zaldilasterketak.eus

Abuztuak 29: analisia

Azkenaurrekoa. Hau amaitzera doa. Igande honetan gaztetxoenen ordua izango da, 2 urtekoena. Nazioarteko Criteriuma jokatuko da 2 urteko onena zein den argitzeko. Egia esan orain arte 2 urteko karreretan zaldi gutxi eta gora-behera gehiegi ikusi ditugu, irizpide argi bat izateko. Horrexegatik pronostikoa oso irekia dago eta gogoz ere bagaude onenen arteko lehia garbi bat ikusteko. Horrekin batera beste lau proba interesgarrik osatzen dute programa. City Gent Jaurlaritzako lehendakaria berriz kantxan. Goazen analisiarekin.

1. Lasterketa (17:30): Balada saria (Espainian jaiotako zaldiak). 1.600 m

04 PRAVIAren hiru garaipenak miliatik behera izan dira. Iaztik bere entrenatzailea tematu da kilometro bikoitzetik gora korritzen baina behorrak ez du bere maila mantendu. Kategoriaz jaisten da, pisua jasotzen du eta berak dauka baliorik altuena. Ez luke barkatu beharko. 01 BREY DE VALIENTE gure pistako “klasiko” handi bat da, 3 garaipen dauzka hemen antzeko probetan. Aurten kanpoan ibili da, Madrilen eta Sanlucarreko hondartzan. Balio ofizialez dexente jaitsi den arren hemen apustu seguru bat da. 03 VETONAk ez du gaizki korritu hemen udan egindako bi agerraldietan, laugarren eta hirugarren. Baina ez da benetako borrokan ibili. Breyk baino balio altuagoa du baina ez dago hain egokitua gurera.

Gure hautua: 04 PRAVIA – 01 BREY DE VALIENTE – 03 VETONA

2. Lasterketa (18:00): Peña Hipica Donostiarra saria (erreferentziazko handikapa). 2.200 m.

05 LA MAL AMADAk asko gorde zuen pasa den igandean erraz irabazteko. Kronikan esaten genuen Galileoren biloba hau bigarren zatian ezin zuela egon. Igande honetarako berrengaiatu egin dute, aurreko igandeko karreran asko sufritu ez duelaren seinale. Janacek berriz. Asko gustatzen zaigu. 04 MONZALVOS gaztetuta dirudi aurtengo udan Enrique Puente kantabriarraren zainketekin. Garaipen bat eta hiru kokapen lau karreretan. Bere garaipeneko distantzia du berriz, Zambudioren superdeskargua, handikapean ez dute asko zigortu eta gutxik dute bere gorputzaldia. Bikoa egiten ikusten dugu. 03 SISON denboraldi ederra egiten ari den beste bat da. Hau komunikabideetako azalak betetzen ari den Victori Alonso modako jokey gaztearekin. Bi garaipen erreskan dauzka eta sei kilo igo dizkiote handikapean, baina bere jockeyaren deskarguak gauzak berdintzen ditu. Azkena oso erraz irabazi zuen. Beste bat. Denboraldi bukaeran sasoian egotea inportantea denez, hiru horien artean ikusten dugu garaipena. Formaz topera daude.

