- 2020/06/07
- Zubietako Hipodromoa
- ACPSIE Sari nagusia

Leonek hat-tricka
Hirutan pasa zen entrenatzaile kanariarra irabazleen gunetik (esateko modu bat baino ez da ate itxiko garai hauetan sari banaketarik ez baitago). La Mal Querida, Obanos eta Atty Perserekin. Zalantzarik gabe jardunaldiko protagonista bera izan zen. Bera eta pistaren egoera, aurreko egunetan botatako euriaren ondorioz oso biguna baitzegoen (4,0), dudarik gabe lasterketak zeharo baldintzatu zituen faktorea. Beste lasterketa egun arrotz bat, ikuslerik gabe, aposturik gabe eta jockeyen arteko garraxiak soinu banda bakar gisa basamortutako harmailetan.
Iruin Sagardotegia Saria (moxal arrak)

Pronostikoek aurreratu bezala Abuk ez zuen areriorik izan. Hasieratik punta hartu zuen eta 400 metro falta zituenean Sousa atzeraka begira zegoen jada. Sousak programan azaltzen zen Gelaberten lekuan aritu zen, bigarren hau min hartuta baitabil. Oso itxura ona utzi zuen eta sari handietarako merezitako txartela eskuratu du. Gainontzerakoetan aipatu Varijoun debutariaren karrera ona, nahiz eta zuzenean dantza piska bat egin eta Kukoren bapateko hobekuntza, kanpotik erremate txukuna utziz.
Bere tokian: ABU
Huts: PIROPO
Jarraitzeko: VARIJOUN, KUKO.
Equinvest Saria (moxal emeak)

Bigarrenean sorpresa itzela eman zuen La Mal Amadak. Urte hasierako bere bi irteeretan ez zuen arrastorik utzi, baina Zubietako lokatzean bere hautagaitza atera zuen sari handietarako. Bere ama Midgardek (Galileo) orain arte produktu nahikoa arruntak eman ditu (Maiar eta Gamelin) baina badirudi arreba txikienak denak hobetuko dituela. Rodriguezen patioko Elmira eta Elle Rulesen arteko buruz-burukoz zirudienean, kanpo-kanpotik erremate dotorea utzi zuen Sousarenak, gorputz bateko aldea atereaz Elle Rulesi. Ramiriqui faboritoak zuzen osoa dantzan pasa zuen, finkotasunik gabe, laugarren geratzeko.
Bere tokian: ELLE RULES
Huts: RAMIRIQUI
Jarraitzeko: LA MAL AMADA.
Baileys Horsesuit Feeds Saria (Handikap, 2. zatia)

Ezustekoa ema zuen ere Garmar zaharrak handikaparen bigarren proban. Gustuko dituen parametroak topatu zituen: distantzia, lokatza eta puntan bakarka aritzea; bere balio zaharretara itzultzen hasteko. Azken urteotan beherakada handia izan ondoren (Velayos irabazitakoa zen eta Villamejorren bigarren) Ramon Costa kataluinarrak (Costa La Vall) fitxatu eta berriz gora etorri da. Zazpi urte dituela uste dugu igotzen jarraituko duela. Bere prestatzaileak, beste behin, Zubietako denboraldirako etxekolanak eginda ekartzen dituela frogatu zuen. Efraín José Arguinzones venezuelatarrarentzat aurtengo lehen garaipena. Beste bigunzale bat, Ivan el Terrible izan zen bigarren eta hirugarren Bella Baronesa, nahiz eta handikapean zanpatua irten.
Bere tokian: IVÁN EL TERRIBLE
Huts: SIR MAURO
Jarraitzeko: GARMAR, BELLA BARONESA
Feeds-Dodson and Horrel Saria (Handikap, 1. zatia)

Faboritoak eraman zuen maila altuko handikap hau. Baina argazkia behar izan zen Urban Rockek (Ferreira) edo Obanosek (Janacek) irabazi zuen jakiteko, azken momentuan sudurra aurretik sartu baitzuen azken honek. Txekiarrak horrelako gutxi galtzen ditu. Leonen zaldiak bere mailarik altuenera itzuliko da garaipen honekin, negutik zekarren sasio onarekin jarraitzen duela frogatuz. Handikapetik hanka atera du eta ez litzateke harritzekoa Urrezko Kopan ikustea, duela bi urte bezalaxe. Urban Rockek aldiz lokatzetarako duen zaletasuna berretsi zuen beste behin, pistako bere debutean. Hirugarren, oso atzetik, erremate luze batekin Stonebridge izan zen, metro gehiago eskatuz, Orange Run aitonak bezalaxe.
Bere tokian: OBANOS
Huts: EXITENTIAL
Jarraitzeko: STONEBRIDGE, ORANGE RUN
AEPCC Saria

Aldez aurretik oso lasterketa interesgarria zirudien sari handiei begirako prestakuntzazko hau. Irteeran luxuzko partaideak: GP Madrileko bi irabazle, Urrezko Kopako kokatuak.. eta luxuzko jatorriak: Frankel, Sea the Stars, Shirocco, Motivator… Baina momentua iritsi zenean ez zen emozio izpirik izan, Atty Perssek, hasi eta buka, arnasik gabe utzi zituen hasiera-hasieratik. Frankelen semeak oso gustukoa du Zubietako ibilbidea, luzera hau eta hemengo freskura. Urrezko Kopan berriz ikusiko dugu, baina han berrehun metro gehiago hain sutsuki osatzeko lanak izango ditu. Egia esan, arerorik ez zuen izan. Batetik, Sousak Tuvaluren gainean lasterketa osoa pasa zuen bere zelari begira, mugitu baitzitzaion eta arreta handiagoa jarri zuen ez erortzen lehiatzen baino. Zascandil eta Tregua, aldiz, berragerpen oso lasaia egin zuten atzeko aldean eta Atty Perssen erritmo bizia ikusita mus eman zuten. Gauzak horrela, bukaeran, We Know apalagoak aprobetxatu zuen bigarren tokia lapurtzeko.
Bere tokian: ATTY PERSE
Huts: TREGUA
Jarraitzeko: ZASCANDIL