zaldilasterketak.eus

Abenduak 8: analisia

Ezohiko udazkeneko denboralditxo arrotz honen amaierara iritsi gara. Ateak itxitako beste jardunaldi bat astearte honetakoa. Goizez izango da jardunaldia. Egun polita izan zitekeen ikusleekin, jai eguna izanik. Espero daitekeenez pista oso lokaztuta egongo da eta haramiletan sekulako hotza, oraingoan termometroari begiratuta ere bai.

1. Lasterketa: D´Epsom- 1916 saria (jockey amateurrak, 1.400 m). 11:45.

Erretiratzear dagoen 2 PRESIDENCY izango da gure faboritoa. Cerqueira entrenatzaile gisa izan duen haziera zaldi honen eskutik eman da. 170.000 € saritan Madrilera iritsi zenetik, ez da lan makala entrenatzaile portugaldarrak Oasis Dreamen seme honekin egindakoa. Zubietako hiru irteeretan beti bigarren, espero dugu garaipen batekin agur esan eta aita lanetara pasatzea. Jockey egokia, Gredilla, eta biguna atsegin du. Animatuko diogu! 3 ANOTHER DAY OF SUN hiru urterekin bere belaunaldiko oilarra izan zen. Lau urterekin zertxobait jaitsi eta miliatik gorako distantzietan espezializatu zen. Aurten pista bigunen zain egon da orain arte. Balioarengatik gure faboritoaren parean egon daiteke, baina Zubieta agian ez da bere pistarik onena eta distantzia hau laburregia egingo zaio. Kategoriari esker kokatuko da. 1 LONE PEAK zaldi kapritxosoa da. Udan hemen irabazi zuen gogoan jarri zitzaionean, baina geroztik burumakur dabil. Auskalo. 5 MOUNTAIN GUARD lesionatu zenetik gaurdaino 6 kilo jaitsi da, esprinter onenen taldetik eroriz. Azkenekoan hemen hobekuntza txiki bat ikusi genion. Lokatza da bere habitat maiteena. Baina distantzia luzetxo egingo zaio. Hirukorako. 6 NIRMALI Agha Kan ohia fintzen hasia da urtebetez geldirik egon ostean. Oraindik errodajea faltako zaio baina guk begi bat botako diogu hurrengoetarako.

Gure hautua: 2 PRESIDENCY – 3 ANOTHER DAY OF SUN – 5 MOUNTAIN GUARD

2. Lasterketa: Damen bateria (behorrak, 1.500 m). 12:20.

3 SOUPHA ohituta dago behor onenak menderatzen. Zubietan hirutik bitan gailendu zaie bere sexukoei. Madrilgo azkenekoan huts egin du, arren kontra, hori bai. Duela urtebete ez genuen zalantzarik izango berarekin baina oraingo bere sasoi punttua susmopean daukagu. Balio handiena eta distantzia ezin egokiagoan. Berrengaiatua. Zerbaitek esaten digu huts egin dezakeela. 2 LINDA dotore irabaztetik dator Battle of Waterloo poltsikoan zuen lasterketan. Kilo asko ditu kontra gaurko faboritoarekin alderatuta. Baina beti pentsatu dugu behor ona dela -ninian gordeta daukagu bere debut ikusgarria- eta bere arazoak konpondu badizkiote gorantz jauzi egin behar du. Sasoi betean dabil. Gure faboritoa. Sorpresa. 1 ALGAIDAk lau lasterketa jarraian errazegi irabazi ditu hemen batere borrokaru gabe. Denak 2 kilometrotan izan dira. Oraingo 1.500ekoa oso distantzia laburra da berarentzat baina Hrubosovaren deskargua baliatuko du kokatzeko. 5 ASCENSION DIRECTEk zertxobait dezepzionatu gintuen azkenekoan hemen. Pisuz nahiko kaltetuta irtengo da faboritoekiko, baina hauen hutsak eta lokatza aprobetxa ditzake kokatzeko.

