Hemen gara berriz ere. Aurtengo zaldi lasterketen denboraldiari hasiera emateko prest. Ezertan hasi baino lehen, gogora ekar ditzagun aurten izango ditugun 19 jardunaldien datak:
Apirila: 1, 8, 15, 22 / Ekaina: 1, 8, 15, 22 / Uztaila: 3, 10, 16, 24, 31 / Abuztua: 7, 15, 21, 28 / Iraila: 4, 9
Eta orain bai, goazen hasierako honekin. Ostirala, apirilak 1, goizez eta PMU apustuen euskarriarekin. Beste okupaziorik ez dutenentzat plan ona. Hori bai, aterkia eraman beharko omen da.
1. Lasterketa (11:35): Alcar leihoak saria (3 urteko moxalak). 1.500 m.
01 BATTLE OF THE NILE irabazlea da Ingalaterran eta maila txukuna erakutsi du Frantzian Gaspar Vazen ikuilura pasa aurretik. Esperantzak jarrita omen dituzte berarengan aurtengo klasikoetarako. Pisua astuna izan arren ez dirudi neurriko areriorik izango duenik parean. Irabaztera. 04 COOLMEEN VEGA aurkeztuko du gurean Arizkorretak. Irletan lau karrera ditu, zein baino zein eskasagoa. Halere, Lope de Vega du aita eta beraz, jatorriari ere erreparatu behar zaio. Ikuilu horretakoek erosi badute seinale zerbait ikusi diotela. Ez daukate begi txarrik. Goiz izan daiteke oraindik berarentzat baina seguru gaude, faboritoa kenduta, beste guztiak baino dexente hobea izango dela. 07 TURIA militarrak zipriztin interesgarri batzuk utzi zizkigun hemen udan, gero Madrilen berretsi ez zituenak. Itaqui ezagunaren alaba honek 51 kiloen arintasuna eskertu dezake. Aldiz, bere prestakuntza-punttua guztiz ezezaguna zaigu, azarotik ez baita lehiatu. Ikusteke. 02 FIJI GOLD apala ordea, geratu gabe dabil. 8 lasterketa irletan eta beste 5 estatura abenduan iritsi zenetik. Irabazi gabe, beti kokapenak biltzen ditu besteen hutsak aprobetxatuz. Hemen ere hala arituko da.
Gure hautua: 01 BATTLE OF THE NILE – 04 COOLMEEN VEGA – 07 TURIA
2. Lasterketa (12:05): Mabel Moda saria (salmenta). 1.600 m.
Denak zutik. Frankel handiaren seme bat baitatorkigu Zubietako zelaira: 02 CORPS DES PAGES. Jakina da Oscar Anayak begi zorrotza erakutsi duela zaldiak erosterakoan. Low cost merkatua bailitzan jatorri dizdiratsuko zaldiak erosi ohi ditu lau txanponen truke. Hau da horietako beste bat: 7.000 € eskas Irlandan behin irabazi eta beste hirutan kokatu den lau urteko honengatik (39 balioa). Anayak berak zioen txantxetan uste zutela “organoren bat faltako zitzaiola” halako prezioan lortu ahal izateko. Baina nonbait ez: indartsu omen dabil, oso ondo entrenatzen du eta itxuroso berragertu da Sevillan. Dena oso polita, ez balitz salmenta lasterketa batean azaltzen zaigulako. Anaya ez da gurera alperrik etortzen, baina amak esaten zigun inon ez dutela durorik ematen pezetaren truke… 01 LEADER´S LEGACY metronomo bat da. Beti topatzen du irabaziko dion baten bat, Sevillan, Madrilen zein Zubietan. Berdin zaio. Azken lau alditan bigarren izan da. Eta azken hamalau karreretan bakarrik behin geratu da fakturatu gabe. Hemen ia dena du alde (lokatz gehiegi ez topatzea nahiko luke), baina tradizioari eutsiz, bigarren berriz. 03 HOLLOKO gure pistako klasiko handi horietako bat da. Pisuz gure faboritoekiko nahiko kaltetuta irtengo da eta lokatza balego ez lioke onik egingo. Bere alde, sasoi betean datorrela, Sevillan irabaztetik. Besteen hutsen zain. 06 ROSY MOON, Imaztarren ikuiluko behorra, hemen irailean handikap polit bat irabazi ostean Madrilen ilun aritu zen. Lau hilabeteren ostean berriz pistan ikusi ahal izango dugu. Pisuz ederki ateratzen da eta distantzia egokia zaio baina aspaldi ez dakigu ezer berari buruz. Arretaz begiratuko diogu.
