Goiz surrealista xamarra uztailaren 3an bizi izan dugun hau. Lehenengo aldiz ikusleak sartzeko aukera zuten gaurkoan baina bakarrik euren eserlekuetan iltzatuta egoteko bi ordu terdiz. Ateak irekitzekotan bakarrik halaxe baimentzen baitzuen Eusko Jaurlaritzak. Ondorioa: beste jardunaldia bat harmailak ia hutsik, ikusle bakar batzuen presentziarekin. Eskerrak amaiaera aldera Eneko Goia alkatea ikusi dugun bertako arduradunekin solasean, seguru asko egoera honi nola buelta eman aztertzeko. Seguru alkatearen telefono dei batek gauzak alda ditzakeela uztailaren 19ko hurrengo jardunaldirako, jada arratsaldez. Ohiko udako igande arratsaldeak hipodromoan. Ez dugu besterik espero. Gainontzerakoan, pista egoera onean, 3,4 neurriarekin, guk uste baino lehorrago.

1. Lasterketa: Onda Vasca Saria
Merisi faboritoak eraman zuen saria nagusitasunez. Bere zaldizkoa, Sarabia jauna, amateurren artean fidagarrienetakoa da, eta hala erakutsi zuen beste behin bere 5 urteko zaldiarekin. Punta gogorra ezarri zuen Impressionanten faboritoa ezustean harrapatzeko asmoarekin baina ez zuen lortu. Lone Peak outsiderra jokoz kanpo gelditu zen irteeran bertan, atetxoetatik oso motel atera ostean. Ezuste galanta eman zuten beste behin Enrique Puenteren berdedun jakatxokoak -oraingoan Barry Lundon eta Quilombo– azken momentuan Impresionant agortua gaindituz. Biak jarraitu beharrekoak, bere zalditegi osoa bezalaxe, berragerpen oso itxurosoa egin baitute berientzako distantzia oso labur batean. Azpimarratzekoa ere Eva Glitters frantsesa nola iritsi den aurrekoekin zela zeharo askatuta zeukala. Meritua ere badu Victoria Alonso amazonak bere gainean egindako oreka saioarengatik.
Bere tokian: Merisi / Huts: Einar / Jarraitzeko: Eva Glitters

2. Lasterketa: Endanea Garden
El Ingratok bere aurreko karrera errepikatzen saiatu da ibilbide osoa puntan eginez, Garmarri gustuko aurrelari postu hori kenduaz. Bugatiko bihurgunearen ostean lote erdia kanpo aldera joan da eta zuzen erdian Orrik erabakiorra zirudien ihesa jo du. Ikusi beharrekoa ikusita zirudienean, pistaren erditik Urban Rock azaldu da Sousarekin eta metroz metro distantzia jaten joan zaio iheslarirari, ispiluaren aurrean sudur txiki bat ateratzeraino. Hirugarren Monzalvos izan da Marine Monceauxekin, El Ingratoren ipurdira lekua aurkitu ezinik ibili da zuzenean eta tartea zabaldu zionean bi lehenengoak jada urruti zituen. Irabazleak bere bizitzako baliorik handienera iritsi da bost urterekin, orain Leyla Ennouniren patioan. Orriri azken metroak sobratu zaizkio, El Ingrato eta Volgarri bezalatsu.
Bere tokian: Urban Rock / Huts: El Ingrato / Jarraitzeko: Monzalvos

3. Lasterketa: Garda Seguridad
Tarfa apalak bere jabe, entrenadore eta jockeya den Sanchez lasartearrarekin zelan, ibilbide erdia egin ahal izan du puntan, Janacekek Doble o Nada aurrean jarri dion arte. Anekdotatxoa, baina bada zertxobait hipodromoko zaldi baxuenarentzat. Bihurgunearen ostean borroka polita eskaini dute aipatutako Doble o Nadak, Bella Baronessak eta La Frislak, hauen atzean L´Improbable harrapatzeko ahaleginetan zebilela. Lehia estuan, garaipena Bella Baronesak eraman du, tarte txikiarengatik La Frisla eta Belge Menci bere atzean utziz. Goraipatzekoa berriz Enrique Puentek Laredoko hondartzan bere zalditegian egindako errekuperazio lana. Bertan dituen zaldi asko konpetiziorako akabatuta ziruditen arren, berak bigarren bizitza bat ematen ari zaie. Horrela Bella Baronessak bere lehenengo garaipena lortu du gaur eta seguru gaude ez dela bakarra izango.
Bere tokian: La Frisla / Huts: L´Improbable / Jarritzeko: Bella Baronessa

4. Lasterketa: Asociación de Prensa Guipuzcoana Deportiva
Lerro hauetan aurreikusten genuen bezalaxe Fayos gai izan da Grilo eroa aurretik lanean txukun eramaten azken zuzenaren erdiraino, Kiko eta Na Rua ondoan zain zeramatzala. Frentean, Lakial faboritoa nahiko atzeratuta ikusi dugu eta une batez bere garaipena lurrintzen ari zela iruditu zaigu. 400 metro faltan, lehia gogortu denean, Grilok kanpo aldera egin du nekeak eta buru barruko txoriek eraginda. Zeharkako horretan Kuko oztopatu du. Baina aurreko hiruak elkar neurtzen ari zirela, Sousak botoia sakatu eta berrehun metrotan Lakial denen aurretik jarri du aparteko esfortzurik gabe. Garaipen erraza. Eta goizeko bigarrena jockey portugaldarrarentzat. Erne behor honekin, nahiz eta gaurkoa aparteko lotea ez izan, nagusitasun handia erakutsi du. Nahi izan duenean beste martxa bat sartu du. Hurrengoetarako ere Na Ruaren izena gordeko dugu. Debut oso grisa izan zuen baina gaur askoz serioago aritu da, nahiz eta borrokarako eskarmentua oraindik falta zaion.
Bere tokian: Kuko / Jarraitzeko: Lakial eta Na Rua

5. Lasterketa: Donostia-San Sebastián Turismoa
Aldagarri gutxi izan duen lasterketa. My Flinders atetxoetako irteeratik bertatik buruan jarri du Jose Luis Martinezek eta horrela iritsi da helmugaraino. Bidean, Aprada eta Gnily izan ditu atzetik, eta nahiz eta bigarren honek zuzen erdian parean jarri eta zertxobait aurreratu, azken metroetan amore eman eta Arizkorretarenak eraman du Maria Cristina Sari handiaren prestakuntzako hau. Entrenatzaile donostiarrak zioen beldur zela My Flinders Zubietako ibilbidera egokituko ote zen, handi xamartzat baitu. Baina ez da horrelakorik gertatu eta, azarotik pistan azaldu gabe egon arren, besteak menpean hartu ditu gaurkoan. Bigarren Marc Comas kataluinarraren Gnily izan da. Momentu batez irabaz zezakeela zirudien, aurretik jarri baita, baina sasoi punttu bat falta izan zaio abantailari eusteko. Hold on Now faboritoak oso berragerpen lasaia izan du distantzia luzean aurrenekoz. Ibilbide osoan atzean joan ostean, amaieran erremate elektrikoa utzi du baina beranduegi. Jomugan Maria Cristina Saria du, nabarmen. Loteko gainontzerakoak nahiko atzean, Maria Cristinan lehiatzeko gaitasunik ez dutela frogatuz.
Bere tokian: Gnily / Huts: Hold On Now / Jarraitzeko: Hold on Now
