
Oso giro politean joan da denboraldiko azken jardunaldia. Donostiako Sari Nagusia, hemengo klasiko handiena, zen hitzordu nagusiena eta ez zuen dezepzionatu, lasterketa ikusgarri batekin. Sarrerak agortuta, animazioa nabaritu zen azken igande honetan. Eguraldi lainotsua eta pista egoera onean (3,4). Azken jardunaldietan bezalaxe, jockey gehienek kanpoaldeko errailak bilatu zituzten, ahalik eta lur lauenaren bila.
1. Lasterketa: Nagore Otaño saria

Kontatzeko gutxi. Parabak eta Algaidaren aurreko buruz-burukoa errepikatu zen bete-betean. Aldaketa bakarra, Algaidaren zelan Lara Martinez zegoela, Covadonga Bovilleren ordez. Gainontzerakoan lasterketaren garapena berdintsua izan zen eta Algaidak hartu zuen kanpoko errail irabazlea Sarabia berriz ere pistaren erditik etortzen tematzen zen bitartean. Garaipen erraza Arizkorretaren behorrarentzat (hirugarrena uda honetan) eta beste bigarren frustragarri bat Sarabiaren zaldiarentzat, beste ibilbide bat izanez gero garaipena eskuan zuen eta. Hirugarren Lucky Lawyer aitonak eraman zuen, ihesaldiari etekina atereaz.
Bere tokian: Algaida / Huts: Ascension Directe / Jarraitzeko: Parabak
2. Lasterketa: Errazu obras saria

Natural Talentek arratsaldeko bigarren garaipena eman zion Guillermo Arizkorreta entrenatzaile donostiarrari. Ohi bezala, debut ezin lasaiago baten ondoren, bere bigarren irteera honetan asko hobetu zuen eta nahikoa izan zitzaion lote benetan eskasa atzean uzteko. Salbuespen bakartzat Red Light debutaria aipatuko dugu. Martin Vidaniak entrenatutako moxal hau hotz irten zen, baina bihurgunearen ostean kanpotik erraz aurreratzen zetorren, 200 metro faltan irabazlearen parean jartzeraino, pasatzeko itxurarekin. Baina hor kikildu egin zen esperientzia faltagarik eta bigarren postuan geratu zen. Hirugarren Galdonatarren El Corro sartu zen, bere aurreko bi azken postu beltzak gezurtatuz. Gainontzerakoak, ahazteko modukoak.
Bere tokian: Natural Talent / Jarraitzeko: El Corro, Red Light
3. Lasterketa: 14+1 Comunicacion saria

Aladiernak garaipen erraza eman zion Christian Delcher entrenatzaileari bere 13 ecarta amaituz. Ignacion Melgarejo bizkor ibili zen behorrari ibilbide eroso bat eman eta egiaren momentuan errail onenetan sartzeko. Bihurgunea barru-barrutik egin bazuen ere, berehala erdirantz atera zuen belar laua bilatuz, hor Hatharen parean jarriz. Biek lehia polita izan zuten 100 bat metrotan, baina Aladiernak indar handiagoz amaitu zuen eta helmugan bi gorputzeko aldea sartu zion. Hatha portugaldarra Fayosekin berriz bigarren izan zen metro murrizketa eskertuz eta Royal Destiny herrikidea berriz ere hirugarren. Bi portugaldarrek eskertuko lukete denboraldiaren luzapen txiki bat, irabazteko baitaude. Pulsing Dragonek aldiz ez zuen ibilbide eroso bat izan eta laugarren tokian bukatu zuen.
Ber tokian: Aladierna / Huts: Pulsing Dragon / Jarraitzeko: Hatha
4. Lasterketa: Serbilau Soc. Cooperativa saria

