zaldilasterketak.eus

Abuztuak 29: Kronika + Argazki galeria

Azkenaurrekoa. Beste arratsalde eder bat hipodromoan bi urtekoen proba nagusia ikusteko. Pista egoera onean (3,2) -denboraldiari oso ondo eutsi dio aurten- eta sarrerak agortuta -ea gaur Urkullurren LABIak edukierak zabaltzen dituen-. Faborito gehienak nagusitu ziren eta Kriterium interesgarri bat ikusi ahal izan genuen.

1. Lasterketa: Balada saria (Espainian jaiotako zaldiak). 1.600 m

PRAVIA (Vaclak Janacek) / Argazkia:Dabid argindar

Motel irten eta 3-4 gorputz galdu arren PRAVIA faboritoa ekartzen jakin izan zuen Janacekek arratsaldeko lehenengoa azken metroan irabazteko. Gutxinaka-gutxinaka metroak errekuperatzen etorri zen ispiluaren aurrean burua aurretik jartzeraino (hortxe Argindarren argazki ederra). Kide gutxi izan arren karrera borrokatua izan zen azken metrora arte. Bigarren J. Lopezen ikuluan errekuperatua dirudien MUGUETAJARRA Borja Fayosen jakarekin eta hirugarrena puntan aritu zen VETONA.

Bere tokian: PRAVIA / Huts: BREY DE VALIENTE / Jarraitzeko: MUGUETAJARRA

2. Lasterketa: Peña Hipica Donostiarra saria (erreferentziazko handikapa). 2.200 m.

SISON (V. Alonso) / Argazkia:Dabid argindar

Modako neskak arratsaldean bi irabazi zituen. Lehenengoa bere famialiaren zaldiarekin. Eta nola gainera! SISONek hiru garaipen ditu jarraian gurean eta zein baino zein errazago. Zuzenaren erdian, bere jockeya geldirik zetorrela, argi ikusten zen bera zela irabazlea. Victoria Alonsok lagundu besterik ez zion egin behar izan Rail Linken seme honi, berarekin batera uda honetako sorpresetako bat. Atzetik, baina irabazlea estutu gabe, ISHRAQek hobekuntza erakutsi zuen orain Elarreren ikuluan dagoela -aurretik Anayarekin zebilen-.

Bere tokian: SISON / Huts: LA MALA AMADA / Jarraitzeko: ISHRAQ

3. Lasterketa: Real Sociedad de Carreras de Caballos de Sanlucar. 1.200 m.

CITY GENT (V. Alonso) / Argazkia:Dabid argindar

Bigarrena jarraian irabazi zuen Victoriak bere konplize maitatuarekin, CITY GENT. Hau bai udako izarra. Bost aldiz atera da bikotea pistara eta horietatik lautan irabazi. Alonsok ia bigarren familiatzat izango du Elarretarra, aurten eztanda egiteko asko lagundu baitiote. Oraingoan zaldiak ez zion eutsi betiko puntako estrategiari. Jakitun beste batzuk hori oztopatzen saiatuko zirela atzean geratu zen zain, urduritu gabe, eta zuzenaren erdira itxoiten jakin izan zuen bere nagusitasuna inposatzeko. Puntan egin zuen PERFECT SUNRISE gazteak bigarrenari eutsi zion eta atzetik FINTASek errematetxo bat utzi zuen, Sousaren aburuz errekuperatzen ari delakoan. Izugarrizko txalo zaparrada jockey gazte eta zaldiarentzat balantza-gunearen inguruan udako protagonista handientzat.

Bere tokian: CITY GENT / Huts: MADIDINA / Jarraitzeko: FINTAS

4. Lasterketa: 14+1 Comunicación saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 2.000 m

UPSILON (J. Gelabert) / Argazkia:Dabid argindar

Paperean arerio gutxi izan behar zituen UPSILONek pistan eta TRASTAMARA eta TRANCEren erretiratzeekin, tramite huts batean geratu zen karrera. Sorpresak ekiditeko Gelabertek puntan jarri zuen faboritoa hasieratik eta horrela egin zuen ibilbide osoa. Azken zuzenaren erdian DARINFIANE zertxobait gerturatzen saiatu zitzaion baina ondo eutsi zion Gelabertenak. Historia handirik gabeko karrera. Hirugarren, oso urruti, AINE sartu zen.

Bere tokian: UPSILON / Jarraitzeko: DARINFIANE

5. Lasterketa: Nazioarteko Kriteriuma (2 urtekoak). 1.500 m

EL OJANCANO (B. Fayos) / Argazkia:Dabid argindar

Jardunaldi batzutako zigorra bete ondoren irabazten bueltatu zen Borja Fayos EL OJANCANO faboritoarekin. Zortzi hautagaietatik berak zuen eskarmentu handiena hainbat hipodromotan ibili ostean eta horretaz baliatu zen garaipena eskuratzeko. Remolina berriz ere esku ona erakusten bi urtekoekin. WHITE KINGekin aldiz Raul Ramosek biderik zailena aukeratu zuen eta azken momentura arte ezin izan zuen martxan jarri zaldi zuriaren motorra, baina egin zuenean sekulako azelerazioa erakutsi zuen Free Eaglen seme honek. Ibilbide garbiago batekin agian bera izango zen garailea. Ez ahaztu bere izena. Preparazioz aldatzera doan honetan ea berriek bere garapena bermatzen asmatzen duten. Hirugarrenerako borrokan aritu ziren PRETTY EMERALD eta QUALISE BARELIERE eta azken honek eraman zuen.

Bere tokian: EL OJANCANO / Huts: SHANGRI LA / Jarraitzeko: WHITE KING

Argazki galeria

Abuztuak 29: Kronika + Argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top