Zaldi lasterketak

Apirilak 1: Kronika + Argazki galeria

Hasi zaigu aurtengoa. Apirilarekin aurrenekoarekin batera udaberriko denboralditxo hau. Baina, egia esan, udaberria baino gehiago negu beltza zirudien, batetik kazkabarrak eta bestetik haize hotzak ongietorria eman baitigute bertara gerturatu garen 300 ausartei. Pista oso lokaztuta (4,4) eta ustakabe ugari emaitzetan. Farlete entrenatzailearen eta Zambudio jokeyaren bikoak. Aipagarria hipodromoaren elkarlana Lasarte merkatariekin, sariak haien denden izenekin jarriaz. Ondo egina.

Zubieta, nesken erresuma

Aparteko protagonismoa izan dute neskek estraineko egun honetan. Bost probetatik hiru irabaziz eta beste bietan bigarren eginez. Azpimarratzekoa da azken aldian batez ere Zambudio eta Alonso jockey gazteak lortzen ari diren maila ederra. Gaur Mila Hrubosova ere gehitu zaie festara aurreneko karrera irabaziz. Orain gutxira arte presentzia ia anekdotikoa izaten ohi zuten emakumezkoak gero eta paper handiagoa izaten ari dira gure lasterketetan. Gure txoko honetan asko pozten gara horregatik eta espero dugu berdintasunaren bide horretatik denok aurrera egiten jarraitzea. Bejondiela!

TINTIN (Gael Legacy eta Zurriola), Mila Hrubosova.

1. Lasterketa: Alcar leihoak saria (3 urteko moxalak). 1.500 m.

Zer esan? Inongo pronostikotan sartzen ez zen TINTIN Behortegi Militarreko debutariak denak harri eta zur utzi gintuen. BATTLE OF THE NILE eta FIJI GOLD beteranoenak buruz-buru zetozenean garaipenaren bila, hara hor non azaldu zaigun Mila Hrubosovak gidatutako debutaria, metroak jan eta jan, lokatzetan aise irabazi arte. Halako danbatekoak ematen direnean kirol honetan “Turfaren betiko ziurgatesunari” leporatzen zaio emaitza. Guk ere hala egin beharko dugu, ez daukagu hau azaltzeko beste heldulekurik eta. Jatorriz ere apala baita TINTIN hau (Gael Legacy eta Zurriola). Aitak, lasterketari ertaina, pistan jartzen aurreneko produktua da hau eta amak oso zaldi apalak emandakoa (Gargamel eta Hamelin bere onenak) da. Ba hori, ziurgabetasuna. Behintzat aitona Galileo izeneko bat ageri da bere paperetan, bada argi izpi bat.

Bere tokian: FIJI GOLD / Huts: BATTLE OF THE NILE / Jarraitzeko: COOLMEEN VEGA

LEADER´S LEGACY (War Front eta Bauble Queen), Julia Zambudio

2. Lasterketa: Mabel Moda saria (salmenta). 1.600 m.

Nesken bat-bikoa. Julia Zambudio eta Vicky Alonso. Atarikoan esaten genuen LEADER´S LEGACY berriz ere bigarren izango zela azken lau karreretan bezalaxe. Nahikoa guk esatea gafea kentzeko eta azkenean irabazten ateratzeko. Burutsu ibili zen Zambudio WAILEA NIGHTS iheslari sutsuari egiten utziz, urduri jarri gabe. Puntan hau itzali zenean Zambudio laredotarrak barruko erraila aukeratu zuen bere zaldia ekartzeko, kanpo-kanpotik HOLLOKO eta erditik CORPS DES PAGES zetozen bitartean. Irabazleak ikutu gabeko belarra aurkitu zuen bere onerako eta irabaztera erraz etorri zen. Bigarren, erditik, Oscar Anayaren zaldi irlandarra iritsi zen, gure pronostikoa zapuztuz. Jardunaldi osoan izan zen emaitza “logiko” bakarra. ROSY MOON behorrak ez du parte hartu, pista lokaztuegi baitzegoen berarentzat.