Gure hautua: 2 LINDA – 3 SOUPHA – 5 ASCENSION DIRECTE

3. Lasterketa: Gipuzkoa Kirolak – Kirola balioekin (handikap 1. zatia, 2.000 m). 12:55

6 SISONek txundituta utzi gintuen zein erraz nagusitu zen hemengo 2.200 metrotan. Frenatu nahiean handikapean 4,5 kiloko zartakoa eman diote. Halere errepikatzen dutenen itxura hartu genion. Orduko parametro berdintsuak -distantzia zertxobait laburragoa bere kalterako- berriz irabazteko. Rail Linken seme honekin goaz. 9 IVAN EL TERRIBLErekin Monceauxek barruko errail astunena aukeratu zuen okarrera hartan, postu hobe bat ez lortzea suposatu ziona. Hemen udan irabazi zuen eta handikapean bueltatu da pisu horretara. Pista zenbat eta astunago gusturago. 5 FIRST CORNILLIERE garaipenaren ingurumarian dabil baina beti norbait aurreratzen zaio. Janacek kontratatu dute egoera honekin amaitzeko. Oso arriskutsua da portugaldarra. 1 URBAN ROCK espero baino motelxeago korritu zuen pasa den astean Parabakek irabazitako salmentakoan. Saccuren deskargua eskertuko du handikap honetan. Oso ondratua da. Gertu ibiliko da. Eta, nola ez, 3 IRON ROCKek ere parte hartuko du hemen. Distantziaz kanpo eta bateria agortuta, ez dugu borrokan espero. Baina berarekin batek daki….

Gure hautua: 6 SISON – 9 IVAN EL TERRIBLE – 5 FIRST CORNILLIERE

4. Lasterketa: Giralda Turf saria (handikap 2. zatia, 2.000 m). 13:30

8 JASMINE portugaldarrak bi garaipen eta bi bigarren ditu hemen bere azken lau karreretan. 3,5 kiloko igoera suposatu dio azken garaipenak baina ez zaigu oztopo handiegia iruditzen sasoi betean baitabil. Valenzuelaren deskarguarekin, irabaztera berriz. Handikapeko soto ilun honetan bere betiko eskolta 2 LA FRISLA denez berarekin kontatuko dugu oraingoan ere. 3 ATLANTICO berrengaiatu du Tsereteli entrenatzaile georgiarrak. Ez da ohikoa bere presentzia gurean eta astearterako Janacek kontratatu du. Madrilen garaipenak ihes egin zion igandean eta gurera ez da alperrik etorriko. 10 OCTAVIA MINOR aspaldiko partez kokatu zen bere azkenekoan luma-pisua probestuz. Orduko baldintza beretsuetan, emaitza antzekoa espero daiteke. Kokatzeko.

Gure hautua: 8 JASMINE – 2 LA FRISLA – 3 ATLANTICO

5. Lasterketa: Portaletak saria (Estatuan jaiotakoak, 2.000 m)

2 NADERri urtebete kostatu zaio berriz garaipena lortzea. Madrilen orain bi aste gaztetako grina atera zuen, gaindituta zegoenean bueltatu eta Rey Antoniri karrera ostutzeko. Energia horrekin hemen irabazteko moduan dagoela iruditzen zaigu. Pista maite du -3 garaipen bertan- eta lur sakonak zeresanik ez. Ea Sousak denboraldiko lehenengoa poltsikoratzen duen. 1 BREY DE VALIENTEk hiru karrera irabazi ditu segidan, estatuan jaiotakoetan aurkarien ahuleziaz aprobetxatuz. Pisu gogorregia (64 kilo). Eskerrak Saccuren gidaritzak 3,5 kilo arinduko diola. Hau ere gure ibilbidean iaioa, plisti-plastan pozik eta sasoi betean. Leiha estua izango dute biek. 3 ROBLE gaztetxoa -3 urte- arretaz jarraituko dugu. Parisetik dator, 31 balioan, eta aurrenekoz Enrique Leonentzat korrituko du. 4 PULGARCITAren matrikularekin bizi ibili dira. Hipodromoko behorrik apalenetakoa izanik, hemen azkena izanda ere 550€ eramango ditu. Okerrik ezean, bere aurreneko xoxak eta behortegiaren hirugarren kobrantza urtean…

Gure hautua: 2 NADER – 1 BREY DE VALIENTE

KOMUNIKABIDEEN PRONOSTIKO LEHIAKETA

Komunikabideen txapelketan zertxobait gorago gaude, azken txanpari begira. Ea azken jardunaldi honetan erremate polita ateratzen dugun goiko postuetan bukatzeko:

Abenduak 8: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top