Zaldi lasterketak

7. Jardunaldiko kronika + Argazki Galeria

Argazkia: Dabid argindar

Axioco-Marchelo: odolgarbien gazi-gozoa

Hipodromoan badira egun jakin batzuk joko honen hauskortasuna eta iragankortasuna inoiz baino gehiago agerian uzten dutenak. Minutu gutxi batzuen bueltan urtetako esperantza handienak betirako lurruntzen dira eta haien tokian beste berri batzuk loretzen, txundituta uzten zaituztenak. Bizitzaren zikloa. Batzuk desagertu eta beste berri batzuk ernaldu.

Horrelako zerbait gertatu da igande honetan berdegunean. Hitzordu nagusian begirada guztiak Axiocoren azalean jarrita genituen. Adin klasikoan inork gainditu ez zuen zaldi eder hori berriz ere bere onenera itzulita zegoela frogatu nahi genuen. Lesioa gaindituta eta ahaztuta, maila goreneko bere bertsiorik onena eskaintzeko unera iritsia zen. Urrezko Koparen bidean, azken proba. Baina zoritxarrez zaleon ilusio hori erantzunik gabe geratu zen. Axiocok inoizko karrerarik ilunena egin zuen, alarma gorri guztiak piztuz. Beste aldean aldiz, aspaldi honetan pistan ikusi dugun debutik txundigarrienetako baten lekuko izan ginen. Arratsaldea hasteko bi urteko moxal batek harri eta zur utzi gintuen. Ondo apuntatu izena: Marchelo.

Argazkia: Dabid argindar

Eta hori guztia, aurrenekoz, ikusleen txalo eta ohiuen artean. Jende gutxi -ez dugu uste 1.000 ikusleen edukierara iritsiko zenik- baina berriz zaleen berotasuna lasterketak babesten. Bero ere termometroan, gehiegi. Eta horrela bai, lehenengo beroarekin, hipodromoa beste gauza bat da.

1. Lasterketa: European Breeders´ Fund. saria

Esandakoa. Marchelo izenekoak aho zabalik utzi gintuen. Paperak aztertzerakoan, deigarriak ziren bai bere jatorria eta berarengatik Alvaro Odriozola futbolari donostiarrak ordaindutako zifra. Zurrumurruak ere baziren, itxaropen handiak zituztela bere inguruan. Ohikoa debut askotan. Baina horrelako zenbat irtetzen dira pistara eta ilusioak zapuztu? Gorpuzkera ikusgarriko moxal irlandar hau puntan jarri eta Bugattiko bihurgune itxiari ezinikusiarena eginez zuzen joan zen kanpoko hesiraino. Karrera galdua zuela ulertu genuen guztiok. Gaztetxoen ezjakintasuna. Julian Grosjeanek uhaletik tira eta tira, istripua ekidinez, zuzenerako berriz lerrokatzea lortu zuen. Hori bai, desabantaila handiz. Orduantxe Camelot eta Tessa Reefen seme honek bere motorra piztu eta erremate boteretsu batekin mendean hartuta zituen arerioak oraindik 200 metro falta zirenean. Ikusgarria. Bere sendian letra lodi asko ditu eta alde horretatik proiekzio ezin hobea duen zaldia dirudi. Asko pozten gara Odriozolarengatik, aspaldi honetan batere suerterik ez baitu izan hipodromoan. Dudarik gabe aurten ikusitako bi urtekorik onena da Marchelo hau eta zerbait handia egiteko trazak ditu. Oraingoz Gran Criteriumerako faborito nagusia, zalantzarik gabe. Bideoaren lotura ere hementxe da, ikusteko parada izan ez duenarentzat.

Gainontzerako guztiak eklipsatu egin zituen. Bigarren Force Cat izan zen bere esperientzia apurra baliatuz. Halere, izerditu behar izan zuen New Adeleri aurre hartzeko. Arizkorretaren biak, Asturias eta Isabela, espero bezala, debut ezin xuabeagoa izan zuten. Bere patioaren marka. Baina uda honetan seguru berriz ikusten ditugula, eta orduan bai, askoz zorroztuago.

Bere tokian: Force Cat / Jarraitzeko: Marchelo

Argazkia: Dabid argindar

2. Lasterketa: Onda Cero saria

Kontatzeko gutxi duen maiden lasterketa honetan, faborito logikoa suertatu zen garaile: Manumart. Erraz nagusitu zen Jaime Gelaberten gidaritzarekin. Baina gorriagoak ikusiko zituen Grilo zuzen etorri izan bazen. Baina Helder Pereira portulgadarraren zaldi honek berriz buru txarra duela erakutsi zuen eta lehian hasi baino, nahiago izan zuen kanpoko aldera, dantzan, etengabe zabalduz, diagonal bat egin, Fayos zuzentzen saiatu arren. Lastima, zertxobait gehiago egiteko ahalmena ikusten baitzaio. Baina alperrik da. Hirugarrenerako, beste karrera batean, Janacekek Nuriaren sudurra ispiluan Melody Francerenaren aurretik jartzea lortu zuen.

