Urrezkoaren ondoren beste luxuzko hitzordua: Eusko Jaurlaritza saria. Azkarrenen lehia, ziztu batean 1.600 metro egiteko. Jardunaldia ohiko ordutegira itzuliko da (17:30) eta ea aurreko astean bisitan izan genituen horietako asko bueltatzen diren Zubietara eta beste jardunaldi jendetsu bat bizitzen dugun. Astean zeharreko euriek pista leundu egingo dute. Premia badu. Hau programaren gure analisia:
1. Lasterketa (17:30): Ayerdi bitxidenda. 1.400 m.
Jaurlaritzara ez doazenen “kontsolamenduzko” proba. 04 RAIKU proba nagusian izena emanda bazegoen ere hemen parte hartzea erabaki dute. Rocioren fitxaketa honek muturra erakutsi zuen SPEAK IN COLOURS eta ORZOWEIren atzetik prestakuntzazko karrera hartan. Orduko arerioak hitzordu nagusian arituko dira. Piskatxo bat hobetu badu hemen nagusitu beharko litzateke. Frantzian horretarakio balioa eman zuen (39). Halere, bere ikulukoak ez dabiltza oso fin. Faboritoa. 03 VETONA irabaztetik dator oso arerio ahulen kontra. Biguna alde izango luke baina distantzia piskatxo bat laburra. Forma alde du. 01 CUPPACOFFEE gladiadore zaharrak ere irabazi zuen hemen azkenekoan. Punta hartu eta kostako zaio askatzea. Bere garai onenak pasata daude baina besteen hautagaitzak ere ez dira oso fidagarriak. Ez genuke baztertuko. 05 XAY XAY gazteen prestakuntzazkoan aritu zen eta ez gaizki. Cristina Perezen deskarguarekin oso arin aterako da eta agian kokapen bat harrapa lezake.
Gure hautua: 04 RAIKU – 03 VETONA – 01 CUPPACOFFEE
2. Lasterketa (18:05): Serbilau saria (handikap 1. zatia). 2.000 m
05 RAMIRIQUIk sorpresa eman zuen duela bi aste LEADER´S LEGACY estutzeraino erremate sendoa utziz. Gaurko konpainia askoz ahulagoa da eta ez luke arazorik izan beharko irabazteko. Sousa falta eta handikapean sabaia jo duela dirudien arren. Faboritoa. 06 BABY GROOMek huts egin zigun aurrekoan agian erritmo biziegian korritu zelako. Baina ez dugu ahaztutzen IL DECAMERONEren Quintean oso gertu ibili zela. Janacekekin berriz, seinale ona. Erne berarekin. 01 ANAZen udako zortzigarren karrera da. Guztietan kokatzen ari da baina bat bera ere errematatu gabe. Nekatuta dirudi. Gaur berdintsu. 04 BELLETTI erretiratu zuten azkenekoan paper kontu batengatik. Arerioak ez dira oso lehiakorrak eta berak mailatxoa erakutsi du handikap zailagoetan. Kontuz.
Gure hautua: 05 RAMIRIQUI – 06 BABY GROOM – 04 BELLETTI
3. Lasterketa (18:40): Tattersalls saria (2 urteko moxal ez irabazleak). 1.400 m
Duela hilabete elkarren kontra korritu zuten gehienek Gautena sarian. Ordukoan 02 AMERICANO nabarmen nagusitu zitzaien 07 ENORINA eta 01 AL BARÍN moxalei, pisu baldintza kaskarragoekin. Erreferentzia horrekin ez dugu emaitzan aldaketarik espero. Fayosek gidatuko du Imazena. Faboritoa. Sorpresa etortzekotan debutarien aldetik etor daiteke. Ez daukagu batere erreferentziarik baina Odriozolaren 10 LUCIO VEROren jatorria gustatzen zaigu (Pivotal) eta Janacek zelan ikustea ere bai. Mediterraneo zalditegiko 09 DESILLUSIONek ere ez du jatorri eskasa eta begi bat jarriko diogu. 03 ASTUTO da eskarmentu gehien duenetako bat eta aipatutakoen hutsak balia ditzake hirukoan sartzeko.
