zaldilasterketak.eus

Abuztuak 15: kronika eta argazki galeria

Eromena hipodromoan. Jendez gainezka. Urrearen dizdirak erakarrita, sekulako jendetza bildu zen, aspaldi ez bezalakoa. Horrek ezerosotasun ugari sortu zituen instalazioetan eta pentsakor utzi gintuen zergatik gainontzerako jardunaldietan zergatik ez den ikusle laurden bat sikiera ere biltzen. Kudeatzaileek badute zer aztertu.

Arratsalde ederra zentzu guztietan. Giroa, jendetza, eguraldia… eta Urrezko Kopa ireki bat. 15 partaide asko dira eta aldagai asko kontuan hartu behar ziren pronostikoetarako. Azkenean, ibilbide egoki bat bilatzea izan zen giltzarria eta horretan bizkorrenak Ricardo Sousa eta Oscar Anaya izan ziren IL DECAMERONE zaldiarekin. Zorionak biei!

1. Lasterketa: Easo edari banaketa (3 urteko moxalak). 2.000 m

Argazkia: Dabid Argindar

03 LISICLESek (Aspasia de Miletoren semea) hondarreko bere garaipenak eman zion faborito papera berretsi egin zuen, aginte handiz. Jatorria ikusita eta bere prestatzaileak duen patxara haintzat hartuta udazkenean kontuan hartzeko moduko elementua izan daitekeela iruditu zitzaigun. Oso erraz aritu zen. Helmugan familia argazkia atera zuen 05 CORVERAk. Izan ere hau LISICLESen “izeba” baita (Aspasiaren ahizpa). Honek hemen emandako balioa berretsi zuen eta bigarren postua eroso eskuratuz. Hirugarren 06 CHAMALE safsafa izan zen erremate berandutiar baina interesgarri batekin.

Bere tokian: 05 CORVERA / Huts: 02 COOLMEEN VEGA / Jarraitzeko: 03 LISICLES

2. Lasterketa: Wathba Stallion Cup (arabiar ez irabazleak). 2.000 m

Argazkia: Dabid Argindar

3. Lasterketa: Aratz erretegia (3 urtetik gorakoak). 2.200 m

Argazkia: Dabid Argindar

Urrearen ordez kontsolamenduzkoa eraman behar izan zuen Rocio behortegiak 03 DEFINEDekin. Bere azkenekoak ikusita susmopean geneukan baina haiek gezurtatu eta maila honetan bere tokia baduela frogatu zuen. Ondo estutu zion 05 EL CANEYk Sousarekin. Beste honek oraindik gorago jo dezakeela uste dugu, itxura polita utzi zuen. 06 GAHERISek aldiz, berriz ere gezurtatu egin zituen berari buruz aurretik esaten zirenak (zurrumurru handia hipodromoan). Asko hobetu beharko du, bere jabeak dioen bezala, hurrengo urtean Urrezko Kopan egon nahi badu. Besteen artetik, azpimarratu, gurean ohi duen bezla, 07 SISONek oso ondo korritu zuela eta 02 COBRECESek ezin izan zuela punta hartu berari gustatzen zaion bezala. Hurrengoetan.

Bere tokian: 03 DEFINED / Huts: 02 COBRECES / Jarraitzeko: 05 EL CANEY

4. Lasterketa: Alejandro Padilla (handikap 2. zatia). 1.500 m.

Argazkia: Dabid Argindar

02 COSTA ESMERALDA zaharra bere 8 urterekin bueltan da. Gure pistan karrera hobeetan parte hartzen ohituta, bigarren parteko handikap batean ezin zuen huts egin. 05 KAKAROTTOk ohi bezala alde egin zuen eta oraingoan bazirudien iritsiko zela baina azkenean Gelabertek 02 COSTA ESMERALDA barrutik sartu zuen garaipena eskuratzeko. 11 HANNAk bere aurreko urteetako karrerak gogoratu zituen eta Zambudioren laguntzarekin (nola ari den kantabriarra!) hirukoa istea lortu zuen. 04 PEKEN gaztea berriz ere pisua ezin mugitu ibili zen eta 03 MACHU PICCHU gertu dabil, laugarren, baina karrera bat ezin borobildu. Besteak ahazteko modukoak.

Bere tokian: 02 COSTA ESMERALDA / Huts: 08 FORCE CAT / Jarraitzeko: 05 KAKAROTTO

5. Lasterketa: Donostiako Urrezko Kopa (Defi du Galop-aren 10. etapa). 2.400 m

Argazkia: Dabid Argindar

Gelako bizkorrenak beset maisu-klase bat eman zuten atzo Urrezko Kopan: Ricardo Sousa eta Oscar Anayak. Jockeyak 05 IL DECAMERONEri ibilbide burutsuena eman ziolako. Barne-barnetik, metro bat galdu gabe, eta zuloa aprobetxatzeko kokapen ezin hobean. Eta Oscar Anaya entrenatzaile argentinarrari hain begi fin izateagatik, beste behin, bigarren eskuko zaldia erosi, birgaitu eta txapeldun bilakatzeagatik. Biek ala biek aspaldi merezi zuten urrezko errekonozimendua eta atzo iritsi zitzaien. Ederki merezita, urteotako onenak izaten ari dira eta. Bejondiela!
Jakina zen, hainbeste partaiderekin, ibilbidea erabakiorra izango zela azken emaitzan. 15 zaldi lehian asko dira eta pista azkar batek ez du gora-behera txikiena zuzentzeko tarterik uzten. 10 THE WAY OF BONNIE azkena geratu zen irteeratik eta lanak izan zituen, eta metroak galdu, lekua bilatzeko azken zuzenean. Larrutik ordaindu zuen eta 3. postuarekin konformatu behar. Fayosek ere atze-atzetik erraila libre aurkitu zuenean hor jaurti zuen indartsu 08 PHILAU. Erremate bikain baina berandutiar batekin bigarrena eskuratu zuen, sorpresa emanez. Baina ordurako, barruko autopistatik 05 IL DECAMERONEren abantaila kitatu ezina zen. 01 BERKANEk laugarrena erdietsi zuen karrera txukun batean. Dezepzioen atalean, karrera itxi zutenena: 06 NINTH TITAN eta 14 WHITE KING. Lehenengoa ez zen batere eroso aritu bide osoan, kanpo-kanpotik tropela pasa nahiean lehenengo bihurgunean eta trakets karrera osoan. Gazteak berriz pista bigunagoa behar agian eta Bugattin ere gorriak ikusi zituen, liskar guztien tartean, toki txukun bat aurkitzeko. Biek badute aitzakiarik.

Bere tokian: 10 THE WAY OF BONNIE / Huts: 06 NINTH TITAN / Jarraitzeko: 08 PHILAU

6. Lasterketa: Culmia Harribitxi (handikap 1. zatia). 1.500 m.

Argazkia: Dabid Argindar

Julia Zambudio, beste behin. Maisu-gidaritza eman zion 02 LINDA eternalari. Eternala diogu, ez adinarengatik, hemengo helmugan beti argazkian ateratzen delako baizik. Honek eta Leader´s Legacy apalek urtea txukuntzen ari zaizkie Mirafloresekoei. Puntan egin zuen ibilbidea eta 08 BATTLE OF WATERLOOren azken erasoari eutsi ahal izan zion. Faboritoak irteera eskasa izan zuen eta Fayos galdutako metroak berreskuratzen saiatu arren ez zitzaion nahikoa izan. 01 BAADIRRek, pisu gogorrarekin, azkenerako utzi zuen bere errematea hirugarren izateko balio izan ziona. Hurrengorako. Huts egin zuen 04 IRON ROCKek, agian biguna behar zuelako edo.

Bere tokian: 08 BATTLE OF WATERLOO / Huts: 04 IRON ROCK / Jarraitzeko: 01 BAADIR

Argazki galeria

Abuztuak 15: kronika eta argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top