Udaberriko denboralditxoaren azken eguna. Asteazken goizez, 11:35etik aurrera, gehienontzako lan egun arrunta. Eguraldi ederra espero da, bero, beraz bertaratzeko aukera bikaina libre dutenentzat. PMU sareko jokozaleentzat urrunetik jarraizeko aukera. Astean zehar euria egin duenez pista bigun antzean egon liteke. Programa gure eskanerretik pasa dugu eta hau atera zaigu:
Lasterketak
1. Lasterketa (11:35): Arkupe taberna saria (behorrak). 1.500 m
01 DIVA VICTORIA da loteko faborito nagusia. Beste behorrek baino balio altuagoa du (38) eta gehiago erakutsi du. Rouget-ohia, karrera klasikoetarako erosi zuten eta nahiz eta pistan promesa asko iragarri ez zuen karrera bakar bat ere borobildu. Oraingo arerioak askoz ahulagoak dira, Sousa darama zelan eta ez luke barkatu beharko… baina gehiegitan huts egin digu eta ez du pista ezagutzen. Faboritoa bai, baina itzaltxoarekin. 02 FIJI GOLD apalagoa da (32). Bere entrenatzailea propio dator Madrildik bakarrik berarekin proba honetarako. Handikapetan ez dauka aukera handirik altuegi baitago, beraz honelako karreretan bilatu behar xoxak. Pisu arina, puntazalea eta oso saiatua. Bugattiko bihurgunea ezagutzen du. Faboritoari ez dio deskuidorik barkatuko. 04 DEJA VUE batipat Frantzian aritu da (32,5 balioa). Udatik hona eskas aritu da eta ez du pista ezagutzen. Iazko profila errekuperatuko balu arriskutsua litzateke. 05 IRATI DREAMek urte oso bat darama korritu gabe (lesioren bat tarteko). Madrilgo debutean garaipen ikusgarria utzi zuen, gero Samedi Rien eta Atlantarekin amore emateko (34 balioa). Irteeratik oso bizkorra. Gogoz gaude berriz ikusteko. Geldialdia ordaindu beharko luke baina debuteko hura oso deigarria izan zen…. Jarraitzeko.
Gure hautua: 01 DIVA VICTORIA – 02 FIJI GOLD – 04 DEJA VUE
Lasterketak
2. Lasterketa ( 12:05) Marbel Ile apaindegia saria(handikap 1. zatia). 2.000 m
Bigarren mailako usaina duen handikapa (Monzalvos, Ramiriqui, Marchelo….), nahiz eta ofizialki lehenengokoa izan. 03 COBRECES beste kupeletako aurkarien kontra aritzen ohitua dago eta hauek nimiñoak irudituko zaizkio. Azkenekoan hemen oso gertu amaitu zuen eta gaur ez dauka aitzakiarik. Irabaztera. 08 UPSILONek ere karrera ona egin zuen aurrekoan. Berriz puntan fuerte abiatzeko ez dauka arazorik, 1 zenbakidun atetxoa eta Denisa Sikorovaren 52 kiloekin. Tropela tenkatuko du hari bat bailitzan eta uste dugu bakarrik faboritoak harrapa lezakeela. 05 MONZALVOS zaharrak (9 urte) bere urteroko garaipena poltsikoratu du jada. Handikapean ez dauka hobetzeko tarterik baina forman dago, hemengo gutxik dutena. Kokatzeko. 02 PANTXINETA Sari Nazionala irabazteagatik (nola dagoen Espainiako odolgarbien maila!) 36 balioraino igo behar izan zuten. Gehiegitxo. Argaldu beharko du handikapean berriz lehiakor izateko. 06 IRUÑIA ikusteko gogoz geratu ginen martxoan baina erretiratu egin zuten. Bere jatorria asko gustatzen zaigu eta osasuna laguntzen badio udan zeresanik emango du. Aspalditik jarraitzekoen zerrendan daukagu.
