Abuztuan jada sartuta sari handietako azken prestakuntzakoak ikusiko ditugu, plater nagusien bezpera hauetan. Zehazki Eusko Jaurlaritzarako azken proba izango dute miliarrek, lau urtetik gorako zaharrek alde batetik eta hiru urtekoek bestetik. Urrezko Koparako prestakuntzazkoan ez bezala, oraingoan interesgarriagoa iruditzen zaigu gazteen proba, zaharrenean EJn paper inportanterik izango duen elementurik ez baitugu ikusten.
1. Lasterketa: Oferplan saria (salmenta)
Salmentakoetan, jakina da, sasoiari erreparatu behar zaio beste ezeri baino gehiago. Batzuk osasun eskasarekin, besteak sasoirik ez, denbora luzez korritu gabe… auskalo horko asko zergatik dauden salgai. Kontua da 2 URBAN ROCK asko nabarmentzen dela susmoz betetako lote honetan. Pistan irabazi berri, pisuan, sasoian, distantzia egokian eta jockey fidagarriarekin, irabazi behar duela uste dugu. Bai ala bai. Hortik aurrera komeriak. 1 METKAIF ez da gaizki korritzen ari, baina ezta oso ondo ere. Pisuz larri eta distantziaz luzetxo. 5 ALGAIDA pistan irabazlea da, baina aurtengoak oso ilunak ditu eta bitan erretiratuta izan da. Bere albaitariak jakingo du nola dagoen. 6 ASCENSION DIRECTE ere hemen irabazlea da, baina ekaina bukaeran berregertu da 10 hilabetez lehorrean egon ondoren eta 1.600ekoa da. Pisuz ondo baina agian oraindik gehiago aritzea falta zaio. 7 DREAM STARTek denak aho bete hortz (332/1!!) utzi gintuen aurreko igandean Lone Peakekin borrokan ikustean. Hiru urte zeramatzan pistetatik kanpo. Ikusiko dugu egun bateko txiripa izan ote zen edo ez. Halere, distantzia laburragoetakoa ematen du. Igandekoa errepikatzen badu nahikoa du saltsan ibiltzeko, lotea zuloz beteta baitago.
Gure hautua: 2 URBAN ROCK – 1 METKAIF – 7 DREAM START
2. Lasterketa: Criterium Nacional (2 urtekoak)
Aurreko astean Foru Aldundia sariarekin esan bezala, hau ere maldan behera doan saria iruditzen zaigu. Aurten gainera, COVIDaren asuntuarekin hain proba gutxi izan dira 2 urtekoentzat, azkenean kontrasterik gabeko partaide eskas batzuk lehiatuko dituztela 9.000 euroak. Faboritoak 1 MACHU PICCHU eta 3 TUNANTE izango dira, J.A. Rodriguezen patiokoak. Madrilen zertxobait erakutsi duten bakarrak baitira, ez aparteko meriturik erakutsi dutelako. Baina etxe horrek gazteenekin egiteko modua ez digu gehiegi konbentzitzen eta beste nonbaiten bilatuko dugu irabazlea. 4 BRUJILDA Arizkorretaren zalditegikoa da, lasai debutatzearen sinonimoa. Baina saria eta arerioak ikusita ez ginateke harrituko irabaziko balu. Aspalditik prest dagoela dio trainerrak eta bere ama Gang of Ten da, ezin ahaztu hemen nola irabazi zuen Maria Cristina 2015ean. Klase handi eta izakera zaileko behorra. Horregatik bakarrik berarengan jarriko dugu gure konfidantza. Lightning Moon Torredueroko hazitako zaldi “berriak” hiru partaide ditu hemen, aita gisa kurrikuluma estreinatzeko aukera paregabea.
