
Egun xoxo xamarra asteazkenekoa. Jende eta giro gutxi eta programa eskas xamarra. Horri gehitzen badiogu goizeko bost lasterketetatik bi zaldi arabiarrenak zirela -gurean zale gutxi dutenak- koktela erabat urtua gelditzen da. Hipodromokoek ondo pentsatu beharko lukete arabiarren lasterketak nola programatu eguna hainbeste baldintzatu ez dezaten. Gainontzerakoan giro ederra eta pista biguna, baina uste baino gutxiago (3.6). Asteburuan botatako euri jasekin pista astuna espero genuen baina ez zen horrelakorik izan.
1.Lasterketa Sheik Zayed Al Nahyan Cup 1.600m Listed

Aurtengo denboraldian Zubietan Listed mailako izan dugun lasterketa bakarra. Al Shaqab Racing jakatxo mitikoa bat-bikoa egiten ikusi ahal izan genuen 1 SHADAD eta 2 ZALEJ AL CHAM faboritoekin. Irabazle zuri-beltza erraz nagusitu zen eta bere arerioak baino gehiago dirudi. Charles Gourdain prestatzailearentzako garaipena, bertatik ikusi ahal izan zuena.
2.Lasterketa Sheika Fatima Bint Mubarak Cup 1.600m

Arabiarren bigarrenean sorpresa eman zuen 6 GUINESS D´VIALETTESek. Bere debutean irabazteko gai izan zen, Al Shaqab Racingeko 2 HAZZAM faboritoaren aurretik muturra sartuz (literalki).
3.Lasterketa Balada saria 1600m

Gure analisian esaten genuen 3 BREY DE VALIENTEk iaz honen pareko karrera oso berdintsua irabazi zuela, orduan ere lur bigunean. Handikapetan kostatzen ari zitzaion garaipena, baina estatuan jaiotakoen kontra nagusitu zen Melgarejoren gidatze trebe bati esker pistaren erditik. Gero eta hobeto ari da 21 urteko jockey sevillarra. Bigarren 6 MUGUETAJARRA gaztea izan zen gorputz terdira, bere faboritismoa berretsi ezinik. Hirugarren 5 JUST ONE LOOK irabazteko zorian dagoela erakutsi zuena baina “bere” denboraldia bukatzera doa, orain sasoi betean dagoenean. Lastima. 1 CAÑEDOk huts egin zuen, agian distantziaren luzera, pisua eta pistaren egoera kontra bihurtu zitzaizkion.
Bere tokian: BREY DE VALIENTE / Huts: CAÑEDO / Jarraitzeko: JUST ONE LOOK
4.Lasterketa Galarreta Jai Alai saria 2000m

Protagonista berdintsuak izan zituen aurreko handikaparen fotokopia ikusi genuen, bakarrik aldaketatxo batekin: lehenengo eta bigarren postuak trukatu egin zirela. Horrela oraingoan 2 RAPPEURek aurre hartu zion 9 JASMINE faboritoari. Eta hirugarren, orduan bezalaxe, 10 BELGE MENCI geratu zen. Irabazlean distantzia handia lortu zuen bigarrenarekiko, hasieratik bukaerara tropela gidatuz eta arerioak aise menpean hartuz. Beste biko bat entrenatzaile portugaldarrentzat, Pereira eta Vaz oraingoan, aurtengo handikapetan konstante bat izan dena. Badirudi udan bertan ostatu hartzeak on handia egin diela beraien zaldiei.
Bere tokian: BELGE MENCI / Huts: PALACE GUARD / Jarraitzeko: LAGERTHA GIBRALTAR
5.Lasterketa Groupe Carrus saria 1200m

3 VIRREYk Eusko Jaurlaritzaren “kontsolamenduzkoan” lortutako garaipena errepikatu egin zuen Carrus sari honetan. Janacekek ez zuen aparteko arazorik izan lote labur hau kontrolateko. Itxura ona eman zuen beste behin. 1 KING MALPIC erretiratua izan zenez, bakarrik bost izan ziren parte hartzaileak. 6 PRESIDENCY zaharrak beste bigarren postu bat -laugarrena konfinamendutik- eskuratu zuen bere pisu arinari esker baina irabazlea benetan estutu gabe. 2 BILLYCOCK HILLek karrera grisa egin zuen hirugarren postu merke bat eskuratzeko balio izan ziona. Ez dabil oso fin Arizkorretaren bost urteko zaldi hau, gehiago espero genuen berarengandik.
Bere tokian: PRESIDENCY / Huts: BILLYCOCK HILL / Jarraitzeko: VIRREY
Argazki Galeria
Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar