zaldilasterketak.eus

2020 Royal Ascoteko laburpena

MOMENTU GORENAK

QUEEN ANNE

Aurtengo meeting-a indartsu hasi zen. Beharbada “Queen Anne”-en azken urteetako ediziorik onena izan ez zen arren (hiru 1G irabazle bakarrik taldean), Moorek eta Dettorik, Dettorik eta Moorek oparitu ziguten azken metroetako emozioa izugarria izan zen. Egungo bi jockey onenak beren esentziarik onenean. Circus Maximus eta Terebellum ez dira Solow, Tepin edo Canford Cliffsen izar mailako zaldiak baina ederki asko erakutsi zuten beste guztien gainetik daudela eta 1G mailako zaldi sendoak direla. Udazkena iristen denean, miliako 3 urteko onenek badakite nor izango duten aurrean.

Ez galdu azken metroak.

KING’S STAND

Gure Battaash, indarra eta kemena. Bi urtez bigarren izan ondoren, aurten ez zegoen inor oztopatuko zuenik bere nagusitasuna. Lasterketaren analisian aipatu genuen bezala, izaera bereziko zaldia da. Ezin du etxetik kanpo lo egin adibidez. Gau oso txarrak izaten ditu eta bere gaitasunak egunean bertan bidaiatzen duenean ikusten ditugu bakarrik. Hazitarako lanak ere ez zituen gustoko (antzua) izan. Baina lasterka, nola egiten duen! Onenean badago, ez dauka parekorik 1000 metrotako esprintetan. Jenio bat jenio kontuekin.

Ikusi zelako indarrarekin burutzen duen lasterketa osoa Battaashek (1 zenbakia). Ikaragarria.

PRINCE OF WALES

Coolmoreko zaldi zaharren arteko izar berriaren berrespena ikustea espero genuenean, izar berri bat jaio zaigu. Gosden maisuak, ohiko neurturiko pazientziarekin planifikatu du Lord North-en ibilbidea bere debutetik eta puntugorenera iritsi da, berriz ere bere zaldi batekin.

Erritmo oneko lasterketa burutu ondoren, 400 metro faltan zaldi guztiak garaipenerako aukera zutela zirudien arren, Lord Northek egundoko erritmo aldaketarekin, denen gainetik pasa zen.

Ez galdu izar berri baten jaiotza.

GOLD CUP

Egin al daiteke esprinter baten moduko erritmo aldaketa bat maila goreneko maratoi bateko azken 400 metroetan, pista bigunean eta euripean? Stadivariusek bai. Azken urteetako stayer handienak hiru Ascot Gold Cup pilatu ditu jada eta Yeats handiaren lau garaipenak berdintzeko prest agertuko da 2021ean.

4000 metroak bere osotasunez gozatzeko.

COMMONWEALTH CUP

2016ean sorturiko lasterketa berri honek, miliarako gaitasuna ez duten 3 urteko zaldien programa indartzeko (eta zentzua emateko) asmoarekin sortu zen. Oraingoz saiakerarekin bete betean asmatu dutela esan daiteke. Aurtengo edizioaren emaitza “berrogeialdian” utziko dugu zertxobait, orain arteko programa falta izan baita. Zaldi gehienak urteko lehen lasterketa zuten edo egun gutxitan lehiatzetik zetozen eta ikusteko dago oraindik zein diren onenak. Denboraldia aurrera doan heinean ikusiko dugu.

Zaldi freskoenak abantaila izan ote zuten?

CORONATION

Normalean lasterketa honetan, euren herrialdeko lasterketa klasikoak lehiatzetik etortzen diren 3 urteko behor milialari onenak elkartzen dira. Aurtengo klasikoetarako Jessica Harrington irlandarrak 3 hautagai zituen garaipenerako aukera handiekin baina Millisle gaizki aritu zen Ingalaterran, Albigna are okerrago Irlandan eta Alpine Star lehiatu gabe gelditu zen lesio txiki baten ondorioz. Denboraldi hasierako garapen txarra uxatuz, Harringtonek badu 3 urteko eme garrantzitsua Alpine Starrekin.

Alpine Starek lortutako garaipen bera, bere ahizpa Alpha Centauri-k sinatu zuen 2018an.

