zaldilasterketak.eus

Abuztuak 8: analisia

Iritsi da udako lehenengo sari nagusia, Maria Cristina Hotela saria. Behor onena nor den erabakitzeko balio izango duen probak 13 hautagai bilduko ditu eta inoiz baino irekiagoa ikusten dugu guk behintzat. Partaide gutxi gainontzerako lasterketetan, izan ere aste berean lau jardunaldi izango baitira, gureaz aparte bi Sanlucarren eta bat Madrilen. Zaldi gutxi eta proba gehiegitxo. Hau da igande arratsalde honetako lasterketen gure azterketa.

1. Lasterketa (17:30): Kriterium Nazionala (2 urteko moxal espainiarrak). 1.400 m

01 BRIBONi bakarrik Galilodge bikainak irabazi ahal izan dio pistara atera den hiruetan. Noozhoh Canariasen semeak maila polita erakutsi du Madrilen eta arerio hauek aise menderatu beharko lituzke. Ez dago besterik. 02 ZEUS CANARIAS bere anaia poliki-poliki hobetzen ari da, baina oraindik mailarik eman gabe. Aurrenekoz betaurrekoak jarriko dizkiote lanean zentratzeko. 03 AQABA aurreko astean Bugattin bihurgunea jarraitu beharrean zuzen joan zen Sa Territorise eroa jarraituz. Zubietan ondo entrenatzen ari omen da eta etxean jokatzeak abantailatxo bat ematen dio. Halere, orain arte ez du ezer erakutsi. Ikusteke.

Gure hautua: 01 BRIBON – 03 AQABA – 02 ZEUS CANARIAS

2. Lasterketa (18:00): Terborch saria (3 urteko moxal espainiarrak): 2.000 m

01 BABY GROOM pistan irabazitakoa da distantzia honetan eta sasoi betean dabil, Gaspar Vaz bere entrenatzailea bezalaxe (Quinte bat irabazi berri du Deauvillen Hot Spotekin). Topatuko duen biguna ere gustatuko zaio eta Sousak gidatuko du. Faborito nagusia. 03 FOSFORESCENCIA bi urterekin bere adineko onenen artean egongo zela zirudien baina aurten penagarri dabil. Ezin ahaztu Diane sarian (1G) izena emanda egon zela. Izango zena uste zutenaren itzal txiki bat ere geratuko balitz hau irabazteko nahikoa litzateke, baina ikusi egin behar. Ez diogu konfidantza handirik.

Gure hautua: 01 BABY GROOM – 03 FOSFORESCENCIA

3. Lasterketa (18:30): Insalus saria (handikap 1. zatia). 2.000 m

05 RAPPEURrek 8 urterekin bere inoizko baliorik altuena du egun. Patiokidea duen Jasmine bezalaxe erretiroa gerturatzen ari zaionean inoiz baino indartsuago ageri da. Zubietan dituen azken lau karreretatik bi garaipen eta bi bigarren ditu. Fonsecak ondo ezagutzen du eta badaki punta bizia nola kudeatu helmugaraino ihes eginda iristeko. Lokatzetan ondo aritzen da, distantzian ere bai baina agian jada pisuz justu xamar egon daiteke. Bere patioa gori-gori dabil. Gure faboritoa. 03 KUKO hemen irabaztetik dator duela hiru aste. Hau ere pisuz justu dabil baina loteko besteek ez dute bere sasoia eta pistarekiko egokiera. 01 LEADER´S LEGACYk beti bilatzen du irabazten dion norbait. Distantzia hau luzetxo egingo zaio eta bigunak ere ez dio lagunduko. Bere zain jarraitzen dugu denboraldian. Agian hurrengoan.

Gure hautua: 05 RAPPEUR – 03 KUKO – 01 LEADER´S LEGACY

4. Lasterketa (19:00): Carrus taldea (handikap 2. zatia). 2.000 m

03 NADER gurean udarero irabazten duen “klasiko” horietako bat da. Urte beltza darama eta horrek kategoriaz jaistea suposatu dio, bigarren zatiko zaldi apalenekin aurrenekoz elkartzeraino. Bera ez da kategoria honetakoa eta erakutsi beharko luke. Anaya propio dator gurera berarekin, pisuz ez da inoiz hain baxu egon, Sousa izango du gainean eta lokatza topatuz gero lauhazka alaituko zaio. Alarmak guztiak piztu dizkigu. Gure faboritoa. 01 ORRI gaztetxo baten gorputzaldia erakusten duen beste zahar horietako bat da. Martxoan nahi bezala irabazi zuen hemen pista ezin sakonagoan. Lau kilo terdiko igoera hura oraindik liseritzen ari da. Baina, aurreko astean Roble bezalaxe, hau ere ohitua dago handikaparen goikoekin lehiatzen eta hemen maila askoz baxuagoa da. Fonsecaren deskarguak lagunduta saltsan ikusten dugu. 05 NAYADEk jelatuta utzi gintuen azkenekoan irabazteko baldintza guztiak alde zituela uste genuenean. Orain baldintzak are hobeak ditu baina orduak asko hoztu gaitu. Murphyren legeari jarraituz agian gaurkoa da bere eguna, baina gu aspertu gaitu. 04 RAMIRIQUIk urte osoa darama hirukoan sartuta, Madrilen eta hemen. Baina handikapean tarte txikia ikusten diogu. Fayos kilerra ez du izango (zigortuta) eta bere ordez Janacekekin joango da. Gertu baina ez dugu irabazten ikusten.

Gure hautua: 03 NADER – 01 ORRI – 05 NAYADE

5. Lasterketa (19:30): Maria Cristina Hotela saria (behorrak) 2.200 m

Pronostikoa zabal-zabalik ikusten dugu karrera honetan. Partaideetako inork ez du ibilbide fidagarririk erakutsi eta elkarri irabazi izan diote gehienak aurten. Ez dugu inor ikusten besteen gainetik edo pedal-kolpe bereziarekin. Dirutza ordainduko duen hirukoa aurreikusten dugu. Komunikabideen lehiaketan Arizkorretaren 09 NAVIA – 08 MY FLINDERS bikoaren alde egin dugu. Lehenengoa iaz Urrezko Kopan hirugarren egin zuelako, baina aurten Hardpia, Viana, M. Blue eta Cabuernigaren atzetik sartu da. Bere alde Madrilgo Gran Premion txukun aritu zela. My Flinders aldiz, iaz bezalaxe, prestakuntzazkoa irabaztetik datorrelako Viana, Pravia eta A. Directeren aurretik. Edozein gauza. Proba honen historialean Arizkorreta eta Osorio aurkituko dituzue beti. Aurtengoan lehenengoak 5 (!!!) behor aurkezten ditu eta besteak bi. Paperen arabera beraiek dituzte aukera nagusienak, baina ez ginateke harrituko Zubietarekin maitemindutako satorren bat azalduko balitz. 13 ISABELA gaztetxoa Baronia bere amaren garaipena imitatzen saiatuko da. Edo 12 ALDUFOOF, beste ihesaldi irabazle bat errepikatzen. Edota -zergatik ez- G. Vazen 06 JASMINE behargina, balio-taula guztiak birrintzen. Erruleta martxan jartzera doa, egin apostu.

Gure hautua: 09 NAVIA – O8 MY FLINDERS – 06 JASMINE

Abuztuak 8: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top