Iritsi da egun handia. 15 lehiakide izango ditugu Urrezko Koparen bila. Azkenean 3 zaldi kanpoan gelditu dira parte hartu ezinik. Pena karrerari nazioarteko dimentsio nabarmenagoa emango baitizion. Jardunaldia arratsaldeko seietan hasiko da eta PMU saretik jarraitzeko aukera izango da. Euria espero da astebukaerarako (ea ba!!!) eta pista agian zeozer bigunduko du. Premia ederra dauka.
Karrera guztien analisia ohi bezala lerro hauetan aurkituko duzue.
5. Lasterketa (20:15): Donostiako Urrezko Kopa (Defi du Galop-aren 10. etapa). 2.400 m
Urrezko Koparen analisia Twitter bidez punttuka osatu dute @Lisselan_Fan eta @Euskalturf txiolarien eskutik. Zaldi bakoitzaren banerrean sakatu eta berari buruzko iritziak, bideoak, pronostikoak eta abar aurkituko duzue. Bertan zure ekarpena ere utz dezakezu.
1. Lasterketa (18:05): Easo edari banaketa (3 urteko moxalak). 2.000 m
03 LISICLES (Aspasia de Miletoren semea) da proba honetako faborito nagusia. Madrilgo hondarrean garaipen oso argia lortzetik dator eta hobekuntza suposatzen zaio. Baina ez du gure pista ezagutzen eta guk, oraingoz, hotzgailuan utziko dugu. Konfirmatu arte. 02 COOLMEEN VEGA Arizkorretarenak aldiz oso ondo irabazi zuen gurean apirilean eta honi ere hobekuntza suposatzen zaio. Halere 4 hilabete korritu gabe ematea ez da seinale ona. Edonola berarengan dugu konfidantza. 05 CORVERAk hemen irabazi die berriki Nazira eta Robayera bezalako erdi mailako elementuei. Ez da izar bat izango baina besteen ahuldadeak aprobetxatuko ditu. 01 CAPOEIRA eskarmentu handiko moxala da (5 karrera IREn, 7 FRn eta 1 SPAn) azkenik Madrilen irabaztea lortu duena, Tseretelli (Hardpiaren trainerra) georgiarraren eskutik. 61 kilo asko dira bere 29 balio apalerako. Asko hobetu beharko luke.
Gure hautua: 02 COOLMEEN VEGA – 05 CORVERA – 03 LISICLES.
2. Lasterketa (18:40): Wathba Stallion Cup (arabiar ez irabazleak). 2.000 m
Besteetan esan dizuegun bezala arraza honetako zaldiei buruz tutik ez dakigu. Han eta hemen entzundakoen arabaera osatu dugu pronostiko hau. Bakarrik kasu egin beste ezer hoberik ez baduzue topatzen.
Gure hautua: 06 SUN AMER – 01 UNITED SPIRITS – 05 MURSHID
3. Lasterketa (19:15): Aratz erretegia (3 urtetik gorakoak). 2.200 m
Aratzeko lagunen txuleta 02 COBRECESek eramango duela uste dugu. Teorian ez dauka beste batzuen balioa (35) baina sasoi betean dabil eta horrek asko balio du. Berriki La Testen berriz irabazitakoa da borrokarako grina berezia erakutsiz. Gure faboritoa. 05 EL CANEY (Golden Horn) Alburquerqueko Dukearen ohiko fermentazio mantsoko produktua da. 4 urte ditu eta bakarrik 9 karrera. Poliki-poliki. Madrilgo hondar-diskotekan pasiatu berri da baina inor atzean utzi gabe. Suposatzen da sari handietarako proiektua dela eta udaberrian hitzordu potolo batzuetan hartu du parte, lotsagarri geratu gabe. Hortxe egon beharko du. 03 DEFINED (hau ere Golden Horn!) Rocio Behortegiaren enegarren fitxaketa ustela da. Sari handienetarako erosia ez du mailarik eman. Porrot kezkagarriren bat ere badu galdu ezinezko karrera horietako batean. Azkenekoz hemen bere jockey amateurra bota zuen. Kontrako begitik sartu zaigu. 04 HADES Alburquerqueko Dukearen eskuetatik Anayarenetara pasa denetik kohete baten antzera doa garaipenak erreskan kateatuz. Denak Madrilen. Hemen ez da sekula aritu eta agian bere olatua jada pasa da. 06 GAHERIS Alvaro Odriozolaren zaldi irlandarrak erakutsitakoa baino askoz gehiago balio omen du. Goazen ikustera ba.
