Ostiral Santuan lasterketak dauzkagu Zubietan. Itxurazko programa geratu zaigu, PMU sarean jokatuko da (puntualtasun frantsesarekin erne!) eta eguraldi ona espero omen da. Ea jende piska bat gerturatzen den, goiz polita izan daiteke eta. Goazen karreren azterketarekin.
1. Lasterketa (11:35): Emakumeok Mugimenduan (jockey amateurrak). 2.000 m.
01 ALDUFOOF udaberriko denboralditxo honetako izarra bihurtu zaigu. Bi agerraldi eta bietan garaipen erraza. Gaurko baldintzak ez zaizkio hain mesedegarriak: sekulako zama eramango du gainean eta arerioak ez dira beste egunetako konpartsak. Gainera bere entrenatzaile eta jabea gaur gidari ere izango du. Ez du sekula irabazi eta urtero bakarrik hiruzpalau aldiz lehiatzen da. Behorraren sasoi bikainak gaurkoan elementu gehiegi ditu kontra. Kokatzeko. 03 LONE PEAK askoz arinago aterako da, lau kilo terdi gutxiagorekin. Berragertu berri, oraingoan prestatuago izango da. Distantzia (luzetxo) izan ezik beste guztia alde du. Gurean hiru aldiz irabazitakoa da Buesa bere jockeyarekin. Laugarrenaren bila. 04 PHILAU, pasa den udan Frantzian fitxatu zutenetik, burua ezin altxa dabil. 40ko balioarekin eta asmo handirekin ekarri zuten baina orain arte ezin apalago aritu da. Ezin du hain txarra izan eta seguru gaude Olavek bere onera ekarriko duela. Ondo egonda irabazle argia litzateke hemen, baina dezepzioak kateatzen ditu bata bestearen atzetik. Aspaldi honetako karrerarik onena hemen egin zuen eta jockey trebea darama. Bere zain gaude.
Gure hautua: 03 LONE PEAK – 04 PHILAU – 01 ALDUFOOF
2. Lasterketa (12:05): Emakumeok Mugimenduan App berria (handikap 2. zatia). 1.500 m
07 NYALA 30 balioa izateraino iritsi zen duela urte terdi hemen irabazi zuenean. Ikuluz aldatu zen eta baita 13raino jaitsi da sekulako gainbeheran. Farleteren koloreekin berragertu eta muturra erakutsi zuen aurreko astean, nahiz eta orduan pisuz oso zigortua atera. Gure koadernoan azpimarra bikoitza jarri genion berpizkunde hori ikusita. Gaur ez dago zapalduta eta gorantz jarraitzen badu ez dago beste irabazlerik. Euria egingo balu, are hobeto. Leihatiletara! 06 HANNA irabazteko zorian izan zen hemen udan bere agerraldi guztietan, lau aldiz bigarren eginez. Orain eskalan 3 kilo beherago dago eta Hrubosovak beste 3 kiloko deskontua ematen dio. Madrilen ondo korritzetik dator. Gol aukera oso nabarmena, beste behin. 02 DREAM START da gurean berpiztu izan den beste behor zahar bezain irregularra. Honi ere 8 kilo kendu dizkiote handikapean bere udazken-negu negargarriarengatik. Oso gaizki ari den arren gure hezetasunak agian korritzeko gogoa ekar diezaioke berriz. Misteriotsua. 03 TALES NYALA gure faboritoaren ipurdira sartu zen aurreko astean, 2,5 kiloko abantaila emanez. Oraingoan 6,5 emango dizkio. Matematiken arabera aurretik izango du gurea, baina Janacek faktorea darama eta maila honetan nahiko erregular aritu izan da. Besteen hutsen zain. 06 STERLING GOLDek sei urte ditu eta bakarrik zazpi karrera (beste bitan erretiratua….). Uda amaiaeran aurrenekoz kokatu zen hemen. Geroztik ez du korritu. Puenteren zalditegitik Miguel Alonsorenera pasa da orain. Zerbait ikusiko zioten, edo? Pisuz baxuago ezin da egon. X espediente horietako bat. Urre bilatzaileentzat.