Gure hautua: 05 LA MAL AMADA – 04 MONZALVOS – 03 SISON

3. Lasterketa (18:30): Real Sociedad de Carreras de Caballos de Sanlucar. 1.200 m.

01 CITY GENTek hipodromoa ipurdiz gora utzi zuen aurreko igandean Eusko Jaurlaritza saria irabaziz. Teorian bere lana erbiarena egitea omen zen Nordeste bere ikulukidearentzat. Baina ihesaldia hain ondo irten zitzaion garaile bihurtu zela inork espero ez zuenean. Berez, hau zuen bere helburua, 1.200 metroko karrera eta sari apalagoa, bere neurrikoa. Orain edozeinek baztertzen du, are gehiago bere jockey fetitxearekin. Pisuz bikain ateratzen da eta distantzia horretan nekez harrapatuko dute. Hori guztia, igandeko astindua ez badu ordaintzen. Elarre 24/7 non stop. Irabaztera berriz. 02 FINTAS iazko esprinterren erregea zen, Great Prospectorren baimenarekin. Ordukoak hemen entrenamendu bat egingo luke. Aurtengoa -bere ikulu osoa bezalaxe- oso baxu dabil eta ez du mailarik eman Madrilgo hitzordu handienetan. Halere, hemen kategoria askoz apalagoa da eta berarengandik beti onena espero daiteke. 04 MADIDINA eta 05 PERFECT SUNRISE gaztetxoek erakutsi dute oso bizkorrak direla baina ez daude zaharren maila berean. Fintasek huts egingo balu bietako edozeinek bikoan sartzeko aukera izango luke.

Gure hautua: 01 CITY GENT – 02 FINTAS – 04 MADIDINA

4. Lasterketa (19:00): 14+1 Comunicación saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 2.000 m

Aspaldi ez genuela halako lote eskasik ikusten. Hamaika partaideen artekoak batuta apenas kokapen gutxi batzuk biltzen dituzte. Aipatzekotan 09 TRASTAMARA azpimarratu beharko dugu. Ez ezer egin duelako, baizik eta jatorri polita duelako, azaroko bere debutean faboritoa zelako eta Maroto entrenatzaileak honaino dakarrelako. Uda osoko bere lehenengo partanta (¿?). Hondarrean erdi-txukun berragertzetik dator eta besterik ezean, berarekin geratuko gara. 03 EPSILONek faborito izateko egindako meritu bakarra Alduffofen atzetik bost gorputzera bigarren iristea izan da. Ordukoan ez gintuen batere txunditu baina oraindik sei karrera besterik ez ditu eta hobetzeko tartetxoa aurreikusi behar zaio. Hor egon beharko luke. Beste guztietatik zaila da ezer goraipatzea. Jesus Lopezen 02 TRANCEk bi karreretan erakutsi duena baina gehiago eduki beharko luke barruan eta 05 DARINFIANEri Saf-Safen ikuilutik M.J.Perez-enera pasatzeak agian zeozer esnatzeko balio diezaioke.

Gure hautua: 09 TRASTAMARA – 03 EPSILON – 02 TRANCE

5. Lasterketa (19:30): Nazioarteko Kriteriuma (2 urtekoak). 1.500 m

06 WHITE KINGek debuta egin behar zuenean Bugatitik zuzen joan zen hesiaren kontra. Bigarrenean M.E. Fernandezek tentu handiz lagundu zion Bugattin bira egiten eta lasai-lasai egin zuen zuzena azken berrehun metroetara iritsi arte. Orduntxe ahalegintxo bat eskatu zionean orain arte bi urtekoen artean ikusi ez dugun azelerazioa ikusi genion zaldi zuriari. Txundituta utzi gintuen. Distantzia luzatzean hobetuko du eta ikasgaia barneratuta duelakoan, bera da gure faboritoa. 01 EL OJANCANOk ere erritmo aldaketa itzela erakutsi zuen hemen Le Minable, Trasgu eta gure faboritoaren aurretik. Pisua eta esperientzia ere alde zituen orduan. Orain aldapa gogorragoa topatuko du. 07 LUARCAk oso garaipen erosoa lortu zuen Zubietan duela bi aste. Zaila da bere ahalmenari tankera ematea baina jatorri ona du eta hemen lehiakorra izan daiteke. 08 PRETTY EMERALD eta 02 SHANGRI LA hemen irabazitakoak dira. Hauen ildoak besteenekin konparatzea oso zaila egiten zaigu, baina itxuraz zertxobait azpitik daudela uste dugu.

Gure hautua: 06 WHITE KING – 01 EL OJANCANO – 07 LUARCA

Abuztuak 29: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top