Udaberriko hirugarrena, Pazko Astearen erdian. Eguraldiak laguntzen badu berriz ere giro polita izan dezakegu harmailetan. Ea oraingoan, aurreikuspen handiagorekin, lehiatilan ez diren ilara luzeak sortzen. PMU sareko jokoarekin berriz, jardunaldi txikia dugu aurretik. Hemen gure analisia eta iragarpenak.
1. Lasterketa (11:35): Sukoa burdindegia saria (3 urtekoentzat – salmentakoa). 2.000 m
Aspaldi ez genuela ikusten hain meritu gutxi biltzen duen hautagai sortarik. 01 ENORINA da, zalantza izpirik gabe, gehien erakutsi duena. Gure Kriteriumean bigarren izatera iritsi zen. Ostera, nahiko pattal ibili da. Bere trainerraren moxalek ere adinarekin beheranzko joera nabarmena izaten ohi dute. Pisu oso gogorra (60 kilo) eta distantzia luzeegia dira bere kontrako faktoreak. Eta ez edonolakoak. Paperezko faboritoa. Hauskorregia. Honen hutsa emango balitz, edozer gerta liteke. Inork ez baitu seinale txikiena ere utzi. 07 GREEN PERFUMEk loteko jatorririk dizdiratsuena du, baina karreretan ez da haren arrastorik somatu. Distantzia luzeetan aritua da. Hori badu behintzat. Elarre entrenatzailearen beste kartak, 06 COSMIC GODDESS, esperientzia faltarik ez du (17 karrera!) eta behin eta berriz berretsi du oso apala dela. Baina hemengo azkenekoan sikiera hirugarren egin zuen. Borrokatik urruti, zuhur, xoxen bat eramateko. Sari txikiren bat ostuko du berriz. 02 URBAN WELLS da hobekuntza gehien izan dezakeen bakarra. Debut txukuna egin zuen udazkenean baina orain berragertu denean ilun aritu da. Distantzia luzatzeak on egingo dio eta Olaverenak gori-gori dabiltza. Sikorovaren deskargu sakonarekin, irekitzeke dagoen sorpresa-kaxatxoa izan daiteke. Auskalo. Padockean irabazlea begiz jo beharko.
Gure hautu zalantzatia: 01 ENORINA – 02 URBAN WELLS – 07 GREEN PERFUME
2. Lasterketa (12:05): Ormazabal loredenda (baldintzazkoa). 1.600 m
01 CORPS DES PAGES eta 06 SMASH HITek justifikatzen dute Anaya entrenatzailearen bidaia Madrildik gurera. Jakina da entrenatzaile argentinarrak ez dituela bidaiak alferrik egiten. Gainera, ez du bat bera ere barkatzen. Hemen bere bi zaldiekin bat-bikoa egiteko aukera handiak ditu. Gu lehenengoa hobetoxeago ikusten dugu. Frankel handiaren 5 urteko seme honek neguko denboraldi ederra egin du Andaluzian eta sasoi-betean dator. Hemen behin korritu zuen eta gaizki ez. Bere punttua oraindik ez daukate besteek. 06 SMASH HIT aldiz, distantzia laburragoetan aritu izan da eta agian metroren bat sobra dakioke. Sousa berarekin doa eta ez hori da seinale makala. Blascon bosgarren egin ondoren, eskas aritu da Cagnes eta Madrilen. Orain, kategoriaz jaistean, aurre-aurrean egon behar du. 03 LE SOKHNA da karrerako beste hanka. Gurean oso ondo korritu izan du (Jaurlaritzan laugarren) eta beste behin ondo egingo du. Onenen mailara ez da iristen eta honen moduko karreretan bilatu behar du pentsua. Azken karrerak txarrak ditu baina seguru hemen borrokan arituko dela. Beste guztiak kategoria askoz apalagokoak dira. Hirukoa garbi dago.
