zaldilasterketak.eus

4. Jardunaldiko kronika + Argazki Galria

1. Lasterketa: Urumea Saria

4 Jardinaldia
RED ONION. Argazkia: Dabid argindar

Nagusitasun osoz gailendu zen Red Onion sei urteko zaldia. Egia esan, beti oso ondo korritzen du Zubietan, hiru urtetan segidan irabazi baitu bertan. Eta berdin zaio 2.200 eta 1.600 metro. Bere aurkariak baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen beste behin. Bere izena letra lodiz idazten da, bi urte zituela Chantillyn Listed irabaztea lortu baitzuen. Eta horrelako “lodi” gutxi dago paraje hauetan. Pistaren erditik Merisi nagusitzera zetorrela zirudienean atze-atzetik Borja Fayosek irabazlea kanpotik ekarri zuen lasaitasun osoz, agerian utziz distantziak ondo neurtuta eta dena kontrolpean zeukala.

Bere tokian: Merisi / Huts: Impressionant / Jarraitzeko: Red Onion

2. Lasterketa : Bidasoa Saria (salmentakoa)

4 Jardinaldia
KUKO. Argazkia: Dabid argindar

Aurrez buruz-buruko bat iragartzen genuen Prodigious eta Kuko zaldien artean eta hala gertatu zen. Lehenengoak nabarmen huts egin zuen eta Francisco Jimenezek gidatzen zuen zaldiak erraztasun osoz gailendu zitzaion. Beste guztiak urruti, maila oso eskasa erakutsiz. Apartekorik ezin aipatu lasterketa honetan. Ez dakigu faboritoak distantzia luzatzea ordaindu ote zuen edo honez gero bere onenak emanda dauzkan, baina porrot galanta jaso zuen. Kontua da Kuko garaipenarekin topatu egin zela, aparteko meritu berezirik egin gabe.

Bere tokian: Kuko / Huts: Prodigious / Jarraitzeko: inor ez

3. Lasterketa : Urola Saria (handikap 2. zatia)

4 Jardinaldia
ZINZA. Argazkia: Dabid argindar

Beste karrera bat oso maila eskasekoa. Aurretik ere esaten genuen pronostiko bat ematea loterian jokatzea bezalakoxea zela. Eta lasterketaren garapena ikusita ez geunden oso oker. Zaldi bat, min hartuta, lehenengo bihurgunean gelditu behar izan zuten, Royaume, Alvaro Odriozola futbolari donostiarrarena. Ez dabil zorteko Alvaro, ez futbolari lanetan ez eta zaldi jabearen paperean. Baina zaletasuna soberan, animo! Beste bi zaldi, oraindik karrera erdia bete gabe zegoela, jada lehiatik kanpo zeuden: Tarfa eta Curillines. Beste hiru zaldi oso esperientzia gutxiko gidari amateurrak zeramatzaten gainean, eta ederki igarri zen. Zikulu-saltsa horren erdian, Zinza azaldu zen pistaren erditik zozketatzen zen garaipena eskuratzeko. Guztien artean osasuntsuena izango zen, arrazoi nahikoa irabazteko. Dena den, zorte apur bat ere lagun izan zuen, Monzalvosek zelan zaldizko profesional bat izanez gero ez baitzuen inoiz galduko. Helmugan bigarren izan arren, komisarioek hirugarrenera bota zuten, borrokan La Frislari -azkenean bigarren- traba egin baitzion. Zigortutako Lara Martinez jockey gazteak oraindik ikasteko asko du. Daukan meritua eta zaletasuna bezainbeste.

Bere tokian: Zinza / Huts: Fashionata / Jarraitzeko: Monzalvos

4. Lasterketa: Oria Saria (handikap 1. zatia)

4 Jardinaldia
IVÁN EL TERRIBLE. Argazkia: Dabid argindar

Meritu eta kemen handikoa ere Marine Monceaux zaldizko frantsesa. Handikaparen lehenengo zati hau irabaztea lortu baitzuen Ivan El Terrible zaldiarekin. Gure kontuen arabera bere bigarren garaipena estatuan, 2018ko udazkenean inguru hauetan hasi zenetik (Arnulfo zaldiarekin irabazi zuen 2018ko azaroan Sevillan). Tartean 53 lasterketa eta azkenean, zas!, garaipena Zubietan. Halako irriparra zuen zalditik jaitsi zenean neska frantsesak. Erne berarekin uda honetan, bere 4,5 kiloko deskarguarekin eta duen pisu arinarekin (48 kilo eman zituen) eskaintza ugari izango baitu. Eta berria ez da, 2008tik baitabil hipodromoz hipodromo. Kontua da pistaren erditik El Ingrato (berriz ere Odriozolaren zorte txarra!) irabaztera zetorrela zirudienean, gure protagonista parean jarri zitzaiola eta bere arintasunari esker azken metroetan gainditzea lortu zuela. Azken arnasean, kanpo-kanpotik, Nader eta Volgar erremate luzea egin zuten, El Ingrato donostiarra gutxigatik laugarren uzteko. Oso deigarria, Lara Martínezen bosgarrena Orriren gainean, apenas zaldia behartu gabe. Guk fosforitoz markatuta utzi dugu hurrengoetarako. Existential, gure faboritoa, azken bihurgunean “puskatu” egin zen eta Fayosek geratu behar izan zuen. Itxura itsusiko lesioa.

Bere tokian: El Ingrato / Huts: London Calling / Jarraitzeko: Orri, Volgar

5. Lasterketa (13:40): Hipodromoa Saria (behorrak)

4 Jardinaldia
SOUPHA. Argazkia: Dabid argindar

Jardunaldi osoan zehar bezalaxe, beste behin ere zaldizkoen arteko izugarrizko aldeak lasterketaren emaitza erabaki zuen. Izan ere, aurreratu bezala, Soupha eta Dream of Wordsen arteko buruz buruko ezin interesgarriagoa zen neurketa. Milian aritzeko estatuan egun dauden bi behorrik onenetakoak, onenak ez badira. Eta beraien gainean, hurrenez-hurren, Borja Fayos eta Cristina Buesa, zaldizkoen estatistikak bigarrena eta hamairugarrena (hau amateurra). Azken zuzenean, harmailen parean, Dream of Words kanpoko errailetik pasatzera indarrez zetorrenean, Fayosek atzerako ispilutik zetorrena ikusi eta Soupharekin hesia bitarteko pasabidea estutu zion Buesari. Faltarik egin gabe, bien artean distantzia nahikoa baitzegoen. Zirrikituaren estutasuna ikusita, Buesari zalantzak eta beldurrak pilatu zitzaizkion eta zer egin ez zekiela, karrera amaitu zitzaion. Fayosen garaipena, Soupharena baino gehiago, azeri ibili baitzen bere aurkariaren xalotasunaz baliatzeko. Cerqueira ez zegoen oso goxo jokaldiarekin, baina esan beharra dago guztiz araudiaren barrukoa zela. Jockey bat eta amazona baten arteko diferentzia. Edonola ere Dream of Words asko gustatu zitzaigun, Soupha bezalaxe. A ze behor pare ederra!

Bere tokian: Soupha / Jarraitzeko: Dream of Words

Argazki Galeria

4. Jardunaldiko kronika + Argazki Galria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top