ST.JAMES PALACE

Arren kasuan, St.James Palace izaten da ar klasiko miliarien batunea. Behin Kameko, 2000 Gineetako irabazlea Derbyra bidean dagoela, aurtengoa Wichita eta Pinatuboren elkarreko lehen errebantxa bezela aurkeztu zen. Hala ere ez zeuden beraiek bakarrik, faboritoen artean Gosden maisuaren (berriz ere) “izar berri bat prozesuan” estiloko moxal bat agertzen zen, Palace Pier. Newmarketen 2000 Gineak ospatzen ziren egun berean, Gosdenek aproposagoa ikusi zuen Newcastleko pista sintetikoan handikap batean lehiatzea. Izan ere, Palace Pier gaztetxoaren esperientzia eskasa (bi lasterketa iaz) Pinatubo eta konpainiaren aurka horren goiz lehiatzea gogorregia zela pentsatu zuen. Hiru zaldi hauek egundoko ikuskizuna eskaini zuten Ascoten.

Palace Pier (2) vs Pinatubo (3) vs Wichita (7)

DIAMOND JUBILEE

Hasiera batean izar handirik gabeko edizioa izan da aurtengoa, non zaldi gehienak Urritik lehiatu gabe aurkeztu ziren. Ikusiko dugu urtea aurrera joan ahala 6 furlongetako sprint hauetan norbait bere nagusitasuna erakusten duen baina maila berdineko zaldi ugari dagoela dirudi. Emozioa bermatua dago.

Helmugaraino ez zen jakin nork irabaziko zuen.

ZER IKASI DUGU AURTENGO EDIZIOAN, LAU IKASPEN AZKAR

JOCKEY GAZTEAK PREST DAUDE

Nazioarteko jockeyak bidaiatzeko ezintasunak bere alde positiboa izan du, izan ere jockey gazteek ez dute aukerarik galdu bere prestutasuan adierazteko. Oisín Murphy (25) eta Tom Marquand (22) aski ezagunak dira eta punta puntan aritzen dira jada baina beste batzuk ere ederki asko eskertu zuten beraienganako konfidantza: Kevin Stott-ek (25) bi garaipen lortu zituen eta bana lortu zuten Thore Hammer-Hansenek (20) eta Hollie Doyle (23) eta Rossa Ryan (19) neskek. Garaipenik gabe baino kokapen esanguratsuak lortu dituzte ere: Cieran Fallon (20), Jason Watson (20) eta David Egan (20). Etorkizun handiko gazteak.

PROGRAMAREN BERRANTOLAKETA

2020ko geldialdiak lasterketen programa hankaz gora jarri du eta horri erantzuna emateko, 3 urteko zaldientzat erreserbatutako handikap lasterketak gehitu dira aurtengo meetingean. Kasu bat baino gehiagotan berdinduriko lasterketa baten emaitzak ikustetik urrun geratu gara, zaldien arteko distantzia luzeak egon bait dira horrelako lasterketen helmugan. Normalitatera bueltan egongo garela espero dugu 2021ean.

ZUZENGUENAK, TRIBUNALDEKO HESITIK GERTU HOBE

Nork ez du entzun inoiz zaldiren bat ez dela ondo egokitu Zubietako pista berezira? Askotan, erabilera errazegiko aitzakia perfektua eta gogaikarria guretzat. Bada, Ascoti ere bere alde “iluna” ikusi diogu. Izan ere, 1000 eta 1200 metro arteko lasterketetan joera handi bat eman da tribuna aldeko zonaldean lehiatzen zirenak abantaila izan dutela esateko. Bi adibide, Palace of Holyroodhouse Handikapean lehen sei sailkatuak 19-21-11-20-22-18 irteera postuak zituzten (21 partehartzaile); eta bigarrenik, Diamond Jubileeko lasterketaren bideoan ikusten den bezala, denek bilatzen zuten tribunaldeko zonaldea.

NANDO PARRADO

Urtero ikusten da bitxikeriaren bat tribunetan baina aurten hutsik izanda, Nando Parrado izeneko zaldi batek jarri zuen, 150/1 ordainduz bere garaipenean. Inork (gutxik) espero zezakena.

2020 Royal Ascoteko laburpena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top