A zer nolako sari nagusi dizdiratsuak izaten ari garen aurten. HARDPIA, IL DECAMERONE eta SAMEDI RIENen garaipen ikusgarriei atzo SOMMERSUN moxal bikainarena gehitu behar zaio. Suerteko gaude aurtengo udan. Karrera eta garaipen ederra eskaini zigun Saf Saf zalditegiko moxalak. Proba galduta zuela zirudienean erremate galaktikoa atera zuen Kriteriuma poltsikoratzeko. Maisu beste behin Sousa. Bero sapa Zubietan eta aurreko jardunaldietako jende andana gutxituta baina halere sarrera polita utziz. Faborito gehienek iragarpenak bete zituzten eta ohiko protagonistak izan genituen berriz. Borja Fayos eta Ricardo Sousa bina garaipenekin. Baita Jesus Lopez entrenatzaile madrildarra. Eta Julia Zambudio bere eguneroko trebeziarekin: beste koska bat zerrendarako. Jada ez da albiste.
1: Gran Hipodromo de Andalucia (handikap, 3 urtekoak). 2.200 m.

Pronostiko guztiek buruz-buruko bat iragartzen zuten Mediterraneo zalditegiko 01 AUSTRALIA CAPE eta 02 GLORYTOFen artean. Karrerak oso erritmo motela izan zuen eta, eraso erabakiorraren uneanagerian geratu zen Arizkorretarenak beste kategoria bat duela. Sousak ez zuen arazorik izan Australiaren semea irabaztera ekartzeko, nahiz eta ibilbidean trakets ibili Bugattiko bihurgunean. Hurrengo geltokia: Villamejor. 03 VINCI LISA erretiratu egin zen eta lotea osatzen zuten beste bi konpartsek (04 JARRETON eta 05 VIOLETTA) handikapean merezitako tokia dutela berretsi zuten.
Bere tokian: 01 AUSTRALIA CAPE / Jarraitzeko: 01 AUSTRALIA CAPE
2: Asociacion de Hipodromos. Cría Nacional (Estatu Espainiarrean jaiotakoak). 2.000 m.

05 GOYESCAk pronostikoak aise bete zituen nahiz eta Borja Fayos gustura geratu ez behorraren lanarekin. Izan ere, borrokaren momentuan, kanpotik zetorrela, perra bat galdu zuen eta ezin izan zuen bere ahalmen guztia zabaldu. Halere, arerio sendo faltan, nahikoa izan zitzaion irabazteko. 06 PANTXINETAk bere pisu arina probestu zuen bigarren erraz bat eskuratzeko 01 ASTURIAS ilun baten aurretik. 02 STERLING GOLD pisuz oso kaltetuta ateratzen zen eta ezin izan zen gerturatu, baina ez ahaztu datozen handikapetan.
Bere tokian: 05 GOYESCA / Huts: 01 ASTURIAS / Jarraitzeko: 02 STERLING GOLD
3: Hipodromo de La Zarzuela (handikap, 1. zatia). 1.600 m.

Aspaldi ez genuela hain iritsiera esturik. Hiru zaldi zentrimeto gutxitan. Argazkiak zentrimetrotako tarteak argitu behar izan zituen 07 BAADIR zaharrari garaipena emateko. Lanak izan zituen Borja Fayosek Showcasingen semeari azken indarrak ateratzeko eta usta gehiegi erabiltzeagatik bi eguneko zigorra jasan beharko du. Garaipen gazi-gozoa. Jesus Lopez entrenatzailearen bigarren garaipena. A ze nolako uda egin duen gurean! Bikaina. 02 MUGUETAJARRA mutur batera geratu zen. Azken metroetan argi dago Cadel ez dela Fayos eta hori ordaindu egiten da. Gaspar Vazek zaldi hau hartu duenetik badirudi lehengo baliora itzultzeko bidean dela. 04 ROBLEren erremate berandutiarrak argazkian sartzeko balio izan zion baina hirugarrenaren gaziarekin geratu zen. 03 LINDAk udan egin beharrekoak jada egin dituela berretsi zuen. Atsedena tokatzen zaio.
Bere tokian: 07 BAADIR / Huts: 06 PADERNO / Jarraitzeko: 02 MUGUETAJARRA
4: Santander Cup / Nazioarteko Kriteriuma (2 urtekoak). 1.500 m.

05 SOMMERSUN moxalak egindakoa ez zen nolanahikoa izan. Karrera galduta zuenean, 300 metro faltan, bosgarren martxa miresgarri bat sartu zuen Sousak eta ihes eginda zeuden 07 ENORINA eta 09 MRS PINK ehizatu zituen. Harrigarria safsaf honen azelerazioa. Ikaragarria. Ez da ohikoa ez, moxal batengan. Faboritoetako bat izan arren aho bete hortz utzi gintuen harmailetan. Hasiera-hasieratik karrera beltz jarri zitzaion Sousari. Irteera txar baten ondorioz tropelaren azken hondarrean geratu baitzen 04 MOCAYO eta 01 BLACK COSMO debutariarekin batera (a ze fisiko azken honek! gure koadernotxoan apuntatuta utzi dugu…). Puntan aldiz bi emeek su eman zioten karrerari eta azken zuzenean abantaila nabarmenarekin sartu ziren. Ez zirudien inork harrapatuko zituenik, baina turfzaleen gozamenerako gogoratzeko moduko “hegaldia” falta zen, Sommersunena. Bikain moxala eta ederra karrera. 10 PETRA faboritoaren berririk ez zen izan ibilbide osoan, aurreko asteetan izandako arazoak ordainduz nonbait. Atetxoetan lanak eman zituen 04 MOCAYOk eta irteera txarra izan zuen berriz, baina erremate ikusgarri batekin amaitu zuen beste behin metroak eskatuz. Laugarren. 08 KATALINAk erorikoa ere izan zuen eta agian horrek bere lana gristuko zuen. 02 MAHATMAk ez zuen iragarritako hobekuntza erakutsi ezta 06 TRESCALCETINESek ere.
Bere tokian: 05 SOMMERSUN / Huts: 10 PETRA / Jarraitzeko: 05 SOMMERSUN, 04 MONCAYO
5: Sanlucareko Zaldi Lasterketak (Handikap, 2.zatia). 1.600 m.

Badira hipodromoan inoiz garaile aterako ez diren itxurako zaldi apal batzuk. 06 HANNA zen horietako bat. Handikapetako hondo-hondoko galtzailea. Atzora arte. 27 karreretan ez zuen sekula garaipenik lortu baina erditan baino gehiagotan kokatu egiten zen, askotan bigarren gainera. Bazirudien irabazleen atea betirako itxita zuela. Baina atzo, Julia Zambudioren trebezia lagun, azkenean lortu zuen. Garaipena bere 28. karreran! Eta Rosell bere entrenatzailearentzat 82ko ecart pisutsu bat hausteko ordua. Bizi ibili zen jockey kantabriarra zeukan pisu-abantaila handia aprobetxatzeko. 05 KAKAROTTO bere ohiko puntako ibilbidea egiten saiatu zen berriz baina, metroak soberan orain ere, hirugarrenarekin konformatu behar izan zuen. Janacek saiatu zen 04 MACHU PICHU gure faboritoaren errematearekin Zambudiorena harrapatzen baina alperrik, irabazlea askoz arinago baitzihoan. 02 HOLLOKO eta 01 ASCENSION DIRECTE krisi latzean sartuta erakutsi zuen. 03 LEITZAk ez zuen parte hartu.
Bere tokian: 04 MACHU PICHU / Huts: 01 ASCENSION DIRECTE / Jarraitzeko: 06 HANNA