Abuztuan sartuta berotzen doa giroa eta aurreneko aldiz denboraldian harmailek itxura polita zeukaten. Pista zertxobait biguina (3,6) bezperetako eurien ondorioz. Eusko Jaurlaritzarako prestakuntzazkoetan, espero bezala, hiru urtekoena iruditu zitzaigun interesgarriagoa, Salar Island faboritoaren garaipenarekin. Jaurlaritzara doa zuzenean, bere adinekoen ordezkari nabarmen gisa. Zaharrenean aldiz ezustekoa Boston Bruinen garaipenarekin. Lotea orokorrean erdipurdiko itxurakoa, handikapeko zaldiak nagusitu baitziren. Ez zaigu iruditzen bertako inork Jaurlaritzan zeresan handirik izango duenik. Hiru aste barru benetako saioa.
1. Lasterketa: Oferplan saria
Hrubosòvá efektua berriz ere. Zazpi egun lehenago Turandotekin estreinatzeko balio izan zionak berriz ere funtzionatu dio. 5 kiloko deskargua ez da edozein gauza. Eta salmentako karrera batean guztiz erabakiorra izan daiteke, Algaidaren kasuan frogatu ahal izan genuen bezalaxe. Punta hartu zuen, arin-arin bere 51 kiloekin, eta tropela ederki tenkatuz, ez zen batere konplikatu jockey txekiarra behorra ispiluraino eraman ahal izateko. Irteeratik helmugaraino erritmo bizi bat jarri eta inor ez zen gai izan horri eusteko. Garaipen sinple bezain gatzik gabea. Miloslava Hrubosòváren kurrikulumean bigarren garaipena. Biak astebetean. Harmailetan bazen neskentzako hainbesteko deskargua zalantzan jartzen zuenik, lehia desitxuratzen duelakoan. Kontuak kontu, beste garaipen bat Arizkorretarentzat. Zalditegia gori-gori dauka. Urban Rock faboritoak bigarrenarekin konformatu behar izan zuen, iheslari arinari ezin jarraituta. Hirugarren, desegindako tropel sakabanatuan, inor gutxik espero zezakeen Birdie portugaldarra (13/1, kotizaziorik altuena). Metkaif azken orduan erretiratu egin zuten txerto kontu batengatik.
Bere tokian: Urban Rock / Huts: Dream Start / Jarraitzeko: Algaida

2. Lasterketa: Criterium Nazionala
A zer nolako paseoa eman zuen Tunantek arratseko bigarren honetan. Bi debutari tartean, egia esan, aldez aurretik partaideak konparatzeko lerro gutxi zeuden, baina lasterketaren ondoren argi geratu zen irabazlea eta besteen artean alde handia dagoela. Helmugako zazpi gorputzek ederki islatzen dute. Lehenengo garailea Torredueroko zalditegian aita lanetan dabilen Lightining Moon hazitako zaldiarentzat. Bigarren Rodriguezen patioko beste kidea izan zen, Machupichu, nahiko bihurgune txarra eginda. Biek ala biek esperientzia izan zuten alde lote apal honetan. Hirugarren zertxobait bukatu zuen Brujilda, Arizkorretaren patiokoa. Seguru hurrengorako asko hobetzen duela. Dena den, ez zitzaigun iruditu lote honetatik ezer aipagarririk aterako denik. Irabazleak -3. lasterketan aritutako Truhanen anaiaren antzera- bere bazka ondo irabazi dezakeela ematen du.
Bere tokian: Tunante / Jarraitzeko: Brujilda

