zaldilasterketak.eus

Abuztuak 23: analisia

2019ko Eusko Jaularitza: Oriental (Fayos) Noray (Sousa) gainditzen. Argazkia: Dabid argindar

Ia atsedenik gabe beste jardunaldi baten atarian gaude. Dragon Khanera igota bageunde bezalaxe, atzoko emaitzak burutik kendu eta biharkoa aztertzeari ekingo diogu. Urteko asterik kargatuena izango da hau, ezbairik gabe: karrerak atzo (ostirala), bihar (igandea) eta asteazken goizean. Ea Zubietako pistak zer moduz eusten dion erronkari, euria emana dago gainera. Eta ea asteazkenerako programa txukun bat osatzeko zaldi nahikorik ere badagoen. Goazen Eusko Jaurlaritzaren egunarekin, gure miliar onenaren bila.

5. Lasterketa (19:50): Eusko Jaurlatiza saria. 1.600 m.

1 AMEDEO MODIGLIANI. 5 urte. V. Janacek / G. Arizkorreta. Balioa: 45,5. 58 kilo. Azkenak: 4-0-6-1. Madrilen Claudio Carudel sari handian nagusitu zen miliar onenen aurrean 8 hilabeteko parentesi baten ondoren. Irlandan O´Brien entrenatzaile handiaren patioan zegoen eta 45,5eko baliora iritsi zen. Oso oinarri sendoak Galileo handiaren seme hau hemen faborito nagusia izateko. Zirrikiturik bilatzekotan, ez duela gure pista ezagutzen eta prezio susmagarriki merkean etorri zela. Agian mauka lesioz beteriko bere iraganarengatik azaldu daiteke. Bakarrik zortzi karrera ditu 5 urterekin eta atsedenaldi oso luzeak. Osasun ahularen seinale. Faborito sendoa.

2 BOSTON BRUIN. 4 urte. G. Trolley / J. Lopez. Balioa: 38. 58 kilo. Azkenak: 2-2-2-1. Oso sasoi onean iristen da Kodiacen seme hau. Azkenekoan hemen ondo irabazi zuen pista biguinean. Baina ez dauka onenen maila. Faboritoek huts egiten badute bakarrik harrapa lezake zerbaitxobait.

3 GRANACCI. 4 urte. V.M.Valenzuela/J. Calderon. Balioa: 40,5. 58 kilo. Azkenak: 1-9-1-6. Aurrekoaren profil ia berdina du. Handikapean lekurik gabe gelditu den zaldia baina sari nagusi hauek handiegi geratzen zaizkio. Ez da kategoria honetakoa, baina sekula ere ez du oso gaizki egiten. Ordaindutako azken kolokazio bat arrantzatzen saiatuko da.

4 LONE PEAK. 4 urte. Srta. Buesa/Cerqueira. Balioa: 35. 58 kilo. Azkenak: 0-9-0-1. Bi urte zituela maila polita eman zuen Frantzian Freddy Headen pation, 43,5eko balioa eta 3G korritzeraino. Jatorri bikainekoa (Lope de Vega) bere debutean SOTTSASS (1G) gainditu zuen eta bigarrenean PERSIAN KINGen (1G) eskolta izan zen. Adin klasikoan sekulako beherakada eman ondoren Cerqueirak erosi eta Madrilera ekarri zuen. Odol berokoa da eta buru txarrekoa. Baina kalitatea du eta teklarekin jotzen badute, sorpresa eman lezake. Ondo ezagutuko duen bere jabe amateurraren gidaritza eramango du. Pistan ondo irabaztetik dator, bere kasa kanpo-kanpotik korrituz. Auskalo.

5 NORAY. 8 urte. B. Fayos / E. Leon. Balioa: 44. 58 kilo. Azkenak: 9-2-1-6. Zer gehiago esan dezakegu gladiadore eternal honi buruz? Hau da “bere karrera”. Irabazlea 2017 eta 2018an, bakarrik Oriental erraldoi batek kendu ahal izan zion bere hirugarren Jaurlaritza 2019an (ordutik azken hau ez da errekuperatu), buruz-buruko mitikoan Fayosek Sousari aurre hartu zionekoa. Honi berdin zaio biguina edo lehorra. Orain aurrenekoz beti arerio izan duen Fayosekin arituko da. Urteak aurrera doazen arren, betiko parametro berdinetan ikusten dugu. Irabazi nahi dionak den-dena eta gehiago eman beharko du, berak bezalaxe. Killer.