Gure hautua: 02 COBRECES – 05 EL CANEY – 06 GAHERIS
4. Lasterketa (19:45): Alejandro Padilla (handikap 2. zatia). 1.500 m.
02 COSTA ESMERALDA zaharra (8 urte) gure pistako klasiko bat da. 16 aldiz korritu du hemen eta bitan bakarrik geratu da kobratu gabe. Garai haietan lehenengo mailako handikap dotoreetan aritzen zen. Orain berriz, krisi luze baten ondoren hondoa jo eta zulo likits honetan lehiatu behar du. Baina Madrilen oraintsu berpiztu da Headhunter eta Elaamir hondarreko izarrei egurra emanez. Oso baxu dago handikapean. Irriparra behin berreskuratuta, hemen ez du arazorik izango. 05 KAKAROTTO moxalari ia ondo atera zitzaion bere ihesaldia aurrekoan. Ozta-ozta harrapatu zuen Roblek helmugan. Distantzia laburragoa orain, askoz hobeto. Sousarekin berriz (ez du bat barkatzen!). 04 PEKEN gaztea ere etengabe irabazteko dagoela adirazten ari da baina pisuak galga jartzen dio. Gaur ere 62 kiloko zama kudeatuko du Janaecekek. Gehiegitxo gaztetxoarentzat. 03 MACHU PICCHUk ere abisu batzuk utzi ditu azkenekoetan. Oso baxu dago hau ere handikapean. Bere entrenatzaileak han eta hemen matrikulatzen du, zeozeren bila, noraezean. Agian gaur asmatzen du. Behintzat, ezin du beherago egon. 08 FORCE CATek ia irabazi du bere azkena Mont de Marsansen. Aurretik hemen ilun xamar aritu da. Ez da batere erregularra, ezta fidatzekoa. Auskalo.
Gure hautua: 02 COSTA ESMERALDA – 05 KAKAROTTO – 04 PEKEN
6. Lasterketa (20:45): Culmia Harribitxi (handikap 1. zatia). 1.500 m.
08 BATTLE OF WATERLOOk aise gainditu zuen 2. mailako lote bat Borja Fayosen bultzadarekin. Garaipen oso argia, errepikatzeko modukoa. Garai batean izan zen zaldi hura gogoratu zigun. Ordukora gerturatzeko oraindik handikapean tarte handia du. Distantzia oso egokia eta Fayos berriro. Goazen! 04 IRON ROCK portugaldarra gure handikapetako errege bilakatu zen duela bi denboraldi. Ez zuen bat galtzen. Aspaldian ez da batere txukun aritu eta horregatik handikapean asko jaitsi da. Arestian Mont de Marsansen abisatu du jada bergaituta dagoela, bigarren eginez. Orduan bezalaxe, orain ere Janacekek eramango du. Zalantza gutxi. 06 LEITZAk oso berragerpen ona egin zuen orain bi aste. C. Perezen deskarguari esker berriz aukera polita izango du baina nahiago izango genuke handikaparen bigarren zatian ikustea. 01 BAADIR, Jesus Lopezen ikulu osoa bezalaxe, txinpartak ateratzen dabil, sasoi betean. Ezustea ematetik dator eta oso arriskutsu dago baina 63 kilo horiek atzera botatzen gaituzte.
Gure hautua: 08 BATTLE OF WATERLOO – 04 IRON ROCK – 01 BAADIR