Gure hautua: 07 NYALA – 06 HANNA – 02 DREAM START
3. Lasterketa (12:35): Kirol Inklusiboa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria (handikap 1. zatia). 1.500 m
05 TAGUAL irabazteko desiatzen dabil. Duela bi aste Madrilen oso gertu ibili zen lote askoz gogorragoan. Hemen berrengaiatu dute eta Vicky Alonsoren deskarguarekin egoera ezin erosoagoan aterako da. Hori bai, Bugatti ez du ezagutzen. Halere, handikap honetan balioa puztuta ez duen bakarretakoa iruditzen zaigu. Aita-alabak gure faboritoak. 06 MR HOBBS zaharra hondar kontuetan espezializatu da azken aldian. Krisian dabil eta horregatik ez duzu inoren pronostikoetan ikusiko. Baina Blas Rama propio dator berarekin Madrildik, Janaceken laguntza bilatu du eta konpainia honetan maila handirik ez dago. Txekiarrarekin kimika berezia du, elkarrekin beti kokatu baitira. Ustekabeko galanta emango luke. 01 LEADER´S LEGACY erloju suitzar bat da. Lau aldiz Zubietan, hirutan kokatuz eta aurreko astean irabaziz. Aldeko parametroak berriz baina handikapean tarte txikiarekin ikusten dugu jada. Edozeinek baztertzen du. Berriz gertu. 03 HOLLOKOrengatik ere berdina esan genezake, ibilbide ia paraleloak baitituzte biak. Honi ere eskalak ez dio hobekuntzarako marjin handirik uzten. Baina beti hor dabil.
Gure hautua: 05 TAGUAL – 06 MR. HOBBS – 01 LEADER´S LEGACY
4. Lasterketa (13:05): Kirol jasangarria, Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 1.600 m
Maiden ospela goizeko karrera ugariena den hau. Azti-lanak egin beharko ditugu han eta hemengo zantzuak usaitu, interpretatu eta nolahalako iragarpen bat osatu ahal izateko, inork ez baitu fundamentuzko ezer erakutsi orain arte. 03 COOLMEEN VEGA Arizkorretak irletan egindako erosketa izanik, kreditua eman behar diogu. Horregatik eta Lope de Vegaren semea delako. Irletako bere lau agerraldi ilunak ez zituen hobetu hemen aurkeztu zenean hilaren hasieran. Janacek lagun, genetikari eta ikuluari fedea diogulako aukeratuko dugu. 07 LADY MC QUEENek ia irabazi zuen Madrilen azaroan debutatu zuenean. Oraintxe berragertu da han maila altuko arerioen kontra ezer egin gabe. Debuteko seinaleei helduta, hemen nabarmendu beharko litzateke. Gehienak haurreskolan dauden bitartean 01 DREAM BAHAMAk soldaduska ere egin du, 19 karrera urtebeten. Apala da eta pisua kontra du baina eskarmentuak ere balio izaten du hasiberrien kontra. Bakarrik horrengatik. 09 SPANISH CARA Mauri Delcherren aginduetara zegoen Frantzian. Zazpi karrera ilun eta Alonsoren ikulura pasa da. 26,5eko balioa han (Dream Bahamak baino 1,5 eskasagoa). Alabaren deskarguarekin oso arin aterako da. Ez diogu apartekorik ikusten. 11 TURIA Itaqui zubietarraren alaba da. Duela bi aste hotz utzi gintuen bere berragerpenak. Agian lokatz gehiegitxo. Jatorri horrekin beste aukera bat eman beharko diogu. 08 SOFUNNY (Zoffany) oso berde dago. Hilabete ere ez da debuta egin duela eta ofizioa ikasten dabil. Jatorri dizdiratsukoa, pittin bat hobetzearekin nahikoa luke tropel honetan gailentzeko. Baina agian goizeegi da. Arretaz begiratuko diogu ere 05 HUNTMARri. Debuta egingo du Marc Comasentzat. Ez dugu ahazten bere amak Delfmar eman zuela, beltzatxoa irabazi zuean bi urterekin. Ikusten duzuenez, aukera ezin zabalagoa. Magia jokoetan bezala, aukeratu karta bat…
Gure hautua: 03 COOLMEEN VEGA – 07 LADY MC QUEEN – 08 SOFUNNY
5. Lasterketa (13:35): Mugiment Gipuzkoa saria, Gipuzkoako Foru Aldundia. 1.600 m
Aspaldi ez dugu hain lasterketa desorekaturik ikusi. Lau partaide bakarrik, balio hauekIn: 40,5, 29, 26,5 eta 18. Ba horixe, futbola balitz, lehen mailako talde bat, bi hirugarrenekoak eta bat preferentekoa. Ordena? Matematikoa: 01 IRON DUKE – 02 RUMBO – 03 LOU MC DOWELL – 04 WAILEA NIGHTS. Baina tira, korritu egin behar da eta ez da aurreneko aldia turfaren ziurgabetasun eternal horrek logika (eta gure hitzak) ipurdi-bistan uzten dituela. Dena den, 01 IRON DUKEk ezin du galdu.
Gure hautua: 01 IRON DUKE – 02 RUMBO