zaldilasterketak.eus

8. Jardunaldiko kronika + Argazki galeria

Atty Perse eta Cosmic Horizon. Argazkia: Dabid argindar

Cosmic Horizon, urrea hortzmugan

Aurreratzen genuen Urrezko Kopari begirako prestakuntzazko Biarritzeko Hipodromoa ez zela nolanaiko norgehiagoka izango eta ez genuen huts egin. Abuztuaren 15era begira zaldi nagusienak euren indarrak neurtzeko prest agertu ziren eta inor gutxi asegabe utziko zuen eskaini ziguten ikuskizun bikainak. Atty Perse eta Cosmic Horizon “berria”k helmugako zutoineraino aritu ziren nor baino nor, photo-finishak irabazlea azken hau izango zela erabakitzeraino.

Baina eguneko protagonismoa neskek eraman zuten. Zubietako hipodromoak uztailaren 26an ospatu zuen martxoaren 9a. Bost karreretatik hiru emakumeek irabazi zuten. Nonbait, datuak biltzen dituztenen arabera, 2012tik gertatzen ez zena. Cristina Buesak (Lone Peak), Lara Martínezek (Monzalvos) eta Miloslava Hrubosòvák (Turandot) garaipen bana eskuratu zuten, bilatu gabe aldarrikapen ozena bihurtu zen udako arratsalde honetan.

Eguraldi argitsua eta maskaradun ikusleen presentzia gero eta nabarmenagoa harmailetan. Ekaineko hasiera hotzaren ondoren animatzen doa denboraldia, nahiz eta edukiera murrizketek oraindik porlan asko bistan uzten duten.

1. Lasterketa: Hipodromoa Turf saria

Merisi faboritoaren garaipena espero zen zaldizko amateurrei erreserbatutako karrera honetan. Eta bihurguenaren irteeran bazirudien pronostikoa beteko zela, baina bere onenak emanda edo, Sarabiak gidatutako zaldi amerikarra itzaltzen joan zen eta atzetik, erremate politarekin, Lone Peak frantsesa etorri zen irabaztera bere jabe eta amazona den Cristina Buesarekin. Sekulako poza jockeyak eraman zuena. Beste garaipen eder bat, duela egun gutxi Dream of Wordsekin Madrilen lortu zuenari gehitzeko. Bezperetan esaten genuen adi jarraitu behar genuela zaldi hau, hiru urterekin Frantzian maila altuko hitzordutan ibili baitzen. Gaurkoan ibilbide lasaia eginda, ondo etorri zen amaieran agintzera. Agian Sarabiak denbora baino lehenago jo zuen erasoa, baina horrek ez dio meriturik kentzen irabazleari. Bigarren Oliveira entrenatzaile portulgadarren Dream Start britainiarra sartu zen, biko eta hirukoak asmatzailerik gabe utziz, sekulako sorpresa emanez. Izan ere, ia 3 urte zeramatzan konpetiziotik kanpo, ekainean hilean apalki berragertu eta ondoren inork espero ez zuen bigarren postu hau lortzeko. Hau ere neska batek gidatua, Victoria Alonso. Fintas laugarren izan zen, Diana Lópezekin, hurrengoetarako fintzen doala abisatuz. Hiru emakume lau aurrenekoen artean.

Bere tokian: Merisi / Huts: Impressionant / Jarraitzeko: Dream Start, Fintas

Lone Peak (C. Buesa). Argazkia: Dabid argindar

2. Lasterketa: Biarritz Hipodromoa saria

Zaporetsu dator aurtengo Urrezko Kopa. Lerro hauek idaztean jakin izan dugu Axioco, Granacci eta Eddystone Rock (lastima!) ez direla abuztuaren 15ean egongo, baina halere 22 zaldi mantentzen dira eta ez edonolakoak. Gainera, atzerriko azken orduko beste izen-emate entzutetsuren bat izango dela zabaltzen ari da sareetan. Kontua da atzo ikusitakoarekin beste batek utzi duela urrerako bere aurkezpen txartela: Cosmic Horizon. Atty Persek bere ohiko ibilbidea egin zuen: punta zorrotza eta bihurgunearen irteeran karrera tenkatu txikitzeraino. Bakarrik Federico patiokide zaharrak eutsi zion zuzenaren hasieran, baina 300 metro faltan amore eman behar izan zuen, lehertuta. Orduntxe hasi zen Arizkorretaren Cosmic Horizon aurreratzen, ispiluan bertan Sousa harrapatzeraino. Nola neurtzen duen Janacek liderrak, Dabid Argindar lagunaren azpiko argazkia ikusi besterik ez dago! Debut galanta gure pistan. Erremate luze eta ederra, distantzia gehiagorekin garatu daitekeen itxurakoa. Atty Persek 3 kilo gehiago zeramatzan oraingoan eta itxuraz Sousak tangan zuen gasolina guztia ez zirudien gastatu nahi zuenik. Abuzturako gorde behar baita. Atze-atzetik ere oso erremate deigarria Putumayok utzi zuena hirugarren izateko. Lasterketa oso lasaia egin ostean, bereziki gustatu zitzaigun bere azelerazioa, lasterketa erabakita zegoenean, hori bai. Zascandilek ordea galdera asko utzi zituen airean, azkenaurrezko geldituz, ez baitzitzaion ikusi ere egin. Pentsatzen dugu lurraren gogortasuna ikusita ere ez zuela gehiegi arriskatu nahiko. Auskalo. Urrezko Kopan, 200 metro gehiagorekin eta pisuak berdinduta agian hiru lehenengoen ordena alda daiteke. Atzokoa ikusita, hautagaien zerrenda oraindik gehiago zabaldu da. Bikain.