3. Lasterketa: Insalus saria
Salar Island faboritoak pronostikoak konfirmatu zituen eta, nahiz eta lasterketako pisurik altuena eraman, bere adinekokin alderatuta koska bat gainetik dagoela erakutsi zuen beste behin. Oraingoan Janacek bere ohiko dantza-bikote berarekin ez bazuen ere, arazorik gabe lotea menperatu zuen Jose Luis Martinez beteranoarekin zelan. Halere, hain erraz ikusi zuen garaipena, azken momentuan galtzeko zorian ere egon zela, gehiegi erlaxatu baitzen, eta amaieran Untitleden erremate bortitzak oso gutxigatik ez zuen gainditu. Lepo eskas bateko tartea. Helmugako distantzia ez zaigu ikusitakoaren adierazle iruditzen, Salar Islanden nagusitasuna oso nabarmena izan baitzen. Garaipen sendoa, zuzenean Jaurlaritzarako pasaportea ematen diona. Nijinsky zalditegi donostiarrak bere partaidetza ziurtatu du. Untitled ere oso boteretsu azaldu zen -halako fisikoa dauka- baina uste dugu milia oso luzea egingo zaiola. Esprintetan maila polita emango du honek. Hirugarren, bere tokian, Muguetajarra -garailea bezala hau ere Arizkorretarena-, bere azken garaipenen maila konfirmatuz.
Bere tokian: Salar Island / Jarraitzeko: Salar Island, Untitled

4. Lasterketa: Teledonosti saria
Iron Rockek pronostikoa uste baino errazago bete zuen. Berriz ere Fayosek Lara Martinezi, Bella Canariasekin, buruz-burukoa irabazi zion. Duela bi asteko emaitza berbera, nahiz eta oraingoan Pereirarena bi kilo kaltetuago atera eskalan. Gainkarga hori ez zitzaion traba bihurtu inoiz baino garaipen errazagoa eskuratzeko. Irabazteko moduarengatik baliteke Iron Rockek handikapean beste baterako tartea izatea oraindik. Zubietan eta bigunean eraldatzen den zaldia dugu. Hirugarren, kanpotik, Duendecillo etorri zen. Ez zeukan itxura onik padockean eta seguraski karrera hau behar zuen bere sasoi punttua zorrozteko. Hurrengoan oso arriskutsua izango da. Laugarren, berriz, Jarocho izan zen, atzetik etortzeko bere taktika berria berriz baliatu nahi izan zuen baina oraingoan pisuak galerazi zion atzetik aurrerako errematea.
Bere tokian: Bella Canarias / Jarraitzeko: Duendecillo

5. Lasterketa: Diario Vasco Saria
Arratsaldeko sorpresarik handiena sari nagusian etorri zen. Arab Poet erretiratuta, begirada guztiak jarrita zeuden Arizkorretaren bi zaldiengan: Furioso eta Billycock Hill. Baina protagonismoa Jesus Lopezek entrenatutako Bostron Bruinek bereganatu zuen. Cañedok eta El Juncok jarritako erritmo bizia aprobetxatuz, bigarren lerroan itxaron eta zuzenaren erdian erasoa jo zuen, erabakiorra izango zen abantaila lortzeko. Inork espero ez zuen irabazlea, are gehiago distantzia berarentzat laburregia izango zela uste zenean. Kodiacen seme hau sekulako erregulartasuna erakusten ari zen handikapetan eta garaipen honekin kategoriaz saltotxo bat ematen du. Ikusiko dugun noraino. Cañedok bigarren tokiari eustea lortu zuen eta Furiosok, bere azken orduko erremateari esker, hirugarren tokia eskuratu zuen. Arizkorretaren zaldiari Bugatiko bihurgunea kontrako eztarrian geratu zitzaion. King Malpicek aldiz, oso zuzen zikina jasan zuen, onartu ez zen erreklamazio bat ere tarteko, eta ezinezkoa izan zitzaion bere maila erakustea. Billycock Hillek karrera iluna egin zuen. Litekeena da Janacek bere ohiko laguna faltan bota izana, txekiarrak oso ondo baitaki zaldi zail honen teklak noiz eta nola sakatu. Leihatiletan joko gutxien bildutako bi zaldiek bikia osatu eta 528 €ko hirukoa utzi zuten. Fayosentzat arratsaldeko bigarren garaipena.
Bere tokian: Furioso / Huts: Billycock Hill / Jarraitzeko: Boston Bruin

Argazki Galeria
Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar Argazkia: Dabid argindar