zaldilasterketak.eus

Abuztuak 22: analisia

Hau amaitzera doa. Urrezko Kopak utzitako biharamunaren ondoren, urteko beste hitzordurik handiena, azken hirugarren jardunaldian: Eusko Jaurlaritza saria. Miliarrik onenak -Rodaballoren baimenarekin- elkartuko dituen proba. Ohiko igande arratsaldea, Errealaren partidaren ordu berean, eta programa interesgarri batekin datorrena. Pista gogor antzean egon daiteke. Gure erredakzioan opor ugari eta azken orduko analisi bizkor batekin gatozkizue. Ea ba.

1. Lasterketa (17:30): Wathba Stallions Cup saria (behor arabiarrak). 2.000 m

Zaldi arabiarretan ez gara oso iaioak. Dirudienez 1 CHEPALE DE GAZAL kategoria handiagoko probetan aritu izan da eta nahikoa beharko luke hemen irabazteko. Al Shaqab Racing zalditegi boteretsukoa da. 4 HAVANE DE L´ARDUS berriki Tolosan kokatutakoa da, nahiz eta maila apalagokoa dirudien arren. 3 ASMA TOURETTES erretiratu egin dute.

Gure hautua. 1 CEPHALE DE GAZAL-4 HAVANE DE L´ARDUS

2. Lasterketa (18:00): Errazu Obrak saria (handikap 1. zatia). 2.000 m

6 BRISCOLAk denboraldi bikaina darama udan hemen, garaipen batekin eta hiru aldiz bigarren eginda. Handikapean apenas ikutu dute eta txanpa irabazlean dabilen Zambudioren deskargu hegalaria darama. Derrigorrez egon behar du. 4 GRILO Urrezko Koparen aurreko prestakuntzazkoan atera zuten zereginik ez zuen arren. Berriz handikapean, bere azkena errepikatzen badu (Kukoren bigarren) nahikoa izango luke hemen kokatzeko. Hori, noski, xelebrekiaren bat egiten ez badu. 3 COLIBRIk oso erraz irabazi zuen hiru partaide bakarrik izan zituen urteko handikap argalenetako batean. Handikapean oraindik tartea du hobetzeko baina ez dakigu garaipen hura nola baloratu. Zalantzak.

Gure hautua: 6 BRISCOLA – 2 GRILO – 3 COLIBRI

3. Lasterketa (18:30): Donostia Sustapena saria. 1.400 m

Jaurlaritzan kontsolamenduzko probatzat jo daitekeen honetan 2 LONE PEAKek du baliorik handiena. Buesa bere ohiko bikotearekin zaldi klasiko bat da Zubietako helmugetan. Bere aukera oso nabarmena da. 3 CUPPACOFFEEri puntuan korritzea gustatzen zaio. Pistaren gogortasunak estrategia horretan lagun diezaioke eta Fonseca gaztearekin bikote ona egiten du, pistan irabazleak baitira. 4 JARANA estilo ederrarekin irabazi zien behorrei hemen pisu altuarekin. Faboritoen azpitik dirudi baina hauen hutsaren bat balia dezake.

Gure hautua: 2 LONE PEAK – 3 CUPPACOFFEE – 4 JARANA

4. Lasterketa (19:00): Aratz erretegia saria (handikap 2. zatia). 2.000 m

3 LA MAL AMADAren azken karrera deigarria izan zen antzeko lote batean, bigarren eginez bakarrik oso aske zebilen SISONen atzetik. Orain ez du horrelako areriorik eta aukera oso argia du urtea estreinatzeko. Halere, gustuko duen bigunik ez du topatuko eta bere ikuluak ecart kezkagarria darama. Janacek zelan kezkak uxatzeko. Faborito handia da. 4 PEARLINE BARELIERE gaztetxoari argi izpi bat ikusi diogu azken bietan askoz lote zailagoetan. Ekainean debutatu du eta hobekuntza tarte oso handia izan beharko luke. Vicky Alonsoren deskargu itzelarekin, gure eguneko sorpresa bera da. Poltsikoak bete nahi dituztenentzat arrisku handiko apustua. 7 PIROPOk hiru hirugarren egin ditu azken karreretan antzeko konpainiaren kontra. Berriz horrela ikusten dugu.

Gure hautua: 3 LA MAL AMADA – 4 PEARLINE BARELIERE – 7 PIROPO

5. Lasterketa (19:30): Eusko Jaurlaritza saria. 1.600 m

7 PRINCE HAMLETek eta 1 AMEDEO MODIGLIANIk bikoa osatu zuten iaz karrera honetan. Lehenengoak, Mauri Delcherren eskutik, oso zorroztuta dabilela erakutsi du Frantziako Quinté ezin lehiakorragoetan. Balio oso sendoa du (42) eta hori hemen berme handia da. Lagun izaten duen bigunik ez du oraingoan topatuko. Faborito logikoa. Margolari italiarrak ia urtebete eman du pistetatik kanpo. Zuzenean Jaurlaritzan berragertuko dute, prestakuntzazko lasterketarik gabe. Galileoren seme honek estatutan bakarrik iazko Jaurlaritzan galdu du, printzearen kontra. Rocio zalditegia hemengo sari nagusienetan daraman bolada ikusita ezin dugu baztertu. Ondo ari omen da entrenatzen azken hilabetean eta prest dirudi. 9 WHAT´S UP hiru urteko miliarrik onena da eta Madrilen Rodaballo eta Star of Bengal bikainen atzetik sartu zen Carudel sarian, meritu handiko karrera batean. Aurrenekoz arituko da Zubietan. Ikuluko jockeyak printzea baino bera nahiago du. Oso arriskutsua da. ElarreTeam-eko 2 CITY GENT eta 6 NORDESTE pozik dirudite pistaren lehorrarekin. Karrera ziztu bizian jaurtitzeko aukera emango die. Lehenengoa punta eroan estrategia guztiak birrintzen saiatuko da amaieran bigarrena bere errematearen mailuarekin denak kolpatzen saiatzeko. Oso deigarria izan zen prestakuntzazkoan NORDESTEk utzitako errematea. Faboritoen maila ez daukate baina pistako trikimailu guztiak inork baino hobeto ezagutzen ditu Monsieur Elarrek. Etxean jokatzearen abantailak. Erne!

Gure hautua: 7 PRINCE HAMLET – 1 AMEDEO MODIGLIANI – 6 NORDESTE

Abuztuak 22: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top