Gure hautua: 4 BRUJILDA – 1 MACHU PICCHU – 3 TUNANTE
3. Lasterketa: Insalus saria (3 urteko moxalak)
Arratsaldeko momenturik interesgarriena gure ustez. 1 SALAR ISLANDek behin bakarrik galdu du estatuan Nijinsky zalditegi donostiarrekoek Frantzian erosi eta ekarri zutenetik, Rodaballok irabazitako Poulean. Ordura arte nagusitasun handiz aritu da bere adinekoen artean. Huts hark aitzakia badu, ibilbidean arazo handiak izan baitzituen. Ez dugu uste Rodaballo baina gutxiago denik. Hemen pisua eman arren nagusitasuna erakusten jarraituko duela uste dugu. 7 UNTITLEDek garaipen ikusgarria lortu zuen hemen. Ondoren Madrilen irteeran geratu zen baina erremate polit bati esker laugarren izatera iritsi zen, kalitatea erakutsiz. Hari horretatik tiraka, eta ondo irten ezkero, hemen borrokan ibiliko dela uste dugu. 5 MUGUETAJARRAk txanpa hartu du eta bi garaipen lortu ditu segidan, lote eskasagoetan. Orain gelako oilarren kontra neurtu behar da El Toporen anaia hau. Pista lehorra balego hobeto berarentzat. Bere benetako neurria ezagutuko dugu. 3 BAADIR Madrilen irabaztetik dator eta balio segurua da, inork baino esperientzia handiagoa du. Ez dirudi faboritoaren mailara irits daitekeenik, baina oraindik zertxobait hobetu dezake. 8 FAVEUR GRINE oso prestua da eta bere onena emango du berriz. Hrubosovaren deskarguarekin oso arin aterako da, 7 kilo arrekiko eta ia 10 faboritoarekiko! Arintasun hori balia lezake ustekabekoa emateko. Ez ahaztu hemen Navia gainditu zuela…
Gure hautua: 1 SALAR ISLAND – 7 UNTITLED – 5 MUGUETAJARRA
4. Lasterketa: Teledonosti saria (2. zatiko handikapa)
3 IRON ROCKek bere mailarik onena ematen du gure pistan. Duela bi aste lortutako garaipena errepika dezake oraindik handikapean tartea du eta. Iaz 29ko balioraino iritsi zen hemen eta egun 25,5ean dago. Fayosekin berriz, garaipenetik oso gertu ibiliko da. Orduko hartan 9 BELLA CANARIAS hartu zuen menpean, hau Lara Martinez gaztearekin zihoala. Oraingoan 2 kiloko abantaila handiagoa izango du gazteak errebantxa hartzeko. 1 JAROCHOk denak harrituta utzi gintuen 1. zatiko handikapean irabaziz bere azkenekoan. Orain mailaz jaisten da eta arerio hauek ahulagoak direnez, lehenengo aukera bat izan beharko luke. Biguinak lagunduko lioke. Halere, bi urte badira hain balio altura ez dela iritsi eta honez gero zortzi baditu. Zalantzan. 7 DUENDECILLOk hemen urtero irabazten du bere handikapa. Jada berragertuta, prest egon daiteke. Edo honetan edo hurrengoan. Dena den, eskalan bere egoera ez da iaz bezain erosoa. Beste batzuk zorrotzago egongo dira gaurkoan. Agian oraindik karreratxo bat falta zaio sasoi punttu ona aurkitzeko. 12 STORMY DANCEk huts egin zigun aurrekoan, dena alde zuenean. Agian estreinatzen zituen betaurrekoak ez zitzaizkion gustatu. Orain kentzen dizkiote. Azken aukera emango diogu. Galtzailetik irtetzeko ez du horrelako gehiagorik izango. Azken aukera.
Gure hautua: 3 IRON ROCK – 1 JAROCHO – 9 BELLA CANARIAS
5. Lasterketa: El Diario Vasco saria
4 BILLYCOCK HILLek bere azkeneko lauetatik 3 irabazi ditu. Berdin zaio belarra, hondarra, lokatza…. zaldi ezin fidagarriagoa da. Baina oraingoan agian metro gutxi batzuk sobratuko zaizkio. Halere, aukera bikaina ikusten diogu. Pista bigunduko balitz, hobeto. 3 ARAB POET izan behar zuen gure faboritoa baina erretiratu egin da. Orain hilabete programa hau esku artean izan bagenu inork ez zuen zalantzarik izango: 2 KING MALPICek hanka bakarrarekin irabazten du hau. Baina Frantzian 3G irabazitako Peslier familiaren zaldi honek estatuan egin dituen bi agerpenak oso grisak izan dira eta animoak asko apaldu dira. Madrildik Zubietara aldatzeak on egin diezaioke eta distantzia hau egokia da berarentzat. Beste kategoria bateko zaldia denez, azken aukera bat emango diogu. 1 FURIOSOren inguruan beti oso ondo hitz egiten da baina ez ditu inoiz aurreikuspenak betetzen. Carudelen karrera txukun xamarra egitetik dator eta orain betaurrekoak jartzen dizkiote zentratzeko. Distantzia laburregia. Kokatzeko, baina konbentzimendu handirik gabe. 6 CAÑEDO ez da iristen faboritoen mailara. Baina oso fidagarria da, sasoian dago eta pistan oso ondo moldatzen da. Goikoek huts egiten badute kokapen bat arrantzatuko du.
Gure hautua: 2 KING MALPIC – 4 BILLYCOCK HILL – 6 CAÑEDO