Egun handietako giroa Zubietan eta goi-mailako borroka ikusi ahal izan duguna. Emeen arteko koroari eutsi nahiean Hardpiak eta Naviak buruz-buruko ederra eskaini digute. Arratsalde eguzkitsua eta jende andana hipodromotik. Txanponaren beste aldean, pistaren egoera lehorra eta kaskarra salatu dute hainbat profesionalek. Azken aldiko beroaldiek seguru ez dutela batere lagundu baina, entzundakoak entzunda, ea Urrezko Koparako gauzak zertxobait txukuntzen diren.
1. Lasterketa: Induscreen Serigrafia saria (salmenta). 1.600 m

04 TIHANNAk pronostikoa bete zuen eta Sousak arazorik gabe eskuratu zuen jada egitarauan irabazita zuien karrera. Arratsaldeko hiruetatik lehenengoa portugaldarrarentzat. Elarreren 01 BOUJOC eta 03 MA CHERI AMOUR taldekideak ez ziren gai izan irabazleari segada bat antolatzeko.
Bere tokian: 04 TIHANNA
2. Lasterketa: Araeta Sagardotegia saria (2. zatiko handikapa). 2.000 m

Azkenean 10 STERLING GOLDek lortu zuen hainbestetan gertu izandako garaipena. Garrantzitsua izan zen Gutierrez Val gazteak emandako ibilbide garbia hala nola distantziaren luzatzea ere. 6 urterekin utzi dio maiden izateari Miguel Alonsorenak. Aise nagusitu zen eta antzeko beste handikap bat eskura lezake udan. Gure pistan berpiztu den 01 TE KOOP zaharrak berriz irabazteko ahaleginak egin zituen baina oraingoan amore eman behar izan zuen. Hirugarren, beste behin, 12 DINKARATZ. Hau ere gorantz hasi da eta ,handikapean duen egoera erosoa ikusita, jarraitzeko moduko zaldia da.
Bere tokian: 10 STERLING GOLD / Huts: 02 MONZALVOS / Jarraitzeko: 12 DINKARATZ
3. Lasterketa: Mª Cristina Hotela saria (behorrak). 2.200 m

Ikuskizun ederra eskaini ziguten azken bi edizioetako irabazleek: 03 HARDPIAk (2020) eta 07 NAVIAk (2021).
Bazirudien zuzenaren erdian Arizkorretarenak hartutako abantailatxoa nahikoa izan zitekeela garaipena bigarren urtez jarraian eskuratzeko baina hortxe azaldu zen maisu Sousa, barru aldetik, metroak jaten joateko eta, klase kolpe batez, 03 HARDPIA aurretik jartzeko. Buruz-buruko polita, lehiatua. Biek ala biek merezi zuten garaipena baina azkenean klaseak hitz egin zuen. A zer nolako behorra Tseretellik entrenatzen duena. Ez da alperrik 3Gn kokatua. Itxura galanta zuen padockean. Karrera honetan errepikatu dutenen taldetxoan sartzen da Nitzana (1986-87), Bay Hill (1995-96) eta Kantiarekin (1999-2000) batera. 06 KENNOCHAk karrerari sekulako erritmoa jarri zion hasiera-hasieratik bidean partaide asko karreratik kanpo utziz. Bi faboritoak erne joan ziren portugaldarraren itzalera metro asko ez uzteko. Honek amore eman zuenean bi faboritoak geratu ziren bakarrik lehian. Atzetik, errematatzeko gai izan zen bakarra 04 IDOLE ROYALE apala izan zen, hirugarren postuan iritsiz. Sekulako ustekabea. Karrera ederra eta zaletuek gogoratzeko moduko buruz-buruko bikaina egungo bi behor onenen artean.
Bere tokian: 03 HARDPIA / Jarraitzeko: 04 IDOLE ROYALE
4. Lasterketa (20:33): Asenel saria (1 zatiko handikapa). 2.000 m

Beste behin 01 LEADER´S LEGACY. Zubietako metronomoa. Lehenengo edo bigarren hemengo bere azken karrera guztietan. Zambudiok argi jokatu zuen atze-atzean itxoiten puntazaleen erritmo biziari jaramon egin gabe. Zuzenean denak eroso gainditu zituen erdi aldetik errematea atereaz. Ustekabean 04 RAMIRIQUIk erremate indartsua aurkeztu zuen bigarren plaza lortzeko eta 03 RUMBOk osatu zuen ia 300 €-ko hirukoa. 09 BABY GROOM faboritoak ibilbide zikina izan zuen eta Janacekek bere ondoeza azladu zien apaileei. 12 EL NOVIOk, ohi duenez, ez zuen irteera atetxoetan sartu nahi izan eta padockean ere erotuta ibili zen, hesiaren gainetik Generaleko harmailerantz salto eginez.
Bere tokian: 01 LEADER´S LEGACY / Huts: 09 BABY GROOM / Jarraitzeko: 04 RAMIRIQUI
5. Lasterketa: Irish Thoroughbred Marketing saria (2 urteko moxalak). 1.400 m

Saf Saf zalditegiaren eta Ricardo Sousaren arratsaldea borobildu zen 01 SOMMERSUNen garaipenarekin. Zalditegiak bi garaipen eta bigarren bat hiru partaiderekin eta jockey portugaldarrak hiru garaipen eta bigarren bat lau karreretan. Hobetzeko zaila. 01 SOMMERSUN nahiz eta pisurik altuena eraman boteretsu aurkeztu zen Zubietan. Fisiko ederrekoa 04 QUEEN OF GLORY makurtuarazi egin zuen, honen erasoa erabakiorra zirudienean. Karrera aurre aldean egin zuten 03 PAPYRUS ROAD eta 05 WARRIOR´S REVENGEk borrokaren orduan pott egin zuten (fitxaketa ustela dirudi Rociorenak) eta 02 MONCAYOk, aurrekoan iragarritako errematea borobildu zuen oraingoan, hirugarren eginez. Erne honekin ere hurrengoetan, distantziaz igotzean. Apunte interesgarria ere 06 ADHARHAri sumatu geniona, azken orduko azelerazio polit bat utziz. Hobetzen joango da hau ere.
Bere tokian: 04 QUEEN OF GLORY / Huts. 05 WARRIOR´S REVENGE, 03 PAPYRUS ROAD / Jarraitzeko: 01 SOMMERSUN, 02 MONCAYO