Abuztua hemen da. Onena hastera doa. Hitzordu nagusienen lehenengoa: behorrena. Zein izango erregina berria? Mª Cristina Hotela sarian erabakiko da. Bi hautagai nagusi daude, azken bi urteotako irabazleak: HARDPIA (2020) eta NAVIA (2021). Buruz-buruko lehiatua aurreikusten da. Jardunaldia ezohiko ordutegian hasiko da, arratsaldeko zapietan. PMU sare frantsesean jokatuko da eta, noski, futbolean bezalaxe txanponak jartzen dituenak agintzen du hemen ere. Programa interesgarria abuztuko festari ekiten hasteko. Hau da programaren gure analisia (Etxahun zale gaztetxoenaren marrazki bikainaz lagunduta).
1. Lasterketa (19:00): Induscreen Serigrafia saria (salmenta). 1.600 m
04 TIHANNA oso bestelako lotetan lehiatzen ohituta dago. Azkenekoz Aunt Agatha, Upa Lola eta Samedi Rien izan zituen bakarrik aurretik. Soberako balioa du hauen aurrean pasiatzeko. Oso harrigarria litzateke hemen ez irabaztea. Baina erne, gurean behin bakarrik korritu duela eta gaizki. Faborito handia. 03 MA CHERIE AMOURek itxura polita eman zuen hemen Alboranek irabazitako amateurren karreran bigarren eginez, What´s Up eta Pont de Ruda bezalakoen aurretik. Ostera oso gaizki aritu da Frantzian distantzia laburrean. Karrera hartan emandako mailarekin faboritoari zirika diezaioke. Urrutiko sorpresa. 01 BOUJOC oporrik gabeko Elarreren beste behargin bat da. Distantzia oso motza da baina kobraketa aseguratuta dauka. 02 MEU LEIRO hipodromoan dagoen zaldirik eskasenetakoa da, 17. irteeran lortu du kobratzea aurreneko aldiz, nahiz eta azkena geratu. Hemen ere berdin.
Gure hautua: 04 TIHANNA – 03 MA CHERIE AMOUR – 01 BOUJOC
2. Lasterketa (19:33): Araeta Sagardotegia saria (2. zatiko handikapa). 2.000 m
10 STERLING GOLDek gol aukera nabarmenak izan ditu azkenekoetan baina beti zutoinean jotzen du. Ibilbidean atzeratuegi, errematean oztopatuta… kontua da beti topatzen duela aitzakiaren bat galtzeko. Sorpresak ekiditearren Alejandro Gutierrez Val aprendiz gazte bezain bikaina dator Frantziatik. Han oso goraipatua izaten ari da denboraldi honetan. Behorra badirudi distantzia pittin bat eskatzen ari dela eta hemen izango du. Penaltia errepikatzeko aukera emango diogu. Orain bai. 08 KANTIO Elarrerekin hemen egin zuen debutean ez zen enteratu ere egin, distantziaren laburrarengatik. Ondoren Pompadourren karrera harrigarria egin zuen, Gris D´Argent eta Isabela bezalako elementu onen ondo-ondoan. Ez dakigu nola baloratu “mirakulu” hori. Aurrekoan zurrumurru izan zen hemen bere entrenamendu onak zirela eta. Gaur bere distantzian eta Veronekin zale asko izango ditu lehiatiletan. Erne berarekin. 04 KUKOk nabarmen huts egin zuen duela bi aste ezin galdu den karrera horietako batean. Bere prestatzaileak pistaren gogortasunari leporatu zion akatsa. Gaur Fayosek dena aterako dio eta pista zertxobait biguntzen bada asko eskertuko du. 02 MONZALVOSek bere udareroko karreratxoa aurkituko du aurten ere baina distantzia piska bat gehiagorekin eta eskalan zertxobait jaitsita. Halere, gertu. 01 TE KOOPek bi karrera jarraian irabaztetik dator eta pisuz zigortu duten arren bigarren mailan jarraitzen du. Atomiko dabil, Jesus Lopezen guztiak bezalaxe, baina uste dugu jada ainguratuta egon behar duela. 12 DINKARATZek bere aurreneko euroak lortu zituen aurrekoan antzeko lote batean. Zapalduta ateratzen da baina hobetu besterik ezin du egin. Kokapen bat ostu dezake.
