Polita udaberriko denboralditxo hau amaitzeko aurretik daukagun programa. Hiru urteko maiden ireki bat, amateurrentzako proba interesgarria, ohiko handikap bikoitz zaila eta amaitzeko maila altuko miliarrak, txapeldun batzuk ere tartean. Eguraldiak ere lagunduko omen du. Pista lehorra, ustez. Beraz, plan ezin hobea pandemiaren zurrunbilo itogarri honetatik piska bat atera eta aire apur bat hartzeko. PMU jardunaldia izango da. Eta oraindik ez badaukazu zure sarrera, pasa azkar lehiatilatik, di-da amaituko dira eta. Guk izango diren karrerei buruzko zertzelada batzuk uzten dizkizuegu hemen, zein den zein jakiteko. Ea ba.
1. Lasterketa (10:05): Jose Maria Usandizaga saria (amateurrak). 1.500 metro
1 LONE PEAKek bi garaipen dizdiratsu ditu hemen azken urte erdian, biak ala biak amateurren lasterketetan bere jabea gainean zuela. Oraingo baldintzak oso-oso berdintsuak dira, nahiz eta karga gehixeago eraman beharko duen. Jakina da zaldi ero xamarra dela eta ibilbidean bere kasa ibiltzea atsegin duela. Tximistak ez badio jotzen, irabaztetik oso gertu egon beharko luke. 5 HADDAF Ingalaterran 46ko balioa izatera iritsi zen orain urte pare bat. Aurreko udan Oscar Anayaren eskutik Madrilera iritsi zenetik askotan kokatu da baina ez du garaipenik lortu zazpi karreretan. Madrildik Zubietako freskurara aldatzeak on egin diezaioke. Nahiz eta garai batekoa ez izan, maila badu hemen irabazteko. Honek ere, ohi bezala, bere jabea gidari izango du. 3 BILLYCOCK HILLek seguraski karrerako jockeyrik onena darama. Eta amateurren karrera hauetan hori asko da. Azken aldian piska bat jaitsita dabil eta metroren bat ere soberan izango du. Ez da zaldi erraza amateur batentzat. Pisuz bera da ondoen ateratzen dena. Faboritoa da, baina guk susmopean daukagu. 2 DREAM STARTek pasa den udan irabazi eta bigarren egin zuen hemen amateur karreretan, oraingo bere jockey berdinarekin. Ez da faboritoen mailara iristen, baina baldintza berberak topatuko ditu orain, pisuz arin doa eta ez du despisterik barkatuko. Sorpresa.
Gure hautua: 1 LONE PEAK – 5 HADDAF – 2 DREAM START
2. Lasterketa (10:35): Raimundo Sarriegi saria (3 urteko maidenak). 1.600 metro
6 NEW ADELEren izena iltzatuta geratu zitzaigun udan hemen egin zuen debutean. Marchelo eta Force Cat onekin borrokan aritu zen azken metrora arte. Urte erdi beranduago eta zikiratua izan ostean, lasai berragertzetik dator pista oso lokaztuan. Askoz jarriago aterako da oraingoan eta etxean jokatzen du. Poulean izena emanda dago. Gure faboritoa. 9 TRAINEROk Arizkorretaren ikuiluko ohiko garapena darama: bi karrera udazkenean ofizioa apurka ikasten joateko. Jatorri ederra du (Camacho eta Andalucia) eta hilabete hauetan asko aurreratuko zuela uste dugu. Lehenengo aldia du gurean. Gertu ibiliko da. 14 ANAZ Bering zalditegiko behorrak debuta egingo du. Bere jakatxoa daramatenak ez dira nolanahikoak izaten. Ez daukagu bere erreferentziarik, baina badaezpada arretaz jarraituko dugu. 4 ENOLek debut grisa egin zuen orain bi aste Madrilen. Handi xamarra izanik gure pistara ez litzateke ondo egokitu beharko. Janaceken esanetan oraindik denbora beharko du, baina faborito irtengo da. Zalantzak. 10 KALAHARI ez da gaurko arerioen mailakoa izango baina sasoian dabil, Bugatira ondo egokitzeko oso arina da eta irteerako atetxo ona du. Sorpresa. 2 INFANT HERCULES loteko beteranoena da. Hamargarren karrera izango du hau. Lehenengo zazpietan beti borrokan ibili zen Ingalaterran baina Madrilen dagoenetik ez du seinalerik bidali. Hobetzen ari delakoan eta hemen nabarmentzeko askorik behar ez denez, kontuan izango dugu.
