- 2020/06/24
- Zubietako Hipodromoa
- Sari Nagusia: Asociación de Hipódromos Españoles
Fayos, Fayos eta Fayos
Harmailak mutu izan duen beste jardunaldi bat. Eguzkitsua oraingo honetan, pista lehorrarekin eta PMU bitarteko jokoa, bakarrik mugaz bestalde. Borja Fayosek parte hartu duen lau karreretatik hirutan irabazi du. Ateak itxitako azken jardunaldia izan daiteke baldin eta Hipodromoa Jaurlaritzari aurkeztu behar dion protokoloak azken hauen oneritzia jasotzen badu. Gauzak horrela, eta dena ondo bidean, ikusleen berotasuna izango genuke hemendik aurrera udako jardunaldietan. Ea ba.
1. Lasterketa: Deba Saria
Zaldizko aprendiz, gazte eta urte terdi honetan 14 karrera irabazi ez dituztenak elkartu dira goizeko lehenengo lasterketa honetan, salmentakoa. Efraín José Arguinzones venezuelarra izan da Briscola behorra garaipenera eraman duena. Zelan zeuden guztien artetik beteranoena, jakin bazekien puntan jarriz gero bere aurkariei gauzak zailduko zizkiela. Eta halaxe egin du ibilbide osoa, aurrean, zuzenaren erdian London Callingen eraso motela eta Metkaifen nahi eta ezinak patxaraz kontrolatuz. Biak ala biak metroak soberan. Garaipen erraza Arizkorretarenarentzat. Lasterketaren ondoren Briscola erosteko eskaintza aurkeztu du Río Cubas zalditegiak eta jatorri ederreko behor hau etxera eraman du 6.000 eurotan. Erosketa ona ez bakarrik lasterketetan azkar amortizatzeko, baita hazteko izan dezakeen etorkizunari begira ere. Begi ona dute.
Bere tokian: Briscola / Huts: Fee du Bien / Jarraitzeko: Briscola.

2. Lasterketa: Ondarreta Saria
New Jack Swing faboritoak dena alde zuela ematen zuen irteera eman aurretik. Eta seguraski pronostikoa beteko zuen zuzenean arazorik izan ez balu, baina karrerak korritu behar dira eta borrokaren unean Muguetajarra zertxobait gurutzatu zaio eta hirugarren tokira kondenatuta gelditu da. Komisarioek Arizkorretarenaren mugimendua ikertu eta ordena bere horretan uztea erabaki dute. Muguetajarrak, aurreikusten genuen bezala, bere errendimendua asko hobetu du lehorrean eta garaipen argia (eta polemikoa) lortu du, Janaceken gidaritzapean. Bigarren, faboritoaren arazoak baliatuz, Manumart sartu da, bere aurreko karreran azaldutako hobekuntza berretsiz. Gainontzerakoen artean ezer gutxi aipatzeko. Pereiraren biek (Hollaback Girl eta Grilo) eta Lalek erritmo bizia jarri dute, azken metroetan nekeak ordaindu eta atzetik lasaiago zetoztenak nola aurreratzen zituzten ikusteko. Arizkorretaren goizeko bigarren garaipena jarraian. Igandeko Madrilgoak kontatuta, lautik lau. Bikain.
Bere tokian: Manumart / Huts: New Jack Swing / Jarraitzeko: Muguetajarra