6 PRINCE HAMLET. 4 urte. R. Sousa/M.Delcher. Balioa: 38. S. 58 kilo. Azkenak: 2-3-6-7. Mauri Delcherrek Parisetik zaldi bat ekartzen duen bakoitzero arerio guztiak dardarka hasten dira. Ez alperrik, bere bisita guztiak oso errentagarri ateratzen zaizkio. Neurria oso ondo hartua dio hemengo turfari. Zaldi honek 2 urterekin maila altua eman zuen (47ko balioa) eta 3rekin Listeden kokatu eta baita 3G korritu ere. Baina ordutik asko jaitsi da. Aurten, jada 4rekin, estabilizatu egin da bere egungo balioan eta oso lehiakorrak diren Quinte handikapetan dabil garaipenik lortu ezinik. Zalditegiko lehenengo jockeya berarekin doa Noray handia utziz. Guri iruditzen zaigu puntu batzuk falta zaizkiola hemen nagusitzeko. Baina Delcher Delcher da eta ez du ezer alperrik egiten. Erne.

7 RESACON. 4 urte. J. Gelabert/J.M.Osorio. Balioa: 44. Azkenak: 3-1-2-3. Miliaren inguruko sari handi guztietan hortxe dago. Oso erregularra. 11 irteeretan 3 garaipen eta 7 kokapen, bakarrik debutean geratu zen kobratu gabe. Ezin berme handiagorik eskatu. Errematatzailea. Carudelen, pista oso azkarrean, Amedeok alde egin zion eta berandu egin zitzaion errematatzeko, azkenean hirugarren egitea lortuz. Biguinak eta mantsoago joateak lagun liezaioke. Baina sekula ez da La Zarzuelatik atera eta Bugattiko kurba itxian bataiatu gabe dago. Ea gustatzen zaion. Berriz kokatua.

8 SALAR ISLAND. 3 urte. J.L. Martinez / G. Arizkorreta. Balioa: 42. 55,5 kilo. Azkenak: 1-1-4-1. Zaharren kontra aritzeko ausartu den gaztetxo bakarra da Nijinsky zalditegi donostiarreko moxal hau. Oso irabazlea da, estatuan bakarrik Poulean galdu zuen trafiko arazo handiengatik. Beste hiruak irabazi ditu bere belaunaldiko erregea dela erakutsiz. Pista honetan bitan erraz nagusitu da eta ez diogu sekula ahulgunerik ikusi. Asko igotzeko tarterik ere ez zaio somatzen, baina erakutsitako sendotasun eta profesionaltasunarekin zaharrei aurre egiteko prest dagoela uste dugu. Bi kilo terdiko abantailatxoa baliatu beharko luke. Udako sari handietan gazteak nagusitzen ari dira eta gure herrian dioten bezala: gazteek beti arrazoi! Berarekin goaz.

Gure hautua: 8 SALAR ISLAND – 5 NORAY – 1 AMEDEO MODIGLIANI

1. Lasterketa (17:30): Hipodromoa turf saria (jockey amateurrak). 2.000 m

2 ALGAIDA karrera apal bat erraz irabaztetik dator. Osasun gutxiko beherakada luze baten ostean sasoian dirudi berriz. Hau da bere pista eta distantzia, biguina ondo joaten zaio eta pisuz ederki ateratzen da. Boville andereak zelan asmatzen badu irabazi dezakeela uste dugu. 1 PARABAK ez da oso zaldi argia. Baliorik handiena izan du baina azken aldian ez du ibilbiderik borobiltzen. Ez digu gauza handirik esaten. Gertu ibiliko da berriz. 3 BARRY LYNDONek ia irabazi zuen bere azkenekoa, handikap lehiakor bat Fayosekin. Distantzia egokia da hau eta Lara Martinez gaztetxoak ondo eramaten baldin badaki, aukera polita izan lezake 4 kiloko deskargu horrekin. 6 SISON Frantzian ibili da hesietan saltoka emaitza onik lortu gabe. Baina aurretik Madrilen hobekuntza erakutsi zuen eta martxoko hartan emandako balioarekin hemen ondo ateratzen zaigu pisuz. Estreinatu berri den Vicky Alonsoren gidaritzak 4 kilo terdiko deskargua dakarkio. Sorpresa.

