Martinez erratu egin zen barruko errailak aukeratzean Untitled faboritoarekin eta moxalaren erremate elektrikoa ikusi gabe geratu ginen. Ea hurrengoan.

Bere tokian: City Gent / Huts: Untitled / Jarraitzeko: Fintas.

4. Lasterketa: SanseBay Hotel

KOHOOF (@BorjaFayos
/ A.Sanchez) Argazkia: Dabid argindar

Azkenean Kohoof behorrak ez zuen istripurik izan ibilbidean eta ondo baino hobeto merezitako garaipena eskuratu zuen Fayosekin bere bederatzigarren irteera honetan. Erraz gainera, Besteek oraingoz maiden izaten jarraitu beharko dute. Ohi bezala, Grilok taldea gidatu zuen eta baita kanpora etorri ere azken zuzenan -kasualitatez eguneko joera jarraituz-. Baina badirudi portugaldarrari, hainbeste borrokekin (sei karrera bi hilabeteotan), gasolina agortu zaiola. Hori aprobetxatuz Al Maktoum ohiak garaipen garbia lortu zuen. Janacek berriz ere azeri ibili zen eta kanpoko langaren ondoko bidetxurretik bigarren lekua lortu zuen Tiermesekin. Bannaby handiaren seme honek eskertu zuen distantziaz jaitsi izana, bere debuteko irudi ona berretsiz. Grilo, agortuta, hirugarren gelditu zen. Atsedena merezi du.

Bere tokian: Kohoof / Huts: Tanhausser / Jarraitzeko: Tiermes

5. Lasterketa: Eusko Jaurlaritza saria

Prince Hamlet (@RicardoSousaFe
/ M.Delcher S.) Argazkia: Dabid argindar

Esan dugun bezala Zubietako pista nahiko zigortuta dago jada. 13 jardunaldi joan dira eta barruko errailak oso gora-beheratsu daude. Horrexegatik jockeyek gero eta gehiago kanpoko errailak bilatzen dituzte, lur zati lau baten bila. Horren jakitun ere bazen eguneko azken honetan Sousa, eta inor baino azkarrago, Prince Hamlet jarri zuen buruan, errailik onena inork ez kentzeko. Hortxe izorratu zion Norayri bere ohiko planteamendua, frantsesaren alboan, barrutik, egin behar izan baitzuen ibilbide osoa, ezeroso. Atzean, Arizkorretaren bi zaldiak –Amedeo Modigliani faboritoa eta Salar Island gaztea- zain zihoazen, azken zuzenean bide argi bat muturren aurrean parez-pare zabalduko zitzaielakoan. Bugatiko bihurgunean Fayosek Norayrekin hordagoa bota zion Prince Hamleti, barrutik aurreratu nahiean, baina baita honek eutsi ere bere punta sutsuki defendatuz. Halere, Noray ez zen kikildu -ederki jarriak dauzka!- eta pistaren alde txarrenetik frantsesa harrapatzen saiatzen jarraitu zuen azken arnaseraino. Atzetik berriz indartsu zetozen Amedeo Modigliani Janacekekin eta Resacon Gelabertekin. Baina biek ala biek ez zuten bide argirik topatu pasatzeko, aurrekoek errailik onenak okupatuta baitzeuzkaten, eta lehenengoak barrurantz joatea beste erremediorik ez zuen izan eta bigarrena irabazlearen ipurdiaren itzalean geratu zen, pasa ezinik. Halere, Gelabertek (Resacon) erreklamazioa aurkeztu zuen irabazleak traba egin ziola argudiatuz, baina komisarioek ez zuten aintzat hartu. Guk ere ez genuen arauz kanpoko ezer ikusi. Lekurik ez zegoen eta punto. Pena da pistaren egoerak hainbeste baldintzatzea sari handi baten ibilbidea. Baina baldintzak guztientzat berdinak dira eta jockeyek azeri jokatu behar dute horrelakoetan. Sousa Gelabert baino bizkorrago ibili zen oraingoan.

Beste behin Mauri Delcherrek bere legea ezarri zuen estatuko sari handi batean. Frantziatik Prince Hamletek zekarren 38ko balioak ez zirudien nahikoa hemengo 44ak menperatzeko. Baina egin zuen. Beste behin. Beste errealismo zaplasteko bat estatuko turfaren hooliganentzat. Dena den, aitortu beharra dago lurraren egoerak asko baldintzatu zuela lasterketa. Arizkorretaren bi zaldiak (Amedeo Modigliani eta Salar Island) baldintza normaletan berriz ikusteko gogoarekin geratu ginen, iruditu baitzitzaigun barruan asko gelditu zitzaiela. Beste horrenbeste Resaconekin. Pista on eta zabal batean bere errematea garaile izan zitekeela iruditu zitzaigun eta. Norayk aldiz betikoa: zeukan guztiarekin borrokatu zuen azken metroraino. Baina oraingoan beste batek ostu zion bere armarik indartsuena: punta. Eta horrek kamustuta utzi zuen. Dena den, Jaurlaritzaren beste edizio eder bat. Dudarik gabe.

Bere tokian: Noray / Huts: Salar Island / Jarraitzeko: Amedeo Modigliani

Argazki Galeria

13. Jardunaldia: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top