3. Lasterketa: La Concha Saria
Bezperakoetan aipatzen genuen portugaldar tropelak saltsa ederra jartzen duela gure handikapetan eta, behin murrizketak bukatuta, gure artean genituela berriz ere bete-betean. Horietako batek eraman du garaipena: Such Promise (Dansili) lau urteko Pereiraren zaldia. Baita sekulako sorpresa eman ere, lehiatiletan 41/1 ordainketa utziz. Ez da askotan horrelako kopururik ikusten. Eta ez zen gutxiagorako ere, irletan eta estatuan pilatu dituen 17 irteeretan sekula aurrenekoen artean muturra sartu gabea baitzen, maila apal baino apalagoa erakutsiz. Baina nonbait nahikoa izan du Zubietako arnas freskoa, bapatean piztu eta garaipena erraztasun handiz lortzeko, azkenekotik lehenengora erdi-erditik pasaz. Fayos gidari, lau hanka horietan aurki beste handikap bat izango dela iruditu zaigu. Bigarren izatera Stormy Dance zaharra etorri da Marine Monceauxen pisu arinarekin. Ea uda honetan maiden izateari uzten dion bere zazpi urteekin, sasoian baitabil eta hori ez da gutxi konpainia hauetan. Hirugarren Iron Rock gure faboritoa iritsi da. Azken hektometroraino borrokan, lasterketa bat falta zitzaiola iruditu zaigu. Baina udan irabaziko du hemen, seguru gaude. Atzerago, borrokatik kanpo, Reporteur izan da laugarren eta Enrique Puenteren Bella Canarias bosgarren. Lara Martínezekin, hau ere sorpresa handia bi urte baitzeramatzan bururik altxa gabe. Apuntatuta.
Bere tokian: Iron Rock / Huts: Reporteur / Jarraitzeko: Such Promise, Bella Canarias

4. Lasterketa: Zurriola Saria
City Gent gure faboritoa saiatu da bere aurreko garaipenaren estrategia errepikatzen. Puntari gogor eutsi eta azken metroetan besteen erremateei eutsi. Ia dena ondo, baina duela bi aste ez bezala, ez zegoen bigunik, pisuan zigortuago zihoan eta 200 metro gehiago zituen aurrean aguantatzeko, gehiegitxo. Gauzak horrela, pott egin duenean, kanpotik erremate polita atera dute Trust In Youk (Fayos), Deferencek (Sousa) eta oso azken orduan Costa Esmeraldak (Gelabert), orden horretan bukatuz. Borroka ederra utzi dute. Lastima harmailak mutu zeudela, horrelako amaiera zirarragarriak zalegoa piztu egiten baitute. Behor irabazleak ustegabeko garaipena erdietsi du (11/1) erregulartasun handia erakutsiz, Frantzian 37ko balioa izateraino iritsi zen eta egun 33,5ean dabil. Deferencek bertaratutako gutxiak harritu ditu bere fisiko boteretsuarekin. Costa Esmeraldak, nola ez. beste kokapen bat gehiago poltsikora. Eta Hollokok, laugarren, borrokarako imintzioa egin eta zertxobait atzeratuta gelditu da. Hurrengoetarako apuntatuta, eta bigunean bada, hobe.
Bere tokian: Costa Esmeralda / Huts: City Gent / Jarraitzeko: Deference

5. Lasterketa: Asociación de Hipódromos Españoles
Historia gutxiko karrera. Bi erretiratuekin, lotean bakarrik lau zaldi gelditu zaizkigu. Eta denak Zascandili begira, ea 2018ko Madrilgo GPko irabazlea guztiz osatuta dagoen frogatu nahian. Lasterketak ez zuen historia handirik izan behar eta ez du izan. Pronostikoa bete egin da, aparteko emoziorik gabe. Dena den, esan beharra dago, une batez Zascandilek zalantza izpi bat piztu dituela zaleengan, izan ere, oso erraz zetorrela, Borja Fayos eskatzen hasi eta zaldiak kanporako diagonaltxo bat egin du. Segundu gutxi batzutako suspentse apur bat baino ez. Fayosek berriz zuzendu duenean, turboa sartu eta erraz irabaztera joan baita, beste klase batekoa dela azalduz. Gainditutako proba. Hurrengo hitzordua uztailaren 5ean, Madrilgo Sari Nagusian. Beste hiru sekundarioen artean borrokatxoa egon da, non Genesseek New Ialy Bareliere eta Parabaki aurre hartu dien, orden horretan, nahiz eta hiruetan pisudunena izan.
Bere tokian: Zascandil / Jarraitzeko: Zascandil

Argazki Galeria
Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar