zaldilasterketak.eus

Apirilak 2: kronika + argazki galeria

Udaberriko denboralditxoaren amaierako hau jardunaldi polita izan da oso. Eguraldi dizdiratsua, harmailak ederki girotuta eta lasterketa ederrak ikusteko aukera. Pista oso baldintza onetan eta sarrerak agortuta. Zubietan ezagun ditugun garaileak azaldu zaizkigu gaur ere, baina sorpresa batzuk ere izan dira. Borja Fayosek bi garaipen eskuratu ditu bere urtebetetzea ospatzeko eta debutari interesgarri bat ere ikusi dugu irabazten. Zubietan ere, Bugatiren atzean giro beroa, txuri-urdin pila zalapartaka Errealaren autobusari agur egiten. Ea ba. Hemen ikusitakoaren errepaso txiki bat.

1. Lasterketa (10:05): Jose Maria Usandizaga saria (amateurrak). 1.500 metro

LONE PEAK ( Cristina Buesa) / Argazkia:Dabid argindar

LONE PEAKek beste garaipen erraz bat lortu du gurean. Oraingoan pisu baldintza okerragoak zituen bere aurreko garaipenetan baino, baina hori ez da izan traba. Ordea, inoiz baino errazago irabazi duela iruditu zaigu. Zaldi berezia izanik -ez omen zaio besteen ondoan joatea gustatzen- lasai asko egin du ibilbide osoa buruan. Bihurgunean HADDAF -Sarabia grinatsuegi- eta zuzenaren erdian BILLYCOCK HILL gerturatzen saiatu zazikio baina fundamento gutxirekin eta gure faboritoa larritu gabe. LONE PEAKek lokatzetan, gogorrean eta pista onean irabazi du jada gurean azken urtean. Zubietara ezin hobeto egokitzen da. Uda arte.

Bere tokian: BILLYCOCK HILL / Huts: HADDAF / Jarraitzeko. LONE PEAK

2. Lasterketa (10:35): Raimundo Sarriegi saria (3 urteko maidenak). 1.600 metro

ANAZ (Borja Fayos) / Argazkia:Dabid argindar

Atarikoan esaten genuen Beringen zalditegiko jakatxoaren kolore horien beldur ginela eta gure susmoak berretsi ditu ANAZ behor britaniarrak. Loteko debutari bakarra, beste klase batekoa dela erakutsi du. Hasieratik atzean lasai, Fayosek azeleragailua sakatu duenean tropel osoa zirt-zart batean aurreratu du karrera berrehun metro faltan erabakita utziz. Itxura polita. Bere itzala jarraituta, atzetik aurrera ere egin du BABY GROOMek espero gabeko bigarren izateko. Zertxobait amaitu du Arizkorretaren TRAINEROk hirugarren izateko etxean jokatzen zuen NEW ADELEren aurretik, espero baino makalago azken hau. Puntan ia bide osoa egin du ENOLek Janacekekin, oraindik heltzeko denbora behar duen moxala. Hurrengoetan jarraituko dugu.

Bere tokian: TRAINERO / Huts: NEW ADELE / Jarraitzeko: ANAZ

3. Lasterketa (11:05): Endanea Garden saria (handikap 1. zatia). 2.000 metro

RAPPEUR (L. Fonseca) / Argazkia:Dabid argindar

Goizeko sorpresarik handiena handikaparen lehenengo zati honetan etorri da (16/1 ordainduz). Faboritoa Metaphor zalditegiko ORRI zen aurreko bere garaipen ikusgarrian oinarrituta. Bere zalditegiko kidea RAPPEUR bizi-bizi atera da sekulako abantaila lortuz. Pentsa zitekeen bere kide faboritoarentzat karrera prestatzen ari zela, baina bihurgunera 20 gorputzeko abantailarekin iritsi denean ohartu gara bere hautagaitza serioa zela. Eta halaxe izan da, inor ezin izan da L. Fonseca gazte portugaldarrak gidatutakoarengana gerturatu eta azkenean 3 gorputzeko abantaila mantentzea lortu du PIROPOrekiko, bigarren. Hirugarren denboraldi borobila egin duen BRISCOLA izan da. ORRI faboritoaren albisterik ez da izan. 9 urteko irabazle hau gure pistan ere irabazi zuen irailean eta itxuraz hemen hau ere ezin hobeto egokitzen da. Gaspar Vaz portugaldarraren aurreneko garaipena denboraldian.

Bere tokian: PIROPO / Huts: ORRI / Jarraitzeko: RAPPEUR

4. Lasterketa (11:35): Kirolaren balioa saria (handikap 2. zatia). 2.000 metro

ORANGE RUN ( Raul Ramos) / Argazkia: Dabid argindar

Aurreko karreran ihesaldiak izandako arrakastak urduritu omen ditu handikaparen bigarren zati honetako guztiak. Puntan bizi-bizi atera dira distantzia motzean ohituta dauden SUCH PROMISE eta COVADONGA´S LAKE´S, tropela tenkatuz. Errenkan ekarri dituzte guztiak azken zuzeneraino, baina erasoen momentuan gehienak ere gasolinarik gabe zeuden. Orduan azaldu da atze-atzetik ORANGE RUN aitona bere 13 urterekin, aspaldiko garaipenik argiena lortzeko (2018tik ez zuen irabazten). Pozarren zeharkatu du helmuga Raul Ramos lasartearrak harmailetako lagunei keinu eginez. 88 karrera, 200.000 €tik gorako irabaziak (hesietan gaztetan 1Gn kokatua) eta oraindik egurrean ibiltzeko omen dago Ramon Costa kataluniarrak entrenatutako ORANGE RUN. Bejondiola! Bost gorputzera MANTRAk egin du ustegabeko bigarren postua eta erremate zail eta berandutiar batekin JASMINE faboritoak hirugarren. LA FRISLA beste faboritoaren berririk ez dugu izan, agian beste eguneko lokatza faltan botako zuelako edo.

Bere tokian: ORANGE RUN / Huts: LA FRISLA / Jarraitzeko: MANTRA

5. Lasterketa (12:05): Pablo Sorozabal saria (4 urtetik gorakoak). 1.600 metro

ORIENTAL (Borja Fayos) / Argazkia:Dabid argindar

ORIENTAL handiak ez du huts egin. Berrehun metro faltan, SALAR ISLAND parean jarri zaionean, uste genuen amore emango zuela eta ezin izango ziola eutsi. Baina orduan txapeldunaren genak azaldu dira, Fayosek beste piska bat eskatu dio eta salto egin du 2019an gurean Jaurlaritza NORAY handiari ostu zion hark, edo Madrilen Hispanidad saria irabazi zuen zaldi boteretsuak. Lesio larri batetik dator eta zalantzak piztu ditu bere itzulerako aurreko bi karrerak, baina gaurkoan muturra atera du aspaldiko ORIENTAL horrek. Ea poliki-poliki gorako bidean jarraitzen duen. Zuzenaren erdian Oscar Anayaren IRON DUKEk beste bien borrokan sartzeko imintzioa egin du eta momentu batez bazirudien pasatzeko indarrarekin zetorrela. Baina ezinezkoa izan zaio. Izan ere irabazleari hiru kilo eta Arizkorretarenari bi ematen zizkion. Baina beraien parean iritsi da, gorputz laurdenera. Ez ahaztu hurrengoetarako. Harritzekoa bada ere, IRON ROCK gaur ez da azaldu. Benetan ezinezko misioa zuen gaurkoa.

Bere tokian: ORIENTAL / Huts: IRON ROCK / Jarraitzeko: IRON DUKE

Apirilak 2: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top