Gure hautua: 01 CORPS DES PAGES – 06 SMASH HIT – 03 EL SOKHNA
3. Lasterketa (12:35): Herriko Etxea jatetxea (3 urteko moxal ez irabazleak). 1.600 m
02 EMPEL ia geratu behar izan zuten duela aste pare bat arazo fisiko bat tarteko. Azalpen handirik ez dute eman baina Arizkorretak berriz segidan korritzen badu, ez zen gauza handia izango. Pouleko forfaita pasa du. Okerrik ezean…berde, berde, berde. 07 SIXTEEN TONS bere aurretik geratu zen hartan, azken orduko erremate luze bati esker. Metro gehiago komeni zaizkio, baina hemen ez dago aukeratzeko askorik eta seguru hirukoan sartuko dela. 11 URRACA militarrak, Urbieta bere kidearekin batera, sorpresa eman zuen karrera hartan laugarren geratuz. Ez dugu bere aldetik hobekuntza izugarririk espero, baina ordukoa errepikatuta nahikoa du aurrean egoteko. Udarari begira begi bat jarriko diegu beste hiru hauei: 05 RATIONALEXUBERANCE, 08 AYALA eta 09 IRMA. Lehenengoak detailetxoren bat utzi zuen bere debutean , sutsuegi, baina gero ez du errepikatu. Jatorria badu gehiago izateko. Arizkorretaren beste biek ez dituzte paper txarrak. 08 AYALA Gang of Ten (Mª Cristinako irabazlea) ezagunaren semea da eta ikusiko dugu ea zernolako debuta egiten duen. 09 IRMA berriz Somethingen arreba da. Oraindik berde dabil baina kalitatea izan behar du gerturatzen hasteko. Ezin bistatik galdu 06 LOVE FIFTEEN ingelesa. Anaiak irletan egindako erosketa errentagarri horietako bat. Estatuko bi karreretan ez du ezer esan baina lehenago Ingalaterran lau aldiz kokatua da eta horrek hemen urrearen balioa du. Erne.
Gure hautua: 02 EMPEL – 07 SIXTEEN TONS – 06 LOVE FIFTEEN
4. Lasterketa (13:05): Aldatz hortz klinika (handikap 2. zatia). 1.600 m
Aspalditik 08 WAILEA NIGHTS portugaldarraren pistaren atzetik gabiltza Gaspar Vazek hartu zuenetik. Abisu pare bat utzi zituen neguko denboraldian Dos Hermanasen baina karrerarikk borobildu gabe. Bere estilo puntazalerako Zubietakoa ibilbide perfektoa da. Sousaren laguntza erabakiorra bezain esanguratsua da. Gure apostua bera izango da, nahiz eta behin bakarrik Wolverhamptoneko hondarrean irabazitakoa den…. 05 STERLING GOLDek etxean jokatzen du. Udatik atseden hartzen egon da eta agian lehiaketaren martxan falta zaio oraindik. Udan sekulako emaitzak lortu zituen. Distantzia pittin bat laburra egingo zaio baina Gelaberten gidaritzarekin aurrean ikusten dugu, fresko-fresko, arerio gehienek kilometro pilak eginda baitaute honez gero. 03 HOLLOKOk gure pista izugarri maite du. Aurreko igandean sekulako dezepzioa eraman genuen bere karrera txarrarekin. Baina 7 egun beranduago berriz pistan ikustea, eta berriz Janacekekin, seinale ontzat hartu behar dugu. Beste aukera bat. 09 KANTIO behingoz irabazteko desiatzen dago, baina oso zapalduta dago handikapean. Hurrengoan. 02 SKIBO CASTLEk Andaluzian irabazi eta Madrilen mailari eutsi dio meritu handiko kokapen batekin. Lotean dagoen maila ikusita bere forma-punttuak zer esan handia izango du.
Gure hautua: 08 WAILEA NIGHTS – 05 STERLING GOLD – 03 HOLLOKO
5. Lasterketa (13:35): Oria Txiki taberna (handikap 1. zatia). 1.600 m
06 TALESek uda bikaina borobildu zuen hemen (3 garaipen jarraian eta 10 kiloko igoera handikapean). Argi dago ibilbide hau berarentzat neurrira egindako eraztun bat dela. Pisuz justuago dabil orain, baina Cristina Perezen deskarguarekin berriz parametro ezinhobeak ditu garaipenerako. Puntan aterako da eta tropela lehertuko du. Ea inork harrapatzen duen. Asko gustatzen zaigu. 05 COOLMEEN VEGAk sekulako sorpresa eman zuen salmentako karreran aise irabaziz. Badirudi Laredoko aireak eta Puenteren zainketak zaldia berpiztu egin dutela. Gaurko baldintzak ere ez dira txarrak eta Sousarekin arituko da. Oso arriskutsua. Karrera hartan 03 MUGUETAJARRA aurretik espero genuen baina oso karrera eskasa burutu zuen (Gaspar Vazen besteek bezalaxe). Hura egun txar bat besterik ez zelakoan, gaur berarengan berriz konfidantza badaukagu. Janacekek ere bai. Pista honetan bereziki ondo aritu izan baita beti.
Gure hautua: 06 TALES – 05 COOLMEEN VEGA – 03 MUGUETAJARRA