Gure hautua: 2 ALGAIDA – 3 BARRY LYNDON – 6 SISON

2. Lasterketa (18:05): Sorogain Giza Errekurtsoak (handikap). 2.200 m

Uda osoa daramagu 5 CELESTIN´Sen atzetik, pista honetan oso ondo moldatzen baita eta bere oraingo zalditegi kataluiniarrak emaitza onak lortzen baititu hemen. Bost karreren ostean uste dugu eguna iritsi zaiola. Sasoian dagoela erakutsi du, biguinak mesede egingo dio baita distantzia luzatzeak eta liderra izango du zelan. Gaur da eguna. 2 MONZALVOSek nagusitasunez irabazi zuen bere azkenekoa Lara Martinez gaztetxoarekin. Orain profesional bat eramango du gainean, Nico de Julian, eta hiru kiloko karga erantsia orduan irabazteagatik. Bere bizitzako baliorik altuenean dago eta, hortaz, 6 urterekin, handikapean tarte gutxi igotzeko. Baina Puente entrenatzailearen zainketekin gaztetuta ikusi dugu eta borrokatzeko prest. 6 ZERIk erremate polita utzi zuen bere azkenaurrekoan hirugarren izateko Monzalvosen garaipenean. Harekin alderatuta, orain 7 kilo arinago aterako da eta distantzia luzeagoa atsegin dezake. Ea Miguel Alonso entrenatzaile lasartearrak garaipen bat ateratzen dion. 5 urte eta 27 irteeretan ezin izan du. 4 CARVALI Deep Impact japoniar mitikoaren semea da. Bakarrik horrengatik aukeren artean sartu beharko genuke. Baina, txorakeriak aparte, ez dira txarrak konfinamendu osteko bere biak eta adinarekin hobetzen joan beharko luke. Pisuz, arin ikusten dugu, are gehiago Ferreiraren deskarguarekin. Adi berarekin.

Gure hautua: 5 CELESTIN´S – 2 MONZALVOS – 6 ZERI

3. Lasterketa (18:40): Tax Asesores. 1.400 m.

Jaurlaritzaren maialra iristen ez direnen “kontsolamenduzko” lasterketa. 8 UNTITLED gaztea -loteko 3 urteko bakarra- pistan irabazlea da oso itxura ona utziz eta azkenekoan ia Salar Island harrapatu zuen bere erremate bortitzarekin. Kontra du irteeretan gatazkatsua dela eta batzuetan gaizki ateratzen dela. Zaharren kontra aurrenekoz arituko da eta konparaketetarako erreferntziarik ez daukagun arren, gehiago dela uste dugu. Gure faboritoa. 1 CITY GENTek azkenekoan ihesaldia probatu zuen eta ia ispiluraino iritsi zen Hrubosova jockey amateurraren arintasunaz baliatuz. Estrategia errepikatzen saiatuko da, baina hemen arerioak gogorragoak dira eta ez da pisuz ondoegi ateratzen. Biguinean ondo aritzen da. Kokatzeko. 3 SOUPHAk loteko baliorik altuena du eta maila altuagoko arerioekin ohituta dago. Baina distantzia laburregia da eta sasoia eta morala galduta dagoela dirudi. Halere, ezin gara berarekin ahaztu. 5 FINTASek debut lasaia egin zuen hemen amateurren lasterketa batean. Lope de Vegaren semea hau ere, bigarren irteera du gure pistan. Ingalaterran 42ko balioa eman zuen distantzia honetan, nahikoa hemen irabazteko. Newmarketen 3Gn irabazlea den anaia bat du. Orain Sousarekin, ez diogu begirik kenduko.

Gure hautua: 8 UNTITLED – 5 FINTAS – 1 CITY GENT

4. Lasterketa (19:15): Sasebay Hotela (3 urteko moxal maidenak). 1.600 m

Oraindik irabazi ez duten 3 urtekoentzat beste aukera bat. 1 GRILO garaipenetik oso hurbil izan da azken lau irteeretan, baina azken zuzenean beti jockeyarekin borrokan hasten da, kanporako diagonala egin eta karrerak galtzen ditu. Oraingoan berdina egingo duelakoan, ezin dugu irabazteko gomendatu. Ea Sousak asmatzen duen berarekin. Hortxe egongo dela, seguru. 7 KOHOOFi ere denetik pasatzen zaio azkenekoetan, baina bere kasuan ez da buru txarra duelako. Irabaztetik gertu egon den guztietan zerbait gertatu zaio. Orain, okerrik ezean, badirudi baldintza guztiak alde dituela. Arerioak baino maial altuxeagoa erakutsi du eta Fayos dauka zelan -Grilorekin nazkatuta nahiago izan du behorraren gainean joan-. Gure faboritoa beraz. Gainontzerako lehiakideek dezepzioak pilatu dituzte bate bestearen ondotik. Zaila da inor gomendatzea. 4 QUIEBRO eta 6 TIERMESek ondoren berretsi ez dituzten apunteak utzi zituzten Madrilen, baina azkenak ilunak dira eta ez dute pistan korritu. Besterik ezean 9 NURIArekin geratuko gara hirukoa osatzeko. Lasterketa nahiko apaletan azaldu da eta beste kokapen bat eskura dezake hemen.

Gure hautua: 7 KOHOOF – 1 GRILO – 9 NURIA

Abuztuak 23: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top