Bere tokian: Atty Perse / Huts: Zascandil / Jarraitzeko: Cosmic Horizon, Putumayo

Atty Perse (R. Sousa) eta Cosmic Horizon (V. Janacek). Argazkia: Dabid argindar

3. Lasterketa: Joyeria Ayerdi saria

A zer nolako poza Lara Martínez gazteak zekarrena, bere lehenengo garaipenarekin poltsikoan, harmailen artetik bueltan zetorrela! Udako bere zazpigarren karreran lortu zuen. Bai horixe. Bitan gertu ikusi eta gero, azkenean irabazi egin zuen Monzalvos beteranoarekin. Zazpi egun lehenago lortzeko zorian izan zen baina Fayosek Iron Rockekin gutxigatik galerazi egin zion. Orain emaitzari buelta eman eta bigarren utzi zuen Fayos La Frisla faboritoarekin. Garaipena ere Enrique Puenterentzat. Sasoi ederrean ditu Laredoko bere zalditegikoak eta seguru garaipen gehiago eramango dituela maila honetako lasterketetan. Hirugarren, ezustean, Miguel Alonso lasartearrak entrenatutako Zeri sartu zen, 3.164 €-ko hiruko bat osatuz. A ze bista eraman duenak! Alonsok, minutu batzuk lehenago, garaipena lortu zuen Pompadourreko hipodromoan Maitia behor donostiarrarekin. Bejondiola!

Bere tokian: La Frisla / Huts: Satin Chic / Jarraitzeko: Zeri, Little Lulu

Monzalvos (L. Martínez). Argazkia: Dabid argindar

4. Lasterketa: Noticias de Gipuzkoa saria

Pronostikatzaile gisa ez gabiltza fin, aitortu beharra dago, baina sikiera hau behintzat iragarri genuen. Aurrekoan ozta-ozta galdu ostean dena alde zuen orain Orrik eta ez zuen hutsik egin, Valenzuelak bere indarrak aurrekoan baino hobeto neurtuz. Berriz ere kanpoko errailetik etorriaz, aise nagusitu zen. El Ingratok bere ohiko karrera egin zuen puntan, baina beste behin azken metroetan indarge gelditu zen atzekoen erremateei erantzuteko. Melgarejok estrategiaz aldatu beharko du, ez badute emaitza errepikatu nahi. Irabazlea eta Odriozolarenaren artean Barenton portugaldarra sartu zen indarrez, Fernandez argentinarraren gidaritza zentzudunarekin. Zaldi honek Urrezko Kopan izena emanda jarraitzen du. Gehiegitxo bere 33,5 balioarekin. Oso kontutan hartzeko berragerpena egin zuen Arrigunagak Sousarekin, luze zaion distantzian, eta apuntatzekoa ere Celestinsen ahalegina amaiaera aldera. Biek udan irabaziko dutelakoan gaude.

Bere tokian: Orri / Huts: Sir Mauro / Jarraitzeko: Arrigunaga, Celestin´s

Orri (V.M. Valenzuela). Argazkia: Dabid argindar

5. Lasterketa: Gipuzkoako Foru Aldundia

Argi dago aurtengoa, pasa den guztiarekin, denboraldi oso arraroa dela. Ez bakarrik Zubietan, baita Madrilen ere. Ohituak ginen, Urrezko Koparako hiru urtekoentzako prestakuntzazko lasterketa honetan, adin klasikoko puntako partaide bat edo beste ikusten. Baina aurtengo lotea gehiago ematen zuen maiden bat urrerako bideko test bat baino. Kontuak kontu, faboritoean ahulezia behin frogatuta, Turandot behorra gainean zeramatzan 49 kiloen arintasunaz baliatu zela garaipen erraza eskuratzeko. Sekulako poza ere Miloslava Hrubosòvák eraman zuena ispilua gurutzatzean. Max Thunder faboritoa ez zen inoiz agertu karreran eta Kuko saiatua urrutiegitik eraso oso ausarta bota zuen. Jokaldia ez zitzaion ondo atera Jimenezi. Miloslava barru-barrutik eta konplikatu gabe bere behorra eramaten jakin zuen patxaraz garaipen erraza lortzeko. Estraineko garaipena estatuan hau ere jockey txekiarrarentzat. Aukera gutxi izaten ohi ditu -aurten zazpi karrera bakarrik- baina igandekoa ondo aprobetxatu zuen. Zorionak!

Bere tokian: Kuko / Huts: Max Thunder

Turandot (M. Hrubosóvà). Argazkia: Dabid argindar

Argazki Galeria

8. Jardunaldiko kronika + Argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top