Gure hautua: 03 COBRECES – 08 UPSILON – 05 MONZALVOS
Lasterketak
3. Lasterketa (12:35): Hiru aldeta saria (3 urteko moxalak). 2.000 m
08 SIXTEEN TONS erretiratu egin zuten aurreko astean pista aldaketa zela eta. Marc Comas kataluinarraren moxal honek loteko beste inork baino garapen handiago izan dezakeela dirudi. Julia Zambudioren gidaritzarekin eta metroak luzatzearekin aukera polita du maiden izateari uzteko. Berarengan konfiantza badaukagu, arerioak ez baitira puntakoak. 01 ARTSVELT Madrilen ondo aritu da lote zailagoetan baina onenengandik aparte. Eskertuko du kategoriaz jaistea. Bere entrenatzailea fin dabil gurean. Pistaren ezezagutza bere kontra izan dezakeen faktore bakarra da. Aurrean ibili behar du. 06 CONCEPCION LINEk azkena irabazi zuen Madrilen gerora irabazle ere suertatu diren Pinsapo eta Basioren kontra, baina kilo gehiegiren abantaila zuen orduan. Gaur ez du horrelako arintasunik izango . Pistan eta distantzian estrenatuko da. Loteko irabazle bakarra izanik, ezin ahaztu. 04 PINTXOPOTE eta 02 DESIMONE kokatu berri dira hemen euren azken karreretan. Oso lote apalak ziren eta ez dirudi oso urrutira iritsiko direnik. Halere, lehenengoak Derbyan izena emana du….. Izatekotan, hirukoa osatzeko. 10 GREEN PERFUME erretiratu egin dute.
Gure hautua: 08 SIXTEEN TONS – 01 ARTSVELT – 06 CONCEPCION LINE
Lasterketak
4. Lasterketa (13:05): Berasategi kafea saria (handikap 2. zatia). 2.000 m
Beste handikapak bigarren mailako usaina baldin bazuen, honek hirugarrenekoa…. 10 KANTIO zapaldu gabe irtetzeraino! Aukera aprobetxatzen saiatuko da ez baitu horrelakorik topatuko aurrerantzean. Kantia handiaren seme umil honek ez du gaurdaino irabazi. Ea 32. saiakera honetan. Atzetik etorrita distantzia egin lezake, nahiz eta agian gehiegizkoa izan berarentzat. Gaur hala inoiz ez. 01 STERLING GOLDek merezitako oporrak izan ditu bere uda arrakastatsutik hona. Aurreko astean giharrak luzatzeko karreratxoa eman zioten. Gaurko jada prest, distantzia oso ondo egokitzen zaio eta, deskarguari esker, pisuz ere ez da gaizki ateratzen. Asko gustatzen zaigu. 08 MELODY FRANCE-ri ere distantzia agian luzetxo egingo zaio. Dena den, azkenekoan, bere erremate luzeari esker, 1.800en irabaztera ere iritsi da. Taktika horrekin eta Sousaren esku finekin, aurreneko postuetan espero dugu. 02 RAPPEUR frantsesa hipodromoko aitona da, 11 urte! Herrikideei bezala, honi ere erretreta atzeratu diote eta hemen xoxen bat ostu nahiko du. Sevillan irabazi berria, pista honetan, puntan irtenda, balentriaren bat edo beste lortu zuen gazte garai haietan. Nostalgikoentzat. 04 ZAYAN erretiratu egin dute.
Gure hautua: 01 STERLING GOLD- 10 KANTIO – 08 MELODY FRANCE
Lasterketak
5. Lasterketa (13:35): Haune interiorismoa (salmentakoa). 2.200 m
04 SISON eta 01 ALDUFOOFen arteko buruz-buruko karrera dirudi. Biak ala biak ezin gusturago pistan. Bosna garaipen hemen, ez dakite zer den Zubietatik at irabaztea. Lehenengoa udazkenetik ez dugu pistetan ikusi eta horrek harritzen gaitu (lesioren bat?) baina gainontzerako parametro guztiak alde ditu, arerio nagusiarekiko 7,5 kiloko abantaila barne. Bigarrenak hemen irabazi ostean porrota jaso du zereginik ez zuen karrera batean. Puntan aterako da berriz, eta egiten uzten badiote, beste behin karrera erabakita utz dezake zuzenaren erdira iristerako. Sorpresazaleentzat 05 TIRSO DE MOLINA aukera interesgarria izan daiteke. Orain urtebete sekulako sorpresa eman zuen Tarbesen irabaziz (34 balioa eman zioten). Ordutik ez du bururik altxa arnas luzeko karreretan (10 kilo jaitsiz), beti Frantzian. Pista eta entrenatzaile aldaketek agian berpiz lezakete. Tarbesekoa errepikatuz gero….
Gure hautua: 04 SISON – 01 ALDUFOOF – 05 TIRSO DE MOLINA
Lasterketak