Luzea izan da negua zaletuontzat baina iritsi zaigu udaberriko garairik erkargarriena, lastereketa Klasikoak. Bizitzan behin parte hartu daitezkeen horiek, hain zuzen.
2000 GINEAK, NEWMARKET (GB)
Bazen garaia maila honetako lasterketak ikusteko Europa zaharrean eta beti bezala, ikuskizunak ez zuen huts egin. Lasterketa irekia, lehia benetan bizia azken 400 metroetan eta emozio gazi gozoa fotofinisharen eskutik. Buruz buruko ederra eskaini ziguten POETIC FLARE, MASTER OF THE SEAS (W.Buick) eta LUCKY VEGAk (S.Foley) Newmarketeko azken aldapan. Jockeyak oso fin aritu ziren eta agian kemen handiena izan zuen zaldiak irabazi zuen azkenean. Ikustekoa da helmuga igaro eta metro gutxietara nola POETIC FLAREk guztiz makaltzen duen bere abiadura, 1600 metroak bere gaitasunaren limitean daudenaren seinale. Zaila izango da distantzia luzeagoko lasterketetan ikustea. Lehen hiruren arteko errebantxa baten zain geratzen gara.
Belaunaldi berriak dituen ziurgabetasunaren eta parekotasunaren adierazgarri, faboritismoa oso banatua zegoen lasterketa aurretik eta horrelakoetan badira beti arrakasta bereganatzeko gai diren zenbait entrenatzaile. Aurtengoan Jim Bolger beteranoak eraman zuen saria bere osotasunean bere ikuilura, entrenatzaile, hazitzaile eta jabe bezala. Jockey bezala ez zuen lortzerik izan baina lan horretan aritu zena bere suhia den Kevin Manning (54) izan zen. Biak ohituta dadude isilean lorturiko garaipen handiak lortzen urteetan zehar eta askotan, honakoan bezala, ehuneko ehunean etxean hazitako arbaso eta zaldiekin. Bejondeiela.
1000 GINEAK, NEWMARKET (GB)
Belaunaldiak igarotzen dira baina aurtengoan ere O’Brienen eme bat garaile, azken 6 urteetan 5. garaipena erdietsiz. Hasiera batean SANTA BARBARA zirudien Ballydoyle ikuiluko aukerarik nabarmenena (2/1 takiletan) baina oraindik honelako zita baterako oso samur dagoela agerian utzi zuen. Entrenamenduetan denak harritzen omen ditu baina lasterketa bakarreko esperientzia ez zen nahiko izan lehiaketaren egunean. Gidaritza ere, hau kontutan hartuta izan zen eta Ryan Moore ez zen batere fin aritu apustuzaleen begietara baina bai behorraren etorkizunera begira.
MOTHER EARTH berriz guztiz kontrako perfila zuen, 8 lasterketa iaz eta eskarmentu handia Newmarketerako, aurreko urteetako O’Brienen irabazleena bezala. 400 metroren faltan hartu zuen lehen postua eta profesionaltasun handia erakutsiz, Fankie Dettori festan apuntatuz berriz ere, aurkarien eraso guztiei aurre egin zien. Garaipen honekin Zoffany hil berriak bere lehen garaipen klasikoa lortu du bere alaba baten bitartez.
KENTUCKY DERBY, CHURCHILL DOWNS (EEBB)
3 milioi dolarreko lasterketa bat 1000 dolarretan erositako zaldi batek irabaziko balu? Bada horixe gertatu zen pasa den larunbatean Estatu Batuetako lasterketarik entzutetsuenean. Zaldiak MEDINA SPIRIT izena du eta filme baterako istoria idatzi du jada. Urtebeterekin salmentan jarri zutenean 1000$tako balioa besterik ez zuen lortu enkantean, bere fisiko motel eta arbaso kaxkarrak behartuta.
2 urterekin aurre-entrenamenduan egon eta gero, 35.000$ko balioa lortu zuen enkante berri batean. Alde nabarmena, baina oraindik ere lasterketa nagusietarako aukera gutxi ikusten zitzaizkion. Arraroa izan daitekeen arren, Bob Baffert entrenatzaie bikainaren ikuiluan aurkitu zuen bere lekua eta segituan irabazi zuen bere lasterketa bakarra 2 urterekin. Aurten bere mailak goraka egiten jarraitu du etengabean prestaketa lastereketetan, 14/1 balioa lortuz zita handirako.
Baffertek bere zazpigarren Kenteucky Derby garaipena lortu du aurtengoarekin eta John Velazquez jockey puertoricoarrak laugarrena, gidaritza ezinhobe batekin, amerikar erara lehiatutako lasterketa tipikoan. Jarraipena egin beharko diegu Koroi Hirukoitzeko hurrengo lasterketetan, Maiatzak 15eko Preakness Stakesen hasita.
PRIX GANAY, LONGCHAMP (FRA)
Frantziako lehen Klasikoak izateko beste bi aste falta dira oraindik baina asteburu honetan bueltatu dira maila goreneko lasterketak Parisera. Azken bi urteetan Ganay sariaren irabazlea izan da ondoren Arc de Triompheko garailea (Waldgeist 2019 eta Sottsass 2020) eta berriz ere aurtengo Urriko zitan zer esana izan dezakeeen zaldi batek irabazi du, MARE AUSTRALIS. Australiaren semeak nagusitasuna erakutsi zuen lasterketa osoan zehar erritmoa markatuz eta azken metroetan lehiakide guztiak kontrolpean izanda. 400 metroren faltan MOGUL faboritoa eta iazko Arc de Triompheko hirugarrena GOLD TRIP gainera zetozkiela zirudienean, erritmo aldaketa ederra erakutsi zuen, garaile sendoaren irudia utziz dudarik gabe.
4 urteko honek bere seigarren lasterketa besterik ez zuen igandekoa eta indarrez sartu da Arc de Triompheko faboritoen taulatxoan. Andre Fabre bere entrenatzaileak hobekuntza espero du zaldi honengan urtean zehar, izan ere oso fisiko “atzeratua” duen zaldia da eta gutxitan lehiatu da arraozi horrengatik, ez du inolako lesiorik izan inoiz.