Gure hautua: 02 AMERICANO – 07 ENORINA – 10 LUCIO VERO
4. Lasterketa (19:15): Tax aholkulariak (handikap 2. zatia). 2.000 m
08 STERLING GOLDek duela bi aste oso erraz irabazi zuen aurkari hauen kontra. Handikaperrek nahiz eta 2,5 kilo gehiagorekin zigortu ez dute geldituko. A. Gutierrez Val berriz zelan, Ninth Titanekin eraman zuen disgustua kitatzeko pronto. Guk oso argi daukagu. 01 TE KOOP gaztetuta dabil gure pistan aurten. Honi 7,5 kilorekin zigortu nahi izan dute handikapean baina halere irabazteko puntuan dagoela erakutsi du behin eta berriz. Gaur berriz Sterlingen isatsa ikustearekin konformatu beharko. 05 KUKOk apunte ozena utzi ostean huts egin zuen faborito argia zenean. Bere entrenatzaileak pistaren gogortasunari bota zion errua. Euri hauek aitzakia guztiak garbitu behar ditu. Azken aukera. 10 KANTIO Elarrek erosi du bere ikulurako. Oso apala da eta horrelakoak aprobetxatu beharko ditu. Aurrekoan hain distantzia motzean ez zen enteratu ere. Zeozer egitekotan gaur izan behar du. 06 IZASKUN (Teresa handiaren biloba!!!) Madrildik dator propio gurera. Maroto ez da ohikoa gure pistan. Jakina da 3 urtekoak ez direla ondo ateratzen ari zaharren kontrako lehietan. Moxal honek promesa pare bat bota ditu baina borobildu gabe. Errodajea falta zaio oraindik baina ez dugu uste 2. mailakoa izango denik. Adi!
Gure hautua: 08 STERLING GOLD – 05 KUKO – 01 TE KOOP – 06 IZASKUN
5. Lasterketa (19:50): Turismoa Eusko Jaurlaritza. 1.600 m.
Anaya urredunaren 10 SPEAK IN COLOURSek aho zabalik utzi gintuen prestakuntzazkoan. Bere jockeyak merezimendu guztiak batu zituen karrera galtzeko baina zaldi zaharrak, buruan GPS bat balu bezala, bere kasa bidea bilatu eta azelerazio ezohikoa erakutsi zuen karrera akabatzeko. Ez zen nolanahikoa izan. Ez da alperrik 1Gn kokatua eta 2G et 3G irabazlea. Horrelako curriculumik ez dago gure pistetan. Badirudi entrenadore argentinarrak korritzeko gogoa berriz sartu diola. Nahiz eta inoiz ez den 1.400etik gora aritu Zubietan milia motzago egiten da. Asko gustatzen zaigu. Nahiz eta jakin badakigun jockey amateur batek zaila duela garaipena, bereziki 14 partaideren kontra. Ez du gauza handirik egin behar, baina…. 09 SIMPLY STRIKINGek bitan gainditu du Rodaballo, itzaltzen doan Espainiako izarra. Carudelen eta baita 3Gn Chantillyn. Ez du gure pista ezagutzen baina oso profesionala da. Bere 44 balio sendoarekin ez du hutsik egingo. 07 RESACON ere oso fidagarria da bere balioan. Aurreko edizioetan hemen 4. eta 3. egin du. Oraingoan antzera ikusten dugu, pare bat aurretik dituela. 14 SAMEDI RIEN da gazteen artetik aipagarriena. Klasea du eta Madrilen dotoreziaz irabazi die hango behor zaharragoei. Ostera Deauvillen Listed batean oso ondo aritu da, laugarren eginez (45,5 balioa eman dio FGk!). Azelerazio ikaragarria du baina ez dakigu 1.600era iritsiko ote den. Ez du sekula egin. Eta bere ikulua goibel dabil. Zalantzak. Elarreren 04 NORDESTE 100 puntutan aterako da karrera txikitzera. Iaz lortu zuen CITY GENTekin. Ondo kokatuz eta ibilbide ausart batekin saiatuko da berriz baina oraingoan askoz zailagoa izango du. Hirukoak garestitu ditzakeena Gaspar Vaz portugaldarraren 03 HOT SPOT izan daiteke. Sasoi puntu ederrean iritsiko da, oraintsu Deauvilleko Quintean 3. eginez frogatu duen bezalaxe. Sendoa eta oso fidagarria besteen hutsak aprobetxa ditzake. Gaur arte ez dirudi oso Zubietazalea baina bere entrenatzailea gori-gori dabil.
Gure hautua: 10 SPEAK IN COLOURS – 09 SIMPLY STRIKING – 14 SAMEDI RIEN – 04 NORDESTE