zaldilasterketak.eus

Abuztuak 22: kronika + argazki galeria

Emozio handiko beste jardunaldi bat. Amedeo Modigliani faboritoetako bat erretiratu arren ez zen gatzik falta izan atzokoan ere. Urrezko Kopan bezalaxe, intentsitate handiz bizi izan zen karrera eta suspense luzea ere izan zen irabazlea nor zen jakiteko. Azkenean, pixel gutxi batzuen aldeagatik, argazkiak Elarre entrenatzaile donostiarraren City Gent apalari eman zion garaipena Prince Hamlet faboritoaren aurretik. Megafoniak emaitza iragarri zuenean harmailak pozez gainezka hartu zuen. Elarrek bere eztandaren urtea sari handi batekin borobiltzea lortu du denen harridurarako. Eta baita emakume batek historia egin ere, izan ere Victoria Alonso Zubietako sari handi bat irabazten duen aurreneko emakumea baita. Bejondiela biei!

1. Lasterketa: Wathba Stallions Cup saria (behor arabiarrak). 2.000 m

Argazkia:Dabid argindar

Aspaldi ez dugu hain karrera mantsorik ikusi. Pasiotxo batean iritsi ziren hiru partaideak azken 300 metroetaraino eta hortik aurrerako esprintean CEPHALE DE GHAZAL faboritoa nagusitu zen FOWAIRET bere ikulukidearen aurretik.

2. Lasterketa: Errazu Obrak saria (handikap 1. zatia). 2.000 m

Argazkia:Dabid argindar

BRISCOLA “zubietarra”ren beste garaipen bat. A ze denboraldia egiten ari den behorra eta bere entrenatzaile eta jockeyak. Asko hitz egiten ari da Ion Elarreri buruz, baina ezin ahaztu Marc Comas kataluniarrak ere jada sei garaipen dituela eta udako estatistikan hirugarren tokia betetzen duela. Eta zer esan Julia Zambudiori buruz. Laredoko gazteak jada ohituta gaitu igandero-igandero sariren bat jasotzen. Atzo ere ez zen urduri jarri eta azken momentuko LADY RED MOON (Janacek) eta EINARen (Fernandez) erasoei azken ahalegin batekin erantzun zien karrera eskuratzeko. Bikain. Hau ere estatistikan usta handienen artean sartu da, bosgarren, baina garaipenetan bigarrena da, bakarrik Janacek du aurretik. A ze denboraldia honek ere!

Bere tokian: BRISCOLA/ Huts: GRILO / Jarraitzeko: LADY RED MOON

3. Lasterketa: Donostia Sustapena saria. 1.400 m

Argazkia:Dabid argindar

Pista tente zegoen atzo Zubietan, karrerak arin-arin korritzeko egoki. Ondo baino hobeto aprobetxatu zuen bere 1 zenbakidun atetxoa Gelabertek ALBORAN hasiera-hasieratik aurren jartzeko langei itsatsita. Halaxe egin zuen bide osoa, langetatik milimetro gutxitara. Eta atzetik etorri zitzaizkion eraso guztiei eusteko gai izan zen. Aurrena CUPPACOFFEErena eta azken orduan JARANA eta  ROSY MOONenak. Sorpresa handia eman zuen Bienve Morenok entrenatutakoak, 1.335 euroko hiruko bat utziz. LONE PEAK faboritoaren arrastorik ere ez genuen ikusi, seguraski distantziaren laburrak eta karreraren bizkortasunak ustekabean harrapatuta.

Bere tokian: JARANA / Huts: LONE PEAK / Jarraitzeko: ALBORAN

4. Lasterketa: Aratz erretegia saria (handikap 2. zatia). 2.000 m

Argazkia:Dabid argindar

Janacek txekiarrak neurgailu zehatza du buruan eta tankera ematen dio beti ibilbideen nolakotasunari. Hemen ere ez zen batere urduri jarri aurrekoek erritmo zoro bat jarri izanagatik eta jakin izan zuen LA MAL AMADA faboritoa gordetzen azken zuzenerako. Puntazaleei bateria agortzen zitzaien heinean hortxe ekarri zuen Galileoren  biloba hau pronostikoa betetzera.  Garaipen erosoa lortu zuen nahiz eta TE KOOPek amaiera aldera oraindik metro batzutako aldea izan azken hektometroan. Enrique Leonen behor honek ez luke bigarren zatian egon beharko eta karrera inportanteagotan espero dugu, horretarako  eta gehiagorako jatorria ere baitu. PIROPOk beste behin ere hirugarren egin zuen irabazteko benetako aukerarik izan gabe eta bere atzetik, ustegabean, karrerako apalenek apunte bana utzi zuten, ARETHAk eta STERLING GOLDek.

Bere tokian: LA MAL AMADA / Huts: ONFALE / Jarraitzeko: ARETHA

5. Lasterketa: Eusko Jaurlaritza saria. 1.600 m

Argazkia:Dabid argindar

Goizetik zebilen Ion Elarre pistaren xehetasun guztiak arakatzen bere estrategia prestatzeko. Pistaren tinkotasunaz ohartuta (ofizialki 3,2) Vicky Alonsori agindu zion CITY GENTekin langetara itsasteko eta aurrera egiteko ziztu bizian. Bere azken arrakasten formula bera. Seguraski esperoko zuen faboritoen estrategiak baldintzatzea, amaieran NORDESTEren erremate boteretsuarekin karrera erabakitzeko. Baina gauzak zer diren eta sekundarioarena egin behar zuenak azkenean protagonista bihurtu. CITY GENT zaharrak pilatutako abantaila azken berrehun metrotan kenduko ziotela suposatutzat eman zuten denek eta, fidakorregi, euren errematea azkenerako utzi zuten Grosjeanek (PRINCE HAMLET), Sousak (WHAT´S UP) eta Gelabertek (RESACON). “Kiloak eman daitezke baina ez metroak” turfaren mantra zaharrak gogor zigortu zituen hiruen gehiegizko patxada. Konturatzen hasi zirenerako, Victoria Alonsok espero baino gehiago eusten baitzion CITY GENT zaharrarekin PRINCE HAMLETek metroak jan eta jan zetorkion bitartean. Ispilu aurreko argazkiari biak separatzeko ardura geratzeraino. Elarre ere harri eta zur geratu zen CITY GENTek egindakoarekin, NORDESTEren errematearen zain baitzegoen baina honek ezin izan zuen zirrikiturik aurkitu kanpo-kanpotik etorri zen tropelaren tartetik. Harmaila minutu luze pare batez bere buruari galdetzen zion ea nork irabazi zuen. Telebistakoak arinki aurreratu egin ziren –eta baita erratu ere- faboritoa irabazletzat emanez. Baina megafoniatik benetako emaitza eman zutenean festak eztanda egin zuen, etxeko Davidek  Pariseko Goliath bota berri baitzuen. Harrigarria! Halere, beroaldian, galtzailearen entrenatzaileak komisarioei esan zien erabakia errekurrituko duela ez baitzegoen ados argazkiaren interpretazioarekin. Asuntu txarra teknologia auzitan jartzen hasten denean…. Emozioz beteriko edizio zirraragarri bat azken finean, Urrean bezalaxe etxeko bat garaile izan duena. Beste turf arratsalde gogoangarri bat.

Bere tokian: PRINCE HAMLET / Huts: NORDESTE / Jarraitzeko: CITY GENT

Argazki galeria

Abuztuak 22: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top