Zaldi lasterketak

Apirilak 12: kronika + argazki galeria

Aste eguzkitsu baten ostean, Zubietarako bidean gindoazela laino beltzek ekaitza latza iragartzen ziguten. Eta eztanda egin zuen, ez bakarrik metereologikoki, baita, haren ondorioz, karreretan ere. Izan ere, pista oso labainkorra omen zegoela eta, lehenengo karreran parte hartutako jockeyak kexatu egin ziren eta hortik aurrerako gainontzerako lasterketak hondarreko pistan korritu behar izan ziren. Zorionez pista honetan hondarra bota berria zegoen eta ederki eutsi zion inprobisatutako soluzioari.

Kontua da goizeko lehenengoan Green Perfume moxala gidatzen zuen Fabrice Veron frantziarra lurrera joan zela Bugatiko bihurgunean, behorrak eskuak labainduta. Partehartzaileek esan zuten ez zegoela modurik pista horretan aritzeko labainkorregia omen zegoelako. Justu orduntxe hasi zen bustitzen pista goizeko aurreneko tantekin eta jakina da, lehorraldiaren ostean, aurreneko tanta horiek gainean geratzen direla eta irrist egiteko arriskua handiagoa dela. Komisarioekin eta hipodromoko arduradunekin bildu ostean, hondarreko pistaren alternatiba adostu zuten denen artean. Ostera, hainbat baja ere izan zen ondorengo karreretan, bereziki Arizkorretaren zaldienak.

Xelebrea da gero Zubietako pistarekin azken aldian gertatzen ari dena. Ez dauka izen onik kapitaletik datozen profesionalen artean. Kritikak jaso ohi ditu zoru irregularrarengatik, Bugatiko bihurgunearen arriskuarengatik edo, orain bezala, irristakorregia omen dagoelako….kontua da beti badela zerbait. Milaka hipodromo zapaldutako nazioarteko jockey andana pasa da gure pistatik eta haiei ez zaie halakorik entzun. Hemengo txikitasunaren ajeak izango dira…

1. Lasterketa (11:35): Sukoa burdindegia saria (3 urtekoentzat – salmentakoa). 2.000 m

TRECALCETINES (J. Zambudio) / ©Dabid Argindar

Kontatu bezala, goiza markatu zen karrera. Aurreneko tantek pista labainkorregi utzi omen zuten. Hasiera-hasieratik 03 TRESCALCETINES puntan jarri zuen Julia Zambudiok eta hala iritsi zen helmugaraino. Espero bezala 01 ENORINA faboritoak ezin izan zuen ez distantziarekin ezta pisuarekin ere, eta pott egin zuen. Errenkada luzean, distantzia handira, sartu ziren lehiakideak inongo borrokarik gabe. Batetik, beldurrak jota nonbait eta bestetik lotean kalitate falta handia zegoelako. Kontuak kontu, 04 PINTXOPOTE iritsi zen bigarren eta handik puska batera 02 URBAN WELLS erremate ahul batekin. Lehenengo garaipena etxeko Golden Stars zalditegiarentzat. Kalitate eskaseko lotea, ez dirudi bertatik irabazle askorik aterako denik.

Bere tokian: inor ez / Huts: 01 ENORINA / Jarraitzeko: 03 TRESCALCETINES

2. Lasterketa (12:05): Ormazabal loredenda (baldintzazkoa). 1.600 m

SMASH HIT (R. Sousa) / ©Dabid Argindar

Jada hondarreko pistan, Oscar Anayak Madrildik ekarritako gidoia betetzera ekin zion. Honi berdin zaio belar irristakorra, hondarra, hondartza edo dena delakoa… bere zaldiei ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzea du helburu. Larre motzean ibilitakoa dela nabari zaio. Eredugarri beharko luke inguruan. Eta hemen bat-bikoa egin zuen 06 SMASH HIT eta 01 CORPS DES PAGESekin. 05 QUEJOk su eman zion karrerari irteeratik eta gasolina bihurguneraino iritsi zitzaion. Handik aurrera, nagusitasun handiz, Anayarenak etorri ziren beraien artean apenas borrokarako tarterik izan gabe.

