zaldilasterketak.eus

Abuztuak 26: kronika eta argazki galeria

Jardunalditxoa asteazken goizez burutu dena Zubietan. Nazioarteko Kriteriuma zen eguneko hitzordurik nagusiena, baina gainontzerako lasterketek ez zuten aparteko interes eta mailarik. Laneguna izateko jende dexente bildu da eta giro polita izan da hipodromoan. PMU jardunaldia izan da. Pista egoera onean, 3,2. Eta giro sargoria.

1. Lasterketa: Terborch saria

Tronio (@JanacekVaclav
/ @ArizkorretaR
) Argazkia :Dabid argindar

Espero zen buruz-burukoa Tronio faboritoak irabazi zuen, aise gainera. Arizkorretaren beste garaipen erraz bat aparteko historiarik izan ez duen lasterketa batean. Karreraren erritmoa oso motela izan da eta Tresefesek ez dio kezka txikiena ere sortu Janaceken faboritoari. J. L. Borrego uste dugu erratu egin dela hain erritmo mantsoa onartuz eta taktika agresiboago bat komeni zitzaiola, Troniok distantzia gehiago nabaritu zezan. Esan bezala, kontatzeko gutxi. Ramon Avialen bi zaldiak, espero bezala, azken bi postuetan. Baina kobratzen, aspaldiko partez.

Bere tokian: Tronio / Huts: Tresefes

2. Lasterketa: La Teste de Buch hipodromoa

Arrigunaga (@Ignaciomelga/ M.Gomes ) Argazkia :Dabid argindar

Eminencek inoiz galdu ezin zuen lasterketa galdu egin zuen. Bezperako analisian esaten genuen Saccu, bere jockeyak hanka sartzen ez bazuen, karrera berea izan behar zuela bai hala bai. Baina sartu zuen, barruraino. Irteeratik Melgarejok Arrigunaga bizi atera zuen ihes egiteko asmoarekin. Tropelak utzi egin zion eta harrigarriki faboritoa guztien atzean jarri zen, lasai asko, ez dakigu zeren zain. Antza denez Arizkorreta entrenatzaileak esana zion Saccuri zaldiari komeni zitzaiola atzean lasai joatea, Madrilen erakutsitako nerbioak eta grinak ahaz zitzan. Eta hala egin zuen. Lasai. Lasaiegi. Tarfa eta Gacefarren ipurdira, pentsa. Bugatiren hasieran martxan jarri zenerako, Melgarejok karrera poltsikoan zuen, tartean 15 gorputzeko abantaila hartuta. Turfaren oinarrizko arau hau beste behin gogorarazi zigun: kiloak eman daitezke, baina ez metroak. Errematea utzi zuen bai Eminencek, baina oso berandu eta irabazlea inoiz kezkatzeko motiborik eman gabe.

Bere tokian: Arrigunaga / Huts: Eminence

3. Lasterketa: A Galopar saria

Havana Magic (@RicardoSousaFe/ O.Anaya ) Argazkia :Dabid argindar

Handikaparen bigarren zati hau, aspaldiko partez, ez zuen portugaldar batek irabazi, Oscar Anayaren Havana Magic Sanlucarzalea baizik. Behor honen plangintza Cadizeko hondartza horretan izaten diren lasterketei begira prestatuta zegoen eta haiek bertan behera utzitakoan, errebotez, hemen parte hartzera bultzatuta ikusi zuen bere burua. Iritsi eta irabazi. Sousaren gidaritzapean aise nagusitu zitzaion erdipurdiko lote bati. Seguraski guztien artetik freskoen zegoena izango zen, beste guztiek udan kilometro dexente eginak baitituzte gure pistan. Anayak aitortuta du behor nahiko berezia dela eta bere errendimenduan gora-behera handiak izaten dituela. Gaurkoan egun ona izango zuen. Hathak egin zuen bigarren Fayosekin, baina irabazlea benetan estutu gabe, eta Royal Destiny faboritoak hirugarren, espero baino ilunago. Gainontzerakoak urruti, hurrengo karreretan ahazteko moduan.

Bere tokian: Hatha / Huts: Royal Destiny

4. Lasterketa: Mundo Deportivo saria

Holloko (@JanacekVaclav/@GasparVaz1) Argazkia :Dabid argindar

Holloko bueltatu zen Janaceken eskuetara eta azkenean lortu zuen udan bila zebilen garaipena. Egia da aurrekoan huts egin zuela, gure ustez Valenzuela erratu zelako barruko errail txarrenetik etortzen, baina udan progresio polita zekarren (laugarren-bigarren) eta Janacekek hobekuntza hori borobiltzea lortu zuen. Jockey txekiarraren goizeko bigarren irabazlea. Halere ez zen garaipen erraza izan, azken metroetan Iron Rock herrikidea izugarri gerturatu baitzitzaion lepo batera iristeraino. Izugarria zaldi honek udan izan duen metamorfosia, handikapean ia hamar kilo igoz. Moralez gainezka eta sasoi betean dabil. Atzeragotik Just One Lookek errematea bota zuen, gorputz terdira hirugarren izateko. Komisarioek Valenzuela zigortu zuten (Such Promise) Naderri (Sousa) bidea oztopatzeagatik.

Bere tokian: Iron Rock / Huts: Nader / Jarraitzeko: Yaneda

5. Lasterketa: Nazioarteko Kriteriuma

Domi Go (@RicardoSousaFe/ R.Martin V.) Argazkia :Dabid argindar

Irteeratik bertatik Janacek ihes egiten saiatu zen Madidinarekin. Berak zeraman moxalik eskarmentudunena eta, besteen xalotasunaz aprobetxatu nahian edo, erritmo oso bizia jarri zuen ibilbide osoa puntan egiteko asmoarekin. Lehiakideei kosta zitzaien Manduroren alaba honen erritmoari jarraitzea eta urrutitik, bost bat gorputz, segitu behar izan zuten, denak errenkan. Bugatiko bihurgunearen ostean, jarraitzaileek gerturatzeko ahalegina egin zuten. Baina horretarako indar nahikorik erakutsi zen bakarra Domi Go patiokidea izan zen, Sousaren gidaritzapean. Marcheloren azelerazio bortitzaren zain geunden asko, baina gaurkoan ez zen horrelakorik gertatu, agian erritmo bizi hori gehiegizkoa zitzaiolako edo. Kontuak kontu, Madidina-Domi Go buruz-burukoan gelditu zen karrera. Hirurehun metro faltan biak parekatu ziren eta une batez lehia estua egongo zela zirudien, baina Sousarena -oraindik berde dagoen arren- aparteko motorra erakutsi eta distantziarekin bere laguna atzean utzi zuen boteretsu. A zer nolako itxura duen Domi Go honek! Alvaro Odriozola eta lagunek dezepzioa eramango zuten Marcheloren ezina ikusita, baina pazientziaz hartu beharko dute, bere jatorriaren arabera oraindik goiz baita berarentzako eta etorkizun oparoa izango du aurretik.

Bere tokian: Domi Go / Huts: Marchelo / Jarraitzeko: Domi Go

Argazki galeria

Abuztuak 26: kronika eta argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top