zaldilasterketak.eus

Abuztuak 21: Kronika + Argazki galeria

Urrezko Kopako jendetza ikusita ere, hipodromoko kudeatzaileek Eusko Jaurlaritzako jardunaldian sarreren salmentarako bi lehiatila soilik irekitzea erabaki zuten. Horrela, 30 minututik gorako jende ilara luzeak sarrera erosteko eta betiko zaletu batzuk ere (ez ziren gutxi izan) buelta eman zuten etxe aldera Sari Nagusiko jardunaldi batean. Tribunak erdi beteta izango diren jardunaldi baterako internet bidezko erosketa urria (%17 eta %23ko arteko gainkostuarekin) ez dirudi nahiko aitzakia eta argi dago bi lehiatila ez direla nahikoa.

Berdegunean, ezusteko handirik gabeko jardunaldia orokorrean (1.5/1 eta 3,7/1 arteko irabazleak) baina ikuskizun bikainez bustia Eusko Jaurlaritza Sari Nagusian.

1. Joyeria Ayerdi (3 urtetik gorakoak). 1.400m

Kontsolamenduzkoa, Urrezko Kopan bezala, Rocio behortegiak irabazi zuen, hilabete pasatxo Frantzian erositako 04 RAIKUrekin oraingo honetan. Frantziar 39 baloredunak pronostikoa bete zuen 05 XAY XAY eta Mirafloresen 06 INCREDIT eta 02 WHAT’UP bikotea gaindituz. Janacek txekiarrak ez zuen gehiegi estutu RAIKU eta helmungan erregistratuako abantaila baina alde handiagoa erakutsi zuen Showcasingen semeak. Lasterketari irakurpen ilun bat bilatuz, aipatzekoa da nola 01 CUPPACOFFEk ez zuen alderik galdu gainontzekoekin, nahiz eta azken 200 metroetan bere jockeyak ez estutu.

Bere tokian: 04 RAIKU / Huts: 6 INCREDIT / Jarraitzeko: 02 WHAT’S UP

Argazkia: @argindar

2. Serbilau (Handikap 1.zatia). 2.000m

05 RAMIRIQUI behorrak faborito izendapena zuen letra larriz idatzia eta pronostikoa betetzea ez zitzaion astuna egin. Erritmo aldaketa handirik gabe baina erremate iraunkor bati esker, 06 BABY GROOM zintzoa baina gehiago izan zen. Hirugarren, ibilbide ausarta gauzatuz 08 MR SUNSHINE lasartearra izan zen bertako zaletuen gozamenerako. Lagunillak garaipena lortzen duenean…zer izango da hori?

Bere tokian: 05 RAMIRIQUI / Huts: 04 BELLETTI / Jarraitzeko: 08 MR SUNSHINE

Argazkia: @argindar

3. Tattersalls (2 urtekoak). 1.400m

Prestutasuna erakutsita bere lehen bi lasterketetan, 07 ENORINAk garaipena merezi zuela argi utzia zeukan aurretik. Ectoten alabak hasieratik hartu zuen lasterketaren pisua eta belardi leuna eskertuz 06 ARQUETUren azken erasoari erantzun ona eman zion, azken metroetan sufritu bazuen ere. 06 ARQUETUk hobekuntza nabaria egin zuen azken lasterketarekin alderatuta eta laister distantzia luzeagoko lehiatan garaile irtengo dela dirudi. 01 AL BARIN zoliak berriz ere kokapena lortu zuen, esperientzia handidun (6. karrera jada) 03 ASTUTOren aurretik. 09 DISILUSION eta 10 LUCIO VERO (arazoak izan zituen) jatorri “eleganteko” debutariek ez zuten ezer apartekorik erakutsi

Bere tokian: 07 ENORINA / Huts: 02 AMERICANO / Jarraitzeko: 06 ARQUETU

Argazkia: @argindar

4. Tax Asesores (Handikap 2.zatia). 2.000m

08 STERLING GOLD eta 01 TE KOOP berriz ere bigarren zatiko handikap batean egurrean. Abuztuak 7ko emaitza bera errepikatu zuten biek ala biek eta Irailak 4ean, 2.200 metroko handikapean, bigarren zatian jarraitzen badute, harrisku handia hirugarren aldiz errepika dezaten. Forma ezinhobean daude eta maila apaleko lasterketa hauetan garrantzitsuena hori da. 02 HEY JUDE zertxobait hobetu zituen azken lasterketak. Ez berriz, 06 IZASKUN zurrumurrua. 03 MONZALVOS eta 05 KUKOren berri onik ezin eman, lasterketa gris ilunen ondoren.

Bere tokian: 08 STERLING GOLD / Huts: 05 KUKO / Jarraitzeko: 02 HEY JUDE

Argazkia: @argindar

5. Turismoa Eusko Jaurlaritza. 1.600m

Urrean bezala, parte hartzaile ugari irteeran eta jockeyak bugattiko kurban zein zuzengunean bide arazo posibleen beldur. 06 PRINCE HAMLETek irteera azkarra egin zuen lasterketaren gidaritza hartzeko asmoz. 03 HOT SPOT eta 01 ALBORANek zertxobait estutu zioten eta erritmo oso biziko lasterketa bihurtu zen. Fayosek eginahal guztiak egin zituen bugatitik irtendakoan kanpo-kanpoko bidea PRINCE HAMLETekin bereganatzeko eta lehena izan zen erasoa jotzen. Segituan 02 EL SOKHNAk pasa zuen, 10 SPEAK IN COLOURS eta 07 RESACON bide librearen bila ari zirelarik. Generaleko tribuna parean lauak lerroan jarri ziren baina ordurako 14 SAMEDI RIEN txikiaren itzala aurkeztu zitzaien. Azken postuan bidaiatu ondoren, hiru urteko emea pista erditik maisuki ekarri zuen Janakecek, aurkariak baina zenbait metro gutxiago eginez eta batez ere, arazorik gabeko ibilbide garbi bat emanez. Orduan, zaleak zutitu arazten duten erritmo aldaketa egin zuen behorrak eta TRIP TO THE MOON (2006), KANTIA (2000) edota EOWYN (1996) azkenaldiko behor miliari historikoen pare jarri zuen bere izena. Herbesteko Listed lasterketa batera bidaia merezi du SAMEDI RIEN txikiak. Helmugan bigarren 06 PRINCE HAMLET adoretsua (azkenaldian ez bezala) izan zen, ispiluan bertan 10 SPEAK IN COLOURS grisari ohorea lapurtuz. 02 EL SHOKNA laugarren postu bikaina lortu zuen 07 RESACONen eta 04 NORDESTEren aurretik. Elarrerena kaltetua izan ez bazen ere, ez zuen biderik ikusi zuzengune osoan.

Bere tokian: 07 RESACON / Huts: 03 HOT SPOT / Jarraitzeko: 14 SAMEDI RIEN

Argazkia: @argindar

Argazki Galeria

Abuztuak 21: Kronika + Argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top