Bere tokian: 06 SMASH HIT eta 01 CORPS DES PAGES / Huts: 03 EL SOKHNA / Jarraitzeko: 05 QUEJO

3. Lasterketa (12:35): Herriko Etxea jatetxea (3 urteko moxal ez irabazleak). 1.600 m

LOVE FIFTEEN (R. N. Valle) / ©Dabid Argindar

02 EMPEL eta 07 SIXTEEN TONS erretiratzearekin, lotea oso eskura geratu zitzaion berriz Oscar Anayari. Eta honek ez zuen halako oparia alperrik pasatzen utzi. 06 LOVE FIFTEEN britaniarrak maiden izateari utzi zion lote apal bat mendean hartuz. Inondo arazorik gabe, bihurgunean jada puntazaleak gainditu eta nagusitasun handiz (10 gorputz helmugan) irabazi zuen. Anayaren beste erosketa bikain bezain errentagarri horietako bat. Argentinarra fakturatzera berriz. Sorpresa itzela eman zuen bigarren postuan 01 DESIMONE Elarreren moxalak eta hirukoa Olaveren 09 IRMAk itxi zuen Sousarekin.

Bere tokian: 06 LOVE FIFTEEN / Huts: 11 URRACA / Jarraitzeko: 09 IRMA

4. Lasterketa (13:05): Aldatz hortz klinika (handikap 2. zatia). 1.600 m

NYALA (J. Zambudio) / ©Dabid Argindar

Goizeko danbateko nagusiena bigarren zati honetan iritsi zen 10 NYALA kataluinarraren garaipenarekin. Sorpresa handia bertan ginen ia guztientzako, bakar batentzako izan ezik, lehiatiletan faboritoa baitzen (3,3/1). Harrigarria 5 kilo zapalduta irten arren (hirugarren egin zuen 09 KANTIO bezalaxe) zein erraz irabazi zuen, lau gorputzeko aldearekin. 02 HOLLOKOk bere azken karrera grisa ahaztuz, pistan lortzen dituen ohiko emaitza onetara itzuli zen, bigarren eginez. Aurki topatuko du bere karrera hemen. Gure faboritoak, 08 WAILEA NIGHTS, ez zuen ohiko punta hartzeko aukerarik izan eta deseroso aritu zen, huts nabarmena eginez.

Bere tokian: 02 HOLLOKO / Huts: 08 WAILEA NIGHTS / Jarraitzeko: 10 NYALA eta 09 KANTIO

5. Lasterketa (13:35): Oria Txiki taberna (handikap 1. zatia). 1.600 m

MUGUETAJARRA ( V. Janacek) / ©Dabid Argindar

06 TALESek espero bezala punta bortitza jarri zuen hasiera-hasieratik eta hegan ekarri zuen tropela. Hondarrean deseroso, amore eman zuen bihurgunetik ateratzean. Orduntxe azaldu zen Janacek nagusitasunez 03 MUGUETAJARRAren gainean, zuzen osoa atzeraka begira eman zuen, ea izerdiaraziko zion inor ote zetorren begira. Oso-oso erraz. Hau ere Zubietan ezin gustorago aritzen da eta baita hondarrean ere. Garaipen umilagarria, handikap bat izateko. Puntazale ahituari atzetik gainera etorri zitzaizkion 05 COOLMEEN VEGA eta, beranduago, 02 TIGER BASH hirukoa ixtera. Baina bi hauen arteko borrokarik gabe, alde handiegiak baitzeuden euren artean.

Bere tokian: 03 MUGUETAJARRA / Huts: 06 TALES / Jarraitzeko: 05 COOLMEEN VEGA

Apirilak 12: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top