- 2020/06/10
- Zubietako Hipodromoa
- Sari Nagusia: AEPCC
Pista pisutsua berriz
Hirugarren eguna Zubietako hipodromoan, hau ere ateak itxita. Aurrekoak bezalaxe egoera guztiz arrotza, non jockeyen arteko garraxiak ozen entzuten ziren harmaila mutuetan. PMU jardunaldia eta, honetan bai, horretarako apostu leihatila zabalik, hipodromoan zegoen jende urriak jokatzeko aukera izan zezan. Aurreko igandean bezalatsu, oraingoan ere lurraren egoera protagonista, botatako euriarekin oso pisutsu baitzegoen (4,3).
1. Lasterketa: Barilone saria (2 urtekoak)

Pronostikoek aurreratutakoa bete zen eta SCALACH eta FORCE CAT en arteko buruz-burukoa izan zen, Fayos eta Janaceken artekoa. Zuzenaren erdian Martul jakatxodun SCALACHek irabazle itxura bazuen ere, langaren ondotik FORCE CATek erronkari eutsi eta indarrez eutsi zion, azkenean garaipena eskuratuz. Gainontzerakoak, oso atzean, ez zuten ezer aipagarririk esan. SCALACH irabazle itxurarekin bazetorren ere bere errematea ez zen egonkorra izan, lokatzarengatik edo. FORCE CATi aldiz, ahokoa atera zitzaion eta Fayosek malabarrak egin behar izan zituen helmugara bultzaka iristeko.
Bere tokian: FORCE CAT / Jarraitzeko: SCALACH
2. Lasterketa: Suances Saria (3 urtekoak)

Goizeko sorpresa UNTITLEDek eman zuen (31/1 irabazlea!) Fonseca gaztearen gidaritzarekin. Gazte hau ere fin dabil. Jatorri bikaineko moxala, orain arte ezer gutxi esan zuen Frantziako lasterketetan (Durepayre eta Graffarden eskuetatik pasa ostean) eta Madrilgo aurkezpenean, jadanik Mario Julio Perez beteranoaren patioan. Aise irabazi zuen apartekoa ez dirudien lotea menpean hartuz. Zaila egiten da halako garaipenari neurria hartzea, baina proiekzioa duen zaldia dirudi. Bigarren, beste karrera batean, ABUNDANCIA izan zen, bezperetan bere jabe donostiarrak zioen bezala, lokatzetan ezin gusturago. Hirukoa Cerqueiraren CHICAGO DREAM (Dream Ahead) debutariak osatu zuen. Aipatzekoa KOHOOF faboritoak kolpea hartu zuela irteerako ateetan eta berandu ateratzeaz gain, zela mugitu zitzaion Ferreirari. Beraz, ezin aintzat hartu bere lasterketa hau.
Bere tokian: ABUNDANCIA / Huts: INTOCABLE / Jarraitzeko: UNTITLED
3. Lasterketa: Persian Ruler Saria (handikap 2. zatia)

Emozioz beteriko azken metroak eskaini zizkiguten Ricardo Sousak (NYALA) eta Vaclak Janacekek (PORT GRIMAUD) handikaparen bigarren zati honetan. Argazkiari ere kosta zitzaion aurretik zeinen sudurra iritsi zen argitzeko. Ezohiko itxaronaldiaren ostean NYALArentzat izan zen garaipena tarte ñimiño batengatik. Irabazleak Zubietako pista atsegin duela berretsi zuen eta PORT GRIMAUDek bere zorte txarrarekin darrai, hirugarren aldiz jarraian hirukoan. Uda honetan seguru biak berriz helmugan borrokan ikusiko ditugula. Bi lehenengoen borrokatik urruti Fayosek LADY MARENGO ekarri zuen hirugarren izatera eta ezustean Puenteren STORMY DANCE beterano eta maidenak laugarren lekua eskuratu zuen.
Bere tokian: PORT GRIMAUD / Huts: ARS SUCCESS / Jarraitzeko: NYALA, STORMY DANCE
4. Lasterketa: Chacal Saria (handikap 1. zatia)

Beste borroka eder bat, oraingoan Fayos eta Sousaren artean. Honetan ere norgehiagoka portulgaldarrarentzat . Bere abiadura aprobetxatuz irteeratik puntan jarri zuen CITY GENT eta bihurgunearen ondoren kanpoko errailetik ondo eutsi zion helmugaraino. Zuzenaren erdian, bere itzalean etorritako BATTLE OF WATERLOO parean jarri zitzaion eta momentu batez CITY GENT gaindituko zuela zirudien, baina azkenean amore eman behar izan zuen Alvela zalditegi donostiarreko zaldiaren aurrean. Irabazlea oso faboritoa zen leihatiletan (2,5/1) eta handikapean zuen posizio erosoa aprobetxatzen jakin zuen. Hirugarren, atzerago, CAÑEDO etorri zen. Sasoi onean dabil eta aurki irabaziko du, zoru lehorragoa aurkitutakoan. RADAMES faboritoa erretiratu egin zuten.
Bere tokian: CITY GENT / Huts: LEITZA / Jarraitzeko: CAÑEDO
5. Lasterketa. AEPCC Saria

Ziztu bizian irten ziren atetxoetatik bai BRIAREO gaztea eta baita ARAB POET. Bihurgunearen ostean kanpoko errailak bilatu zituzten eta bazirudien beraien artekoa izango zela lehia, baina azken metroetan hasierako esfortzuak ordaindu eta erregairik gabe geratu ziren biak. Atzetik boteretsu azaldu zen BILLYCOCK HILL, aurrekoak nagusitasunez gainditu eta lasai asko irabazteko. Beste behin Janacek maisu, ikusi zuen aurrekoen erritmoa biziegia zela eta atze-atzean itxaron zuen, irabaztera etortzeko denak mingaina kanpoan zutenean. Arizkorretaren zaldi hau izugarri erregularra da eta gutxitan huts egiten du. Lote honen gainetik dagoela erakutsi du baina sari handietarako ez zaio iristen, hortaz horrelako lasterketen linboan borrokatzea beste programarik ez zaio gelditzen. ARAB POET, bigarren, berriz ikusi nahi dugu pista honetan baina zaldizko profesional batekin. Bukaera polita utzi zuen POWERFUL SOLEk hirugarren lekua eskuratzeko. BRIAREO gaztea alaiegi aritu zen esprint honetako puntan eta amaieran ordaindu zuen ausardia, baina gustatu zitzaigun.
Bere tokian: BILLYCOCK HILL / Huts: CUPACOFFEE / Jarraitzeko: ARAB POET, POWERFUL SOLE