Jardunaldi nimiñoa Urrezko Koparen egun handiaren atarian. Egutegia diseinatzen dutenek buelta bat gehiago eman beharko liokete hurrengo urtean. Aste hauetan jardunaldi pilaketa izugarria dago eta zaldi gutxi. Horrela programa hezur eta azal geratzen da. 33 zaldi bost karreretan. Tartean behor miliarrak ikusteko aukera proba polit batean. Hau gure analisia.
1. Lasterketa (17:30): Irish Thoroughbred Marketing saria (2 urteko moxal emeak). 1.400 m
02 LUARCAk bi urterekin nabarmentzeko jatorria dauka. Kodiacen alabak debut polita egin zuen, berde zegoela azalduz. Jakinda Arizkorretaren bi urtekoak lehiaketaren bat behar izaten dutela puntuan jartzeko, dudarik gabe, gailendu beharreko aurkaria bihurtzen da automatikoki. 01 DUNYAk apunte txiki bat utzi zuen debutean baino segituan jabetzaz aldatu da. Ikuilu boteretsu batetik Enrique Puenterenera pasa da. Kantabriako hondartzetan Puentek lan handia egiten du zaldien osasunaren alde, beraz pentsatzekoa da honekin ere lana izango duela aurretik. Debutarien artean errazagoa egiten da 03 AZULen alde egitea, Lore Tokiko 04 TURIAren aurrean.
Gure hautua: 2 LUARCAk errex irabazi beharko luke.
2. Lasterketa (18:00): Galarreta-Jai Alai saria (salmenta). 2.000 m
Elarre magoaren erosketa horietako bat da 02 HONOR BERE. Antzeko lasterketa batean garaipena lortu zuen Ekainean eta ondoren Deauvillen saiatu zen baina arazoak izan zituen ibilbidean. Ordutik, nahiko txukun aritu da Mont-de-Marsanen eta prest azalduko da garaipena errepikatzeko. 01 BRISCOLA forma bikainean dabil. Jabea igoko da zelan eta ongi aritzen bada garaipenerako borrokan ikusiko dugu. 03 PARABAK ez da lehengoa. Hondarra eta fibran ondo aritzen denez Sanlucarreko hondartzetan saiatu ziren berarekin baina abentura ez zen ondo atera. Plana aldatu beharrean ikusi dira. 04 GRANACCIk ez du ezer ere jakin nahi azkenaldian, burua okertu egiten du nekea sumatzean. Nahiko balu…
Gure hautua: 2 HONOR BERE – 1 BRISCOLA – 3 PARABAK
3. Lasterketa (18:30): Revirado saria (Espainian jaiotakoak). 2.000 m
Baloreak kontutan izanda, Arizkorretaren bi zaldiren arteko lehia ikusiko dugu 01 TRONIO eta 04 ASTURIAS. Arrak emea baino 9 kilo gehiagorekin aritu beharko du (62.5 vs 53.5) eta hori alde nabarmena da edozeinentzat. Opari handiegia lasterketa “faltsua” bihurtzen ez bada behintzat eta azken esprinean erabakitzen den. Atzetik 02 JUST ONE LOOKek hirugarren postua poltsikoratu beharko luke 03 TOSCAren aurretik.
Gure hautua: 4 ASTURIAS – 1 TRONIO – 2 JUST ONE LOOK – 3 TOSCA
4. Lasterketa (19:00): El Molino del Lobo saria (handikap). 2.200 m
01 SISON irabazteko desiatzen zebilen azkenaldian eta baita lortu azkenekoz. Hilabeteko atsedenaldiak on egingo zion eta aukera aparta iritsi zaio handikap honetan garaipena errepikatzeko. Borrokan ziur. 09 EIGHTEEN POEMS zaharrak emaitza txar pilaren ondoren, esnaera moduko bat erakutsi zuen orain dela hiru aste. Ezin du pisuz arinago egon, adi. 04 COSSIO forma onean dabil Zubietan zein Madrilen eta distantzia luzea egiten ez bazaio garaipenerako borrokan egon beharko luke. 02 JOE BLINNING pisuz oso eroso azaltzen da Zambudioren deskarguari esker. Zaldi lasterketak matematika hutsa izango balira…
Gure hautua: 1 SISON – 9 EIGHTEEN POEMS – 2 JOE BLINNING
5. Lasterketa (19:30): Asenel saria (behorrak). 1.600 m
Eguneko lasterketarik itxurosoena. 04 DREAM OF WORDS kalitate handikoa izan da beti. Azkenaldian ez du lasterketarik irabazi baina denboraldi lasai baten ondoren, forma puntua irabazi zuen Ekainean zehar. Zubietan gustura aritzen da eta jockeyak ondo ezagutzen du. Gure faboritoa. 06 LEITZAk gora eta gora egin du Marc Comasek hartu zuenetik, bi garaipen lortuz. Handikapean gora egin du eta aukera egokia da lasterketa honetan aritzea Zambudioren deskarguarekin. Forma ezin hobean. 07 ANAZ Bering zalditegitik Elarrenera pasa da. Azkenekoetan distantziaz kanpo aritu da, bai luzetik, zein motzetik. 1600 egokiena izan daiteke eta lehiakide guztiak zama askoz handiagoarekin arituko dira (50.5 kg-rekin arituko da Anaz). Elarre faktorea lagun.
Gure hautua: 4 DREAM OF WORDS – 6 LEITZA – 7 ANAZ