Bere tokian: LEADER´S LEGACY / Jarraitzeko: CORPS DES PAGES, WAILEA NIGHTS

ALDUFOOF (Bated Breath eta Moqla), Julia Zambudio

3. Lasterketa: Bideo Lagunak saria (handikap 1. zatia). 2.000 m.

Berriz ere Zambudio gaztea beste ibilbide argitsu batekin. ALDUFOOFek oso ondo egin zuen hemen udan karrerak puntan eginez. Taktika horretatik tiraka jockey kantabriarrak aurre-aurrean jarri zuen lau urteko behorra eta, barru aldetik berriz, ez zion inori gerturatzen utzi. Garaipen erraza eta itxuraz segidarik izan dezakeena. Farlete entrenatzaile kataluinarrak fitxatu berri eta garaipena eman dio. Madrilen ez bezala, oso gustura ikusten zaio behor honi gurean. Kanpoko errailetik saiatu zen bai Janacek RUMBOri erremate irabazle bat ateratzen, baina iheslaria urrutiegi zeukan. Berarentzat bigarren postua. Irabazteko desiatzen dago. Agian Madrilen hobeto. Hirugarren, atzerago, ADAAYLIGHT DANCER gure faboritoa. Gehiegizko distantziak eta pisuak ez zioten utzi bere kalitatea erakusten. Hurrengo baterako.

Bere tokian: RUMBO / Huts: BABY GROOM / Jarraitzeko: ALDUFOOF

RAMIRIQUI (Lucayan eta Mapale), Borja Fayos

4. Lasterketa: Ola Enmarkazioa (handikap 2. zatia). 2.000 m.

Polita azken zuzenean ikusi ahal izan dugun buruz-burukoa. RAMIRIQUI eta FARSAMAN. FARSAMAN eta RAMIRIQUI. Fayos eta Sousa. Sousa eta Fayos. Zein baino zein aritu dira zuzen osoan. Baina azken giltzurrun-kolpea Saf Saf zalditegikoak jo du, aurreneko saria oso gutxigatik berarentzat eramateko. Oso-oso urruti iritsi da hirugarrena, KARLUVY, Janacek-en gidaritzarekin. Saiatu da bai RAPPEUR zaharra, iaz bezalaxe, hasieratik ihes egiten ea denak ustekabean harrapatzen zituen. Baina honez gero 10 urte ditu eta ez dauzka lehengo indarrak. Huts.

Bere tokian: FARSAMAN / Huts: RAPPEUR / Jarraitzeko: inor ez

IDOLE ROYAL (Elstroem eta Suvretta Queen), Nicolas de Julián

5. Lasterketa: Buenaetxea Taberna (4 urtetik gorakoak). 2.000 m.

Zaldien lasterketen mundu honetan kolore guztietako danbatekoak ikusitakoak gara baina sekula ez apustutan irabazleari euro xixtrin bat ere inork jokatu ez dionik. Horixe gertatu zen IDOLE ROYALE honekin. Bere bizitzan bakarrik erdipurdiko hiru karrerekin aurkezten zen gurean maila kontrastatuko zaldi txukunen aurrean, TAZONES, MAZELTOF eta COSMIC HORIZON beteranoak besteak beste. Teorian ezinezkoa. Eta nahiz eta pistaren baldintzak oso bereziak izan ez zirudien behor honek ofizioa ikasten jarraitu beste helbururik zuenik. Baina ez. Konpromezu handitan ibilitako beteranoei zaplada galanta eman zien eta guztion harridurarako hortxen eraman zuen, azken hatsean, Buenetxea Tabernaren sari hau. Azken hatsean diogu, barru-barrutik berriz ere Zambudiok, faboritoen hutsa aprobetxatuz, SHINOBI ederki ekarri baitzuen irabazle itxurarekin. Baina kanpo-kanpotik IDOLE ROYALEk garaipena ostu zion, argazkiak erakutsi zuen bezala. Farlete kataluinarraren bigarren garaipena eta Comas herrikidea bat-bikoa eginez. Behorra hobetzen jarraituko du, oraindik oso berri baitago. COSMIC HORIZON faboritoa ezeroso, pinguino baten antzera aritu zen lokatzean hasiera-hasieratik eta gainontzekoen berri gutxi izan zen. Aipagarria Angel Sanchez lasartearra puntan saiatu zela eta zuzenaren erdiraino eutsi egin ziola abantailari bere fitxaketa berriarekin, MR SUNSHINE. Ea aurtengoan etxean irabazten ikusteko parada daukagun.

Bere tokian: SHINOBI / Huts: COSMIC HORIZON, TAZONES / Jarraitzeko: IDOLE ROYALE

Argazki galeria

Apirilak 1: Kronika + Argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top