Bere tokian: Manumart / Huts: Melody France

Argazkia: Dabid argindar

3. Lasterketa: Asenel saria

Jardunaldi hauetan maila baxu xamarreko bigarren zatiko handikapak ikusi izan ditugu, baina uste dugu hau apalenetako bat izan dela. Horrelako lehia eskasetan hau izaten da pronostikorako errezeta: bermedun jockey bat + eskalako 1 zenbakia +zaldiak garaipena noizbait ezagutu izana+ sasoi punttu txiki bat. Kokteleran sartu eta bingo! Irabazlea irtetzen da. Hutsik gabeko formula. Eta lasterketa honetan ere hala izan zen. Beste batzuk pisuz askoz hobeto baziruditen ere Iron Rockek udako “bere karrera” irabazi zuen Janacek liderraren esku trebatuetan. Bella Canariasek oso gertu izan zuen, baina Lara Martinez gaztetxoari indarra eta esperientzia falta izan zitzaion txekiarrari garaipena ostutzeko. Zinza hirugarren tokiarekin topatu zen Hatha puntazale sutsua hustutzen baitzetorren azken metroetan. Beste guztiak jokoz kanpo, oso.

Bere tokian: Iron Rock / Huts: Stormy Dance / Jarraitzeko: Hatha

Argazkia: Dabid argindar

4. Lasterketa: Araeta Sagardotegia saria

Turfaren ziurgabetasun mitiko horren beste adibide bat. Itxuraz, Jarochok baldintza askoz hobeak zituen duela hilabete pista honetan bertan karrera on bat egiteko: pista biguna, handikaparen bigarren zatia, distantzia laburragoa…. baina orduan nabarmen huts egin zuen. Orain berriz, parametro gehienak itxuraz kontra zituenean arratsaldeko ezustekorik handiena eman zuen handikaparen lehenengo zati hau irabaziz (16/1). Eta gainera bere ohiko estilo puntazaleari muzin egin eta atze-atzetik, errematatzen, ispiluan nagusitzera etorriz. Eraldatuta alegia. 8 urte dituela, bere 65. karreran. Egia izango da inoiz ez dela berandu aldatzeko. Hori ba, “turfaren ziurgabetasun eternal” hori. Janacek ere harrituta geldituko zen, Holloko irabaztera zekarrela, bere ezkerrean itzuli berria den Mario Enrique Fernandez argentinarra pasatzera zetorrela ikusi zuenean. Atzerago Brey de Valiente, Nyala eta Royal Destiny buruz-buru aritu ziren hirugarren postuaren bila eta orden hori berretsi zuen argazkiak. Asmatzailerik gabeko hirukoa. 818 euroko potea hurrengo iganderako.

Bere tokian: Holloko / Huts: Such Promise / Jarraitzeko: Royal Destiny

Argazkia: Dabid argindar

5. Lasterketa: Viura Hotela saria

Sarreran esan bezala, dezepzioa. Eta handia. Axioco txapelduna errekuperatuta espero genuenean, oso bestelako zaldi gris batekin topatu ginen. Argi izpi bat ere ez. Gustatuko litzaiguke oraindik lehengo zaldi bikain horretaz gozatzeko aukera izatea noizbait, baina beldur gara berarengandik ikusi beharrekoa ikusita daukagula. Ea oker gabiltzan. Faborito nagusiaren hutsa batetik eta Tazones gure pistara ez dela egokitzen bestetik, hor azaldu zen betiko Doctor Oscar fidagarria, arrantzan, arazo handirik gabe beste garaipen xamur bat eskuratzeko. Sei urtetan 22 karreretatik heren bat baino gehiago irabazi ditu (8), 104.000 € eskuratuz. Ez dago batere gaizki bere mailako zaldi batentzat. Espainian jaiotako zaldiei erreserbatutako programa ederki ari da zukutzen Sayago zalditegikoa. Eta jakak agian ere izan lezake zerikusirik errentagarritasun horretan, Le Feu du Ciel beteranoaren garaipen sortak ekartzen baitizkigu gogora (23 garaipen, 200.000 €!). Apenas borrokarik gabe Tazones izan zen bigarren eta Nader, urruti, hirugarren. Emozio gutxi. Eta Axioco Duendecillo umilaren isatsean, azkenputz. Esandakoa, gaziegi.

Argazkia: Dabid argindar

Argazki Galeria

7. Jardunaldiko kronika + Argazki Galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top