Gure hautua: 10 STERLING GOLD – 8 KANTIO – 04 KUKO
3. Lasterketa (20:03): Mª Cristina Hotela saria (behorrak). 2.200 m
Azken bi edizioetako irabazleen arteko buruz-buruko estua aurreikusten dugu: 03 HARDPIA (2020) eta 07 NAVIA (2021). Baina goazen banaka-banaka partaide bakoitzarekin:
01 COCKLINA (balioa: 38): Marc Comasen behor honek bere mugak erakutsi ditu eta onenen kontra ezin izan du. Halere, Zubietan beti izan da lehenengo edo bigarren. Prestakuntzazko proban 07 NAVIA larritzeko gai izan zen, forma aurreratua baitzeukan. Gaur faboritoak zorrotzago arituko dira. Baina etxean jokatzen du eta azken kokapen bat harrapa dezake. Oso fidagarria da bere balioan.
02 EXTERIEUR (balioa FR: 39,5). Elarreren fitxaketa berria Lasarteko Imperial Studs zalditegiarentzat. Frantzian balio txukuna eman izan du hego-ekialdeko handikapetan baina proba handiagoetan saiatu ere egin gabe. Azkenaurrekoa egitetik dator Parisen jaka berria estreinatuz. Ez du pista ezagutzen eta ez dugu ikusten bere momenturik onenean.
03 HARDPIA (balioa: 44): Aleksander Tseretelli georgiarrak iaz hartu zuenetik behor honek kalitate salto bat eman du Benitez de Lugo irabaziz eta Prix Fille de l´Air 3Gn kokatuz. Iaz uda lasai hartu zuen udazkena prestatzeko. Baina aurten jada udaberritik azeleragailua zapaltzen dator. 07 NAVIA menderatu zuen Madrilen maiatzean. Sousa bere ohiko sozioarekin, ez dugu ikusten gaindituko duenik. Bere distantzia da eta pista zertxobait bigunduko balitz ez litzaioke inportako. Karrerako klasedunena bera da.
04 IDOLE ROYALE (balioa: 34): Zubietan txukun aritu da handikap mailako probetan baina hauek oso bestelako urak dira. Ez zaio ezer galdu hemen.
05 INES (balioa: 39,5): klasika guztietan aritu zen iaz meritu handiko kokapenak lortuz Beamonte, Benitez de Lugo eta Villamejorren. Urtea itxi zuen zaharren aurrean amore emanez Memorialean. Urte oso gogorra baina duintasun handiz lehiatua. Aurten Madrilen milian berragertu zen irabaziz, onen estiloarekin. Frantzian Listeden saiatu ziren eta baita huts egin ere. Ekainean Madrilen oso gaizki korritzetik dator. Ez dakigu zer pentsatu. Klasea badu baina bere forma punttua ezezaguna zaigu. Gurean ez da sekula aritu. Ezin baztertu, kalitatea soberan baitauka.
06 KENNOCHA (balioa: 35): iaz Jasminerekin egin zuen bezala gatza eta piperra jarri dio denboraldiaren hasierako txanpari sei urteko behor honek bere berpizkundearekin. Handikaparen bigarren zatitik proba honen prestakuntzazkoan kokatzeraino. Baina hau da bere neurrikoa eta bere ordua pasa da. Handien txanda da.
07 NAVIA (balioa: 41,5): estatuko behorrik onenetakoa. Historial dizdiratsua du: Beamonte eta M” Cristina irabazitakoa eta Urrezko Kopan, Villamejorren, Memorialean eta Donostiako Sari Nagusian kokatua. Gutxi daude bera baino lehiakorragoak. Prestakuntzazkoa irabazi zion hemen 01 COCKLINAri nahiz eta guztiz zorroztuta ez egon. Hau da bere helburua eta topera aterako da. Baina gure faboritoaren zertxobait azpitik ikusten dugu, nazioarteko beltzatxoa falta zaio.
08 NUBIA (balioa FR: 38): 5 urteko estatubatuar hau Fabreren ikulu ospedunarentzat korritzen aritu da orain arte. Hirutan Listed mailan probatu duenean ez du maila eman baina handikapetan oso erregular aritu da 39-40 balioan. Comasek erosi eta hemengo prestakuntzazkoan berragertu zen, oso modu lasaian pisuz zigortuta baitzihoan. Hura hobetuko du, seguru. Baina distantzia laburragoetan ohitua dago eta hemen arerio oso gogorrak topatuko ditu. Zalantzak baina baztertu gabe.
09 PERALTA (balioa: 36,5): 05 INESen antzera iaz oso urte polita egin zuen klasikoetan, beti Maracay eta Ines beraren itzalean geratuz. Aurten bitan azaldu da pistan, Madrilgo udaberrian, distantzia oso laburretan. Ez du ezer egin, noski. Baina Alburquerqueko Dukeak begiz jota izaten ditu sari handiak eta hau prestatzen aritu dela pentsa liteke. Ez du pista ezagutzen eta ez da faboritoen mailara iristen baina azken kokapenarengatik lehiatu daiteke.
