Zaldi lasterketak

Abuztuak 8: kronika + argazki galeria

Uda beteko arratsalde dizdiratsua atzo izan genuena. Aste Nagusia izan behar zuenaren lehenengo hitzordu handia: Maria Cristina Hotela saria. Adineko behor onena izendatzeko proba nagusia. Kalitatezko karrera bat ikusi ahal izan genuen, historialik onena duen behorrak irabazi zuena, Navia. Rocio zalditegikoa ez baitzen alperrik izan iaz hirugarren Urrezko Kopan. Hori ez du edonork lortzen. Hipodromoaren edukiera goraino beteta eta giro polita harmailetan. Pista, guk aurreikusi baino lehorrago, ona zegoen (3,4). Pistaren arduradunak zoriondu beharko ditugu aurten, orain arte behintzat, ezin hobeto eusten ari zaio eta txapelketari.

Lasterketa (17:30): Kriterium Nazionala (2 urteko moxal espainiarrak). 1.400 m

Bribon / M.Enrique – Argazkia:Dabid argindar

Espero bezala 01 BRIBONek ez zuen aparteko arazorik izan garaipena lortzeko. Bere hirugarrena maiatzean debuta egin zuenetik. Rodriguezen moxalaren atzetik 04 RASHID sartu zen bere ordura arteko Madrilgo karrerak hobetuz. Zertxobait hobetuta ere ikusi genuen hirugarren sartu zen 02 ZEUS CANARIAS, nahiz eta benetako borrokan sartu ez. 03 AQABA txikiaren arrastorik ere ez genuen ikusi.

Bere tokian: BRIBON / Huts: AQABA / Jarraitzeko: RASHID

Lasterketa (18:00): Terborch saria (3 urteko moxal espainiarrak): 2.000 m

Fosforescencia / J.Gelabert – Argazkia:Dabid argindar

03 FOSFORESCENCIA eta 01 BABY GROOMen arteko buruz-burukoa izan behar zuena zeharo desitxuratuta geratu zen lehenengoak zuzenaren hasieran jada karrera guztiz erabakita baitzeukan. Ez zen apenas lehiarik izan. Jaime Gelabertek atzeraka begiratu behar izan zuen ea bere arerio teorikoa ba ote zetorren ikusteko. Errazegi. Irabazleak horrela konfirmatzen hasten da berarengan jarrita zeuden itxaropenak oso urte eskasa egin eta gero. Gorantz jarraitu beharko luke. Garaipen honekin Enrique Leon entrenatzaileak 29 karrera irabazi gabe pasatako bolada txarrari amaiera ematen dio. Gaspar Vaz portugaldarraren BABY GROOM aldiz bere mailan zintzo jarraitzen du baina irabazlearen kategoriaren azpitik dagoela frogatuz. Beste eurotxo batzuk sakelerako. Gainontzerakoak edo distantziaz kanpo zeuden edo oraindik oso berde aurrekoen artean ikusteko.

Bere tokian: FOSFORESCENCIA / Jarraitzeko: FOSFORESCENCIA

Lasterketa (18:30): Insalus saria (handikap 1. zatia). 2.000 m

Colibri / F.Jimenez – Argazkia:Dabid argindar

Hau tristura. Bost kideko handikapa izan behar zuena bezperetan laukoan geratu zen, RAPPEUR gure faboritoaren erretiratzea zela eta. Hori gutxi ez, eta egunean bertan LEADER´S LEGACYren erretiratzea ere ezagutu genuen. Azkenean hiru kide bakarrik! Karrera xoxoa, lehia gutxirekin eta irabazle argi batekin, COLIBRI. Ez zuen arazo handirik KUKO ezohiko puntazalea atzean uzteko eta distantziaz kanpo zegoen EINARren erremate epelari eusteko. Garaipen erosoa. Berarekin Leyla Ennounik gure denboraldian dituen zenbakiak are gehiago borobildu zituen: 5 partaiderekin 3 garaipen.

Bere tokian: COLIBRI / Huts: KUKO / Jarraitzeko: EINAR

Lasterketa (19:00): Carrus taldea (handikap 2. zatia). 2.000 m

Nayade – Vicky Alonso – Argazkia:Dabid argindar

Handikaparen bigarren zatian udako denboraldian protagonista ditugun bi neska gazteren bikoa, Vicky Alonso eta Julia Zambudio. Biek ere deskargu itzelak emanez euren zaldiei, hurrenez-hurren NAYADE eta MONZALVOSi, lehenengo eta bigarren sartu ziren. NAYADE huts egitetik zetorren, baina pisu baldintza ezin hobeak aprobetxatuz, erasoa bota zuen bihurgunearen aurretik eta inork ezin izan zuen harrapatu. MONZALVOS ostera, atzetik aurrera erremontatzen etorri zen irabazlea ia-ia harrapatzeraino. Distantzia pittin bat gehiagorekin lortuko zuen. Hirugarren, beste behin, PIROPO sartu zen.

Bere tokian. NAYADE / Huts: NADER / Jarraitzeko: MONZALVOS

Lasterketa (19:30): Maria Cristina Hotela saria (behorrak) 2.200 m

Navia / Janacek – Argazkia:Dabid argindar

Loteko behorrik onenak eraman zuen sari nagusia, NAVIAk. Karrera eder bat ikusteko aukera izan genuen. ALDUFOOF gaztetxoa saiatu zen zaharrak ustekabean harrapatzen punta-puntan erritmo bizi bat jarri eta ihesaldia probatu zuen urrutitik. Bateriak zuzenaren erdiraino heldu zion. Janacekek neurria ondo hartua zion eta NAVIAri azeleragailua sakatu zionean aise gainditu zuen Ennouniren gaztetxo ausarta, karrera guztiz erabakita utziz. Atzetik bakarrik bigarren posturako erremateak iritsi ziren, HOLD ON NOW eta ANDIA bikainak orden horretan sartuz. Hauetako lehenengoak duen klaseari esker inoiz probatu gabeko distantzia luzeegian ere dotore aritu zen eta bigarrenak udaberrian milian trebatu ondoren, erakutsi zuen distantzia luzean beti aintzat hartu beharreko elementua dela. Aldufoof gaztea oso ona den laugarren postu batekin konformatu behar izan zuen. Maila altuko proba eta onenak aurreneko postuetan. Jardunaldi erdi-purdiko bat ahaztutzeko moduko sari handi eta eder bat.

Bere tokian: NAVIA / Huts: HARDPIA / Jarraitzeko: ALDUFOOF

Argazki galeria

Abuztuak 8: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top