Gure hautua: 02 CORPS DES PAGES – 01 LEADER´S LEGACY – 03 HOLLOKO
3. Lasterketa (12:35): Bideo Lagunak saria (handikap 1. zatia). 2.000 m.
01 ADAAYLIGHT DANCER behorra bere sexukoen klasiko guztiak korritu zituen. Bi urterekin prometitzen zuena ez zuen iaz berretsi. Halere, iruditzen zaigu bigarren zatiko usaina duen lehen zati honetan asko nabarmentzen dela. Agian distantzia bere ahalmenen mugan egon daiteke eta Bugatti ez ezagutzea ere ordain lezake, baina loteko onena dela uste dugu. Deskargua ere alde. Gure faboritoa. 05 BABY GROOMek parametro guztiak alde ditu: neguan kokatu da (Pauen zein Sevillan), pistan irabazlea dugu, biguna eskertuko luke eta bere entrenatzaile Gaspar Vaz nahiko Zubietarra dugu. Sousa uhaletan, hautagaitza borobiltzeko. Oso gertu. 08 RUMBO laugarren izan zen duela aste pare bat Madrilen. Askoz gertuago gera zitekeen bihurgunean Janacek oztopatu izan ez bazuten. Txekiarrak gidatuko du berriz eta sasoian dabil. Baina bigarren zati batean hobeto ikusiko genuke eta ez dakigu lokatza atsegingo duenik. Zalantzak. 03 ALDUFOOFek bere garaipen bakarra lortu zuen Zubietako berdegunea estrainekoz zapaldu zuenean, pasa den uztailean Ennouni entrenatzaile zuela. Ihesaldi arrakastatsu haren ondotik, laugarren izan zen Maria Cristinan Navia, Hold on Now eta Andia entzutetsuen atzetik. Berriz gurera dator Madrilen makal ibili ostean. Zambudioren lau kiloko deskarguarekin oso solte dabil handikapean. Orain Farlete kataluinarraren ikuiluan ari da. Sorpresa.
Gure hautua: 01 ADAAYLIGHT DANCER – 05 BABY GROOM – 08 RUMBO
4. Lasterketa (13:05): Ola Enmarkazioa (handikap 2. zatia). 2.000 m.
03 FARSAMANek pozik hartuko ditu iragarritako euriteak. Zenbat eta lur pisutsuagoa hobeto berarentzat. Kiloz ez da bereziki ondo ateratzen baina arerioak oso eskasak dira, sasoi susmagarrian gehienak eta berak behintzat Sevillan irabazi berri du. Sousak bide egokia marraztuko dio lokatzaren erdian irabaztera ekartzeko. 05 RAPPEUR zaharrak jada 10 urte bete ditu. Iaz karrera hau irabazi zuen hasiera-hasieratik ihes eginez. Jockey berdinarekin eta distantzia berean, adinaren ajeen baimenarekin, berriz hortxe ikusten dugu. 04 RAMIRIQUI behor erregular bezain apala da. Udan hemen aukera ezin hobeak izan zituen irabazteko eta lortu gabe joan zen. Pisuz zigortuago dator orain. Baina Fayosek seguru zuku dena aterako diola eta lotean ez dago hautagai sendo askorik. Kokatzeko. 07 JOE BLININGen profila oso antzekoa da. Beti hor dabil baina gutxitan irabazten du. Pauen, bere gustuko pista izanik, aurten ez da batere nabarmendu eta hemen alde duen faktore bakarretakoa Zambudioren lau kiloko deskargu-oparia da. Ea aprobetxatzen duen.
Gure hautua: 03 FARSAMAN – 05 RAPPEUR – 04 RAMIRIQUI
5. Lasterketa (13:35): Buenaetxea Taberna (4 urtetik gorakoak). 2.000 m.
Arizkorretaren ikuluko zaharrak gori-gori dabiltza urte hasiera honetan, estatuan zein atzerrian irabazi eta irabazi. Sari handienetan presentziarik izango ez duten elementu horiek denboraldi hasiera honetan jo ta su dabiltza. 04 COSMIC HORIZONen profila hori da. 2020an O´Brieni erositako Excelebrationen seme honek ez zuen uste zitzaion maila eman, orduko Urrezko Kopan frogatu ahal izan genuen bezalaxe. 2021ean noraezean ibili ostean badirudi orain gorantz datorrela berriz. Azken karreran, Madrilen, metro batzuk gehiago faltan bota zituen irabazi ahal izateko. Hemen izango ditu eta gainera pista ederki ezagutzen du. Janacekek ez du halako aukera alperrik pasatzen utziko. Gure faboritoa. 08 SHINOBIren zain aspalditik gaude. Marc Comas kataluinarraren zaldi honek 35eko balio nahiko finkoa erakutsi du Frantzian, nahiz eta orain zertxobait jaitsi. Berragertu berri, Zambudioren deskarguarekin oso arin aterako da eta sorpresa emateko prest ikusten dugu. Kokatzeko. 06 LONE PEAKek gure pista deskubritu zuenetik ez du beste inora joan nahi. Hemen eman du bere mailarik onena, baita lokatzetan ere, baina beti distantzia laburragoetan. Berragertzaile ona. Metro batzuk soberan izango ditu. 02 MAZELTOF Sarabiaren fitxaketak ez du espero zen maila eman, porrot ozenak jasoz Madrilen zein Sevillan. Beste aukera bat eman beharko diogu, mugaz bestalde 40ko balioa zeukan eta. Konfidantza handirik gabe.
Gure hautua: 04 COSMIC HORIZON – 08 SHINOBI – 06 LONE PEAK