zaldilasterketak.eus

Abuztuak 9: analisia

Iritsi dira urteko zita nagusiak, aurten hiru astez luzatuko den gure “Aste Nagusiarekin” batera. Behorren txanda izango da horietan lehena, Hotel Maria Cristina sariarekin. Estatuko distantzia erditarako gaitasuna duten behorrik onenak (Naviaren baimenarekin) lehiatuko dira bertan. Handikap tolestuak, 2 urteko emeak eta arabiar zaldientzako lasterketak osatuko dute nahiko erakargarria den programa.

1. Lasterketa: Hipodromoa Turf saria (2 urteko moxal emeak, maiden). 1.400 m.

Behorren egun handian, irabazi ez duten 2 urteko moxal emeek irekiko dute jardunaldia, 1400 metrotan. 1 ASTURIASek oso debut txukuna egin zuen orain dela hiru aste, aurkari itxaropentsuen aurka, 2 ISABELA atzean utziz. Arizkorretaren zaldiak asko hobetzen dute debutetik bigarren lasterketara eta horixe espero dugu jatorri benetan ederra duen moxal honengandik. 3 WHITE SOCK estatuko 2 urtekoentzako dagoen lehen lasterketan debut grisa burutu zuen baina ordurako prest bazegoen, zerbaitegatik izango zen. Bigarren aukera bat eman dakioke. Beste lau partehartzaileak debutariak dira eta horien artean jatorri deigarrienak dutenak 6 VOLATILITY SMILE eta 7 VOUCH dira. Lehenengoaren amaren jatorria, amerikar izen ospetsuz osatua dago eta eragin positiboa izan beharko luke. Bigarrengoarenak berriz, gurasoak oso goiztiarrak izan ziren baina aipatu dugun bezala, normalean Arizkorretarenek debuta behar izaten dute forma puntua zorrozteko.

Gure hautua: 1 ASTURIAS – 3 WHITE SOCK – 6 VOLATILITY SMILE

2. Lasterketa: Wathba Stallion Cup (Arabiar zaldiak) 1.500 m.

Egia esan ez ditugu arabiar arrazako zaldien lasterketak jarraitzen eta ezer gutxi esan dezakegu. Bakoitzaren azken lasterketak ikusita, 2 MOUNTASIR talde honetan koska bat gainetik egon daitekeela uste dugu. Paddockean duten itxurak kontuan hartzekoa da beti lasteketa hauetan.

Gure hautua: 2 MOUNTASIR – 1 AMJIZ DE PIBOUL – 4 GABY DE FAUST

3. Lasterketa: El Molino del Lobo saria (Handikap 2/2) 2.000 M.

Balore urriko zaldiak lasterketa honetan. Forma edo osasun egoera betean dauden zaldiak errepikatu ohi dute horrelako lastereketetan baina 2 PALACE GUARDi apunte bat ikusi genion azkenekoan, nahiz eta 9. postuan iritsi 14ko talde batean. Bi bihurguneak oso kanpokaldetik egin behar izan zituen eta azken zuzengunean ez zen guztiz “eskatua” izan, garaipenerako borrokan ez zegoelako 200 metroren faltan. Hala ere, ez zuen distantzia handirik galdu helmugan eta forma zorrozteko balio izango zitzaiolakoan gaude. 5 ZINZAk maila honetako lasterketa irabazi zuen eta ondoren 3. izan zen distantzia motzagoan. Berriro ere lehian mugilduta. 1 NURIAk kokapen batzuk lortu ditu eta nahiz eta pisu asko izan 3 urteko behor batentzat, talde honetan zerbait erakutsi duen bakarrenetarikoa da, 4 SISTER MOON eta 6 BELLA BARONESSArekin batera.

Gure hautua: 2 PALACE GUARD – 5 ZINZA – 1 NURIA

4. Lasterketa: Basque Destination saria (Handikap 1/2) 2.000 M.

4 LEGIONARIOk bere garaipen bakarra hipodromo eta distantzia honetan lortu zuen. Aurutengo berragerpenean ondo aritu zen kalitatezko zaldien aurka eta bigarren lasterketako 1400 metroak oso motzak egin zitzaizkion. Jockeyak eskuak jetsita ere, zaldiak aurreratzen bukatu zuen. Besteak baina kalitate puntu handiago bat duela uste dugu eta pisuz erosoegi egon daiteke hemen. Izen itsusia baina aukera nabarmena. 7 ARRIGUNAGAk berragerpen oso ona burutu zuen orain dela bi aste eta garaipena lortzeko baloreetan dago. 5 ORRI berriro ere bere erremate ikusgarria burutzen saiatuko da baina gauzak gero eta zailagoak ditu pisuan gora doan heinean. 11 ZERIk ere erremate nabarmena egin zuen azkenekoak maila apalagoan eta gaurkoan pisu oso arinaz baliatzen saiatuko da.

Gure hautua: 4 LEGIONARIO – 7 ARRIGUNAGA – 5 ORRI

5. Lasterketa: Hotel Maria Cristina saria (Behorrak) 2.200 M.

Denboraldio behorren sari nagusia, betiko Kutxa, garaiotan Hotel Maria Cristina. NAVIAren faltan, zahar zein klasiko onenak ikusteko aukera. Hasiera batean 3 MOST EMPOWERED mailarik handienekoa dirudi. Aurtengo berragerpenean estatuko ar onenei irabazi zien eta Gran Premio de Madriden ezin izan zuen bere mailarik eman 36 gradutan eta pista oso gogorrean. Baloreari begiratuta, 2019ko garaipena errepikatzeko faborito ikusten dugu. Aurkaririk gogorrena 1 GNILY ikusten dugu. Urtarrilean Quinte handikap bat irabazi zuen Cagnes-Sur-Meren eta inor gutxi ikusten dugu gai hori egiteko gaur egun Espainian. Uztailak 3an berragertu zen gurean oso modu onean, distantzia motzagoan eta kiloak oparituz aurkariei. Zubietan geratu da ordutik eta hobekuntza espero zaio. Zaletu kataluniar guztiak bere alde izango ditu. Adi berarekin. 6 LAKIALek bi lasterketetan lehiatu da bakarrik, biak irabaziz eta kalitate handia izan dezakeela adieraziz. Agian esperientzia handiagoa faltan botako du baina gaurkoan ikusiko dugu bere benetako maila. 4 MY FLINDERS ere gutxi lehiatutakoa da, kemen handia erakutsi duen arren, aurkari batzuen azpitik egon daitekeela uste dugu. 7 PRAVIAk bere erremate boteretsua baliatzen saiatuko da, lasterketaren erritmoak baimentzen badu, 2000 metroak luzeegiak izan dakieke eta.

Gure hautua: 3 MOST EMPOWERED – 1 GNILY – 6 LAKIAL

Abuztuak 9: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top