10 GOYESCA (balioa: 35,5): hiru urteko gaztetxoetako ausart bat. Hemen handikap merke bat irabaztetik dator sekulako kilo pila jasoz. Batzuk, hortik tiraka, hemen sorpresa izan daitekeela uste dute. Baina guk zaharrengandik oso urruti ikusten dugu. Oso.
11 MALVARROSA (balioa FR: 35): Elarrek egindako beste erosketa berri bat. Hau Rouget guztiahaldunaren ikulutik. Erregular aritu da erdimailako 3 urtekoen karreretan baina ez du erakutsi hemen arriskutsua izateko ezer. Hori bai, bere ama Double Mix da. Poti, Arguero eta abarrekoena.
12 NASAB (balioa: 36): distantzia laburragoetan aritua, bere mugak agerian utzi ditu. Berriki, prestakuntzazkoan, Navia, Cocklina eta Kennocha izan zituen aurretik. Kale.
13 ONE MORE NIGHT (balioa FR: 34,5): Elarre faktoriaren beste gaztetxoa, hau bere jakarekin. 12 karrera aurten, garaipen batekin eta kokapen ugari. Handikaparen erdiko solairuetako da. Hau ez da bere tokia.
Gure hautua: 03 HARDPIA – 07 NAVIA – 05 INES – 01 COCKLINA
4. Lasterketa (20:33): Asenel saria (1 zatiko handikapa). 2.000 m
09 BABY GROOM gori-gori dabil, bere ikulukideak bezalaxe (Media Storm, Kennocha, Le Tamada…). Hemen sorpresa eman zuen amateurren karrera batean inork espero ez zuenean. Ondoren Tarbeseko Quintean (Il Decameronerena) oso gertu amaitu zen. Aurrekari horiekin hemengo handikap hau oso eskura du. Sousa zelan eta distantzia perfektua. What else? 01 LEADER´S LEGACY erlojuari buruz jada ez dakigu zer esan. Hemen beti lehenengo edo bigarrena da. Baldintza berak=emaitza bera. 10 UPSILONek oso karrera ona egin zuen Goyesca eta Leader´s Legacyren atzetik, hirugarren. Goraka dator eta sorpresa eman dezake, iaz pisu honekin hemen irabazitakoa baita. 04 ALDUFOOFek iaz laugarren egin zuen Mª Cristinan. Bistan da helburuak apaldu dituela. Hemen oso ondo ateratzen da pisuz, distantzia ezin egokiagoa eta puntan egiten uzten badiote arazoak sor ditzake. Zela gainekoak zalantzak sortarazten dizkigu. 05 LUANCO Jesus Lopezen ikulutik okerren korritzen ari dena izango da. Horri eskerrak izugarri jaisten ari da handikapean. Gaur gainera 4 kiloko deskarguaz aprobetxa daiteke. Esnatzeko baldintza onak.
Gure hautua: 09 BABY GROOM – 01 LEADER´S LEGACY – 10 UPSILON
5. Lasterketa (21:03): Irish Thoroughbred Marketing saria (2 urteko moxalak). 1.400 m
Zaila izaten da 2 urtekoen arteko ildoak marrazten baina saiatuko gara. 01 SOMMERSUNek ederki izerditu behar izan zuen Rodriguezen Astuto gainditzeko Madrilen. Beste honek tutik ez zuen esan hemengo faboritoen kontra. Ildo ustela eta gainera, zama handiagoa eraman beharko du. Ez dirudi. 03 PAPYRUS ROADek amore eman behar izan zuen 04 QUEEN OF GLORYren arintasunaren aurrean. 5 kiloko aldea zegoen behorraren alde. Gaur pisu berdintasunak balantza arraren alde jartzen du. Ordukoan 05 WARRIOR´S REVENGE, Rocioren fitxaketa berria, aurkeztu zen gurean. Aurreko bien atzetik, hirugarren, sartu zen ibilbide eroso bat izan gabe. Egokituago eta Arizkorretarenek izaten duten hobekuntzarekin, aurre-aurrean espero dugu gaur. Oso deigarria egin zitzaigun 02 MONCAYOren debuta, Red Hot Action Imaztarrak irabazi zuen debutarien hartan. Loaizak lanak izan zituen moxala gobernatu eta ofizioa erakusteko baina azken metroetan martxan jarri zuenean oso erremate deigarria utzi zuen. Danbatekozaleentzat.
Gure hautua: 05 WARRIOR´S REVENGE – 03 PAPYRUS ROAD – 02 MONCAYO