Udaberriko azken jardunaldia. Berriz ostiral goizez, PMU sare barruko jokoarekin eta, iragarpenek diotenez, azken egunotako eurien amaierarekin. Oraingo urarekin seguru pista sakon xamarra izango dela. Halamoduzko programatxoa Zubietan elkartuko diren zaletuen gosea asetzeko. Bertaratu behar baduzu, hemen dituzu lerrotxo batzuk gure ikuspegiarekin.
1. Lasterketa (11:35): Maitane ileapaindegia saria (handikap 1. zatia). 2.200 m
01 BARENTONek krisialdia pasa du Pauen iazko urtarrilean irabazi zuenetik. Pistetatik kanpo udazkenera arte, bere balioak behera egin du Frantzian 37tik 30era. Azkenekoan, duela hiru hilabete, gertu bukatu zuen, errekuperazioa iradokiz. Hemen irabazitakoa da, lokatza atsegin du eta Nuno Lopes jokeyak ezagutzen du. Lehenengo zatia izateko, lote hau oso arrunta da. Ez zaigu ahazten Urrezko Kopan bitan hartu zuela parte (2018an eta 2020an). Eta hori, beste upeleko sagardoa da. Pronostikoetan oso ahaztuta dago. Baina gu lehiatiletara goaz berarekin. Irabaztera. 05 ISHRAQ etengabe zurrumurrua da Frantziako bere karreretan baina ez du bat borobiltzen. Hemen askoz arerio eskasagoak aurkituko ditu baina ez da batere fidatzekoa. Azken orduko izenematea, zeozer arrantzatzeko. Konfidantza handirik gabe. 06 FARSAMAN handikap ahulenak ixten zituen gure faboritoa urrearen bila zebilen garai haietan. Bizitzak zenbat buelta ematen dituen, gaur handikap berean biak elkartzeraino. Sasoian dabil eta lokatzetan pozik, baina pisuz oso larri eta distantziaz ere bai. Hau ez litzateke bere kategoria izan beharko, baina ez dago askoz gehiago aukeran. 02 NAYADE ere forman dabil eta Zubietar peto-petoa da. Bertan irabaztetik dator baina milian. Distantzia oso luzea egingo zaio orain baina jakina da gorputzaldi on batek hemen magia egin dezakeela. Halere, ez dugu uste. 03 HONOR BEREk ere krisialdia pasa du udan lesionatu zenetik. Frantzian ilun aritu da aurtengo lauetan. Azkenekoan Soumillonekin Chantillyn. Usta horrekin asmo handiak zituztelakoan, badazpada ez dugu ahaztuko.
Gure hautua: 01 BARENTON – 05 ISHRAQ – 06 FARSAMAN
2. Lasterketa (12:05): Haune dekorazioa saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 2.000 m
02 TINTIN militarrak aho bete hortz utzi gintuen bere debutean hilaren hasieran hemen irabazi zuenean. Ez bakarrik irabazteagatik, baizik eta egiteko moduarengatik. Sekulako kemenarekin bukatu zuen eta. Beti bezala, danbatekoari zentzuren bat bilatu nahiean hasi ginen. Besterik ezean, jatorriari begiratzen. Amak, Zurriola, oso maila eskaseko lasterkariak eman ditu baina