Gure hautua: 6 NEW ADELE – 9 TRAINERO – 2 INFANT HERCULES
3. Lasterketa (11:05): Endanea Garden saria (handikap 1. zatia). 2.000 metro
Udaberriko denboralditxo honetan ia astero-astero izan ditugun protagonista beretsuak berriz. 11 VOLGARrek bi abisu utzi dizkigu, kategoriaz eta distantziaz kanpoko neurketetan. Gaurkoa uste dugu ezin hobeto egokitzen zaiola eta Frantziatik propio dator Emilien Revolte bera gidatzera (bi kiloko errekargua suposatuko dio). Gaurkoa da bere karrera. 5 ORRIk apenas izerditu gabe irabazi zuen 2. zatiko handikapa hemen duela bi aste. Handikaperrek 4,5 kiloko igoerarekin zigortu dute eta honez gero pisuz kaltetuta aterako da. Baina sasoi betean dabil eta horrek asko balio du urte hasierako denboralditxo honetan. Konbinazio guztietan jartzeko modukoa. 9 PIROPOk hemengo lau jardunaldietan hartu du parte. Lehenengo egunean irabaziz eta besteetan kokatuz. Gaurko aprendizaren deskargu handiarekin ezin arinago aterako da eta sasoi betean dabil. Bere jockey gazteak asmatzen badu oso gertu ibil daiteke. 10 RAPPEUR gure pistan udan aise irabazitakoa da, hori bai, handikaparen 2. zatian. Harritzekoa bada ere udaberri honetan oraindik ez dugu hemendik ikusi. Arin aterako da, fresko dator eta sasoian dabil, Sevillan erakutsi duenez. Kotizazio altuko sorpresa.
Gure hautua: 11 VOLGAR – 5 ORRI – 10 RAPPEUR
4. Lasterketa (11:35): Kirolaren balioa saria (handikap 2. zatia). 2.000 metro
8 JASMINEk oso ondo korritu du Zubietan bere azken lau lasterketetan (bi garaipen eta bi kokapen). Fresko dator, udaberriko lehenengoa baitu. Pista lehorrean gusturago arituko da bere azkeneko karrerako lokatzetan baino. Gelaberten bermea izango du oraingoan. Distantziaz eta pisuz ondo. Ez diogu inongo oztoporik ikusten. Irabaztera. 6 LA FRISLA ohiko kokatu bat izaten da maila honetako loteetan. Aukera asko izan ditu baina irabazterik ez du lortzen. Duela bi aste hirugarren egin zuen Orri eta Orange Runen atzetik. Sousa izango du lagun oraingoan baloia barrura sartzeko. Ea ba. Karrera hartan 5 ORANGE RUN aitona (13 urte!!!!) irabazlearen atzetik sartu zen. Ordukoan distantzia luzeagoa eta lokatza izan zituen aliatu, orain aurkituko ez dituenak. Baina ez dago askoz gehiago aukeratzeko eta hirukoa osatzeko gu agure laranjarekin geratuko gara. 4 ULTRONek ez du ezer erakutsi orain arte Madrilen korritutako karreretan. Oraindik gaztea da, hobetzeko tarterik izan behar du eta lehenengo aldia du gurean. Hain arerio eskasak izanda ondoan, aukera bat emango diogu ea Zubietako aireak zeozer laguntzen dion.
Gure hautua: 8 JASMINE – 6 LA FRISLA – 5 ORANGE RUN
5. Lasterketa (12:05): Pablo Sorozabal saria (4 urtetik gorakoak). 1.600 metro
Denboralditxoa amaitzeko lasterketa ederra. Lote txikia baina kalitatezkoa. 4 ORIENTAL japoniarrak urte erdia pasa du pistetatik kanpo. Eztarriko ebakuntza bat ere tartean. Buelta lasaia izan du. Abenduan Madrilgo fibran eta duela bi aste belarretan Sallab, Atty Persse eta enparauen kontra. Ez zuen bere maila eman eta ez genion itxura onik hartu, baina ez gara gu izango zazpi urteko txapeldun hau lurperatuko dutenak. Zubietan karrera bakarra du, 2019ko Eusko Jaurlaritzan Norayri irabazi ziona buruz-buruko mitiko hartan. Konfidantza soberan ez, baina gure miresmen eta sostengu osoa du. Goazen! 3 SALAR ISLANDek bere onena eman zuen adin klasikoan, bere kintakoen oilarra izateraino (Rodaballo ospetsuarekin ex-aequo). Orain, jada 4 urterekin, zertxobait jaitsiko dela uste dugu baina halere kategoria badu faboritoaren mahaian eseritzeko. 2 IRON DUKE Oscar Anayak berriki erosi duen (21.000 €) 5 urteko superprofesional bat da. Gradu eta Listed karreretan kokatua, Alemania, Italia, Frantzia eta Suitzan ere aritu da. Belar, hondar edota elurretan (Saint-Moritzeko elur gaineko lasterketetan ere irabazlea da!). Burdinezkoa dirudi. Ez du faboritoen dizdirarik izango, baina bera bai, topera dator. Klase altuagokoen nagiak aprobetxa ditzake. IRON ROCKi buruz jada ez dakigu zer esan. Preferentetik Championsera salto egin du urtebetean. Beti esaten dugu ezin duela gorago egin eta beti lotsagarri uzten gaitu. Hau ez da bere kategoria eta ezin dio faboritoari lau kiloko abantaila eman. Hori guztia, teorian. Baina Zubietako Errepublikan berak agintzen du, inork ez dauka bere sasoi punttua (aurreko astean berriz irabazi zuen!) eta amets egitea libre da. Hori ba, abordatzera!
Gure hautua: 4 ORIENTAL – 3 SALAR ISLAND – 1 IRON ROCK
KOMUNIKABIDEEN PRONOSTIKOAK
Denboralditxo honetan ez gaude gaizki kokatuta, azken metroei ekiteko. Ea erremate on batekin aurreneko postuan muturra sartzea lortzen dugun. Hemen koadro osoa:
