Udaberriko denboralditxoa amaitzeko egun dizdiratsua izan genuen Oriako ibarrean. Zale gutxi hipodromora gerturatu ahal izan zirenak eta, hala ere, parkina beteta. Auskalo nola moldatu behar garen udan…. Christian Delcher eta Duende del Sur zalditegiko lagunentzako goiz borobila. Lehenengoak 4 zaldi ekarri zituen Madrildik eta 3 garaipen eta bigarren batekin itzuli. Zalditegiko lagunak ordea, hirutik bi garaipen eta bigarren batekin egun ahaztezina eman zuten gurean. Euren artilleria osoa ekarri zuten eta ia-ia bingo kantatu.
1. Lasterketa (11:35): Arkupe taberna saria (behorrak). 1.500 m

Espero bezala, Cristina Perezek su eman zion karrerari 02 FIJI GOLD ziztu bizian puntan jarriz. 05 IRATI DREAM berragertua saiatu zen haren martxa jarraitzen eta biak ala biak kixkalita zeuden jada Bugattin. Ateak zabal-zabalik utzi zizkioten Sousari aspaldiko garaipen errazenetako bat eskuratzeko 01 DIVA VICTORIA faboritoarekin. 04 DEJA VU izan zen bigarren distantziara eta 06 KATARA apala, batere arriskatu gabe, hirugarren postuarekin topatu zen.
Bere tokian: 01 DIVA VICTORIA / Huts: 02 FIJI GOLD / Jarraitzeko: 04 DEJA VU
2. Lasterketa ( 12:05) Marbel Ile apaindegia saria(handikap 1. zatia). 2.000 m

Sousa eta Delcherrentzat goizeko bigarren garaipena 02 PANTXINETA donostiarrarekin iritsi zen. Pisuz handikapean larri ikusten bagenuen ere, lotearen ituteak aprobetxatu zituen pistan beste garaipen bat lortzeko. 08 UPSILON izan zen erresistentzia handiena jarri ziona eta bigarren postuan bukatu zuena, baina ostera deskalifikatua izan zen tapoiekin korritu omen zuelako nahiz eta programan azaldu ez. Horrek mesede egin zion 07 MARCHELOri, haren tokia hartzeko. Huts galanta 03 COBRECESena, zuzenaren erdirako jada gasolinarik gabe baitzebilen.
Bere tokian: 08 UPSILON / Huts: 03 COBRECES / Jarraitzeko: 06 IRUÑIA
3. Lasterketa (12:35): Hiru aldeta saria (3 urteko moxalak). 2.000 m

Bertan zebiltzan Duende del Surrekoen festak jarraitu zuen 06 CONCEPCION LINE moxalarekin, oraingo honetan Janaceken gidaritzapean. Madrilen iragarri zuen hobekuntzarekin jarraitu eta 08 SIXTEEN TONS faborito eta punteroa noiz agortu itxaron zuen, garaipen erosoa eskuratzeko. Lan gehiago eman zion Elarreren 08 COSMIC GODESS donostiarrak, amaiera arte ez baitzuen amore eman nahi izan eta bigarren postuari eutsi zion egoskor, sorpresa emanez.
Bere tokian: 06 CONCEPCION LINE / Huts: 01 ARTSVELT / Jarraitzeko: 08 COSMIC GODDESS
4. Lasterketa (13:05): Berasategi kafea saria (handikap 2. zatia). 2.000 m

Goizeko sorpresa nagusia 09 LE RAFALE apalak eman zuen. Enrique Puenteren 8 urteko zaldia behingoz pisu baldintza egokitan ateratzen zen pistara eta ondo aprobetxatu zuen, Julia Zambudio gaztearen gidaritza bizkorrarekin. Puntan jarri zuen bere erritmora eta inork ez zuen kalitate apurrik izan hura pasa ahal izateko. Errematatzen saiatu zen bakarra 08 MELODY FRANCE izan zen, Sousarekin, baina berandu eta nahiko indarrik gabe. Duende del Sur-ekoentzat hat-tricka izan zitekeenaren atarian geratu ziren. Gutxigatik. 07 NYALAk handikapean jasotako zigorrari muzin egin eta, formari esker, hirugarren egin zuen arerioen ahultasunak aprobetxatuz.
Bere tokian: 08 MELODY FRANCE / Huts: 01 STERLING GOLD / Jarraitzeko: 08 MELODY FRANCE
5. Lasterketa (13:35): Haune interiorismoa (salmentakoa). 2.200 m

01 ALDUFOOFek pistan bere seigarren garaipena izango zena lortzeko aurreko bostetan erabilitako taktika berdinari ekin zion, puntan bizi eta amaieraraino. Kontua da bizkarrean 62,5 kilo zeramatzala eta Nico de Julianek ez zuela nahikoa abileziarik izan karga horrekin behar bezala dosifikatzeko. Gauzak horrela, behorrari bateria amaitu zitzaion zuzenaren erdian eta hortaz baliatu zen 05 TIRSO DE MOLINA, bere pisu arinarekin (10 kilo gutxiago), erremate irabazlea ateratzeko. Handikapean balio txikiegia du eta garaipenen bat eskuratu lezake Caravaggioren seme honek. 04 SISONek urrutitik ikusi behar izan zituen aurreko bien ika-mikak, udazkenetik korritu gabe, giharrak oraindik gogortuta zituela erakutsiz.
Bere tokian: 01 ALDUFOOF / Huts: 04 SISON / Jarraitzeko: 05 TIRSO DE MOLINA
Argazki Galeria
©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar ©Dabid argindar