Festa portugaldarra bete-betean. Aurtengo handikapetako ezaugarri nagusia izan da eta halaxe izan zen denboraldiko azken honetan ere. Lehenengo hiruak portugaldarrak eta aurretik pistan irabazleak hiruak ere. Esaten ohi da denboraldi amaiera hauetan zaldiek dakarten sasoia izaten dela garrantzitsuena pisu eta distantzia kontuak baino gehiago. Eta kasu honi erreparatuta arrazoia eman behar. Iron Rockek denboraldi sinestezina borobildu zuen beste garaipen batekin! Udako 6 lasterketetatik 3 garaipen, bi bigarren eta hirugarren bat. 14.200 € saritan. Pozik egoteko arrazoiak baditu Helder Pereira entrenatzaile portugaldarrak eta baita Fayosek ere, bere azken bost karreretako jockeya. Gainera Pereirak bigarren postuan Such Promise ere sartu zuen, udan ia beste 6.000€ fakturatu dituen zaldia. Hollokok bere bolada onarekin jarraituz, hirugarren egin zuen Gelabertekin, Timple Canarias atzean utziz. Ez da pozik egongo azken honen entrenatzailea -Oscar Anaya- Sousak egindako ibilbidearekin, ustekabean barruko errailak aukeratu baitzituen nahiz eta azken jardunaldiotan guztioi argi geratu hilobi bat direla.
Bere tokian: Holloko / Huts: Nyala / Jarraitzeko: Timple Canarias
5. Lasterketa: Donostiako Sari Nagusia

Denboraldia amaitzeko klasiko handi bat, bere 103. edizioan: Donostiako Sari Nagusia. Faboritoak ez zuen huts egin eta saria Pariseko Mauri Delcherren zalditegira eraman zuen. Entrenatzaile ospetsua Zubietan izan genuen bere zaldiari begirik kendu gabe. Erabateko nagusitasuna erakutsi zuen Iskandrerhon honek azken zuzenean, barrutik kanpora, nahi bezala aurre hartuz jada estututa zetorren tropelari. Grosjeanek zekarren abantaila handiarekin garaipena ospatzen zeharkatu zuen ispilua. Beste maila bat. Atzekoen artean distantzia luzeegia egin zitzaion Putumayori, urteak pisutsuegi Tuvaluri eta gogorregia erronka Kosciuszko iradokitzaileari. Gauzak horrela, Federico zaharra eta Eluan fondista aurkitu ziren bigarren lerro batean borrokan, irabazlearengandik urrun. Martulen lau urtekoa nahi baino dantza gehiago eginez zetorren, ahituta. Eta tropelaren sotoetatik Sarabia bere We Know kilometrojalea zekarren zerraldoak banaka-banaka gaindituz. Federicok bigarren postua poltsikoan zuenean Eluanek barrurako errekorte bat egin zuen We Knowri traba eginez. Komisarioek falta argi ikusi zuten eta Eluan laugarren postura bota zuten Sarabiarenaren mesedetan. Lasteketa ikusgarria, beti bezala. Eta nagusitasun ikaragarria Iskanderhonena. Mauri beste behin ere ez zen erratu bere kalkuluetan eta ondo irabazitako bere bisitari sonari eutsi zion. Veni, vidi, vici esango zuen, Julio Cesarren antzera. Gogoz gaude zaldi hau Frantziako proba gogorragoetan ikusteko. Beste udako sari handietan bezalaxe, kopa Frantziara joan zen. Drama bat Espainiako turfzale banderadun batzuentzat baina errealismo eta normaltasun seinalea gehienontzat. Gainera denboraldiaren ikusgarritasuna eta maila igotzen lagundu dute eta beti da eskertzekoa hori. Ongietorriak beraz. Kontuak kontu, hiruko potoloa osatu zuten faboritoak, Federicok eta We Knowk: 528€koa, arratsaldeko handiena. Hori pagotxa!
Bere tokian: Iskanderhon / Huts: Putumayo / Jarraitzeko: Iskanderhon, We Know
Argazki Galeria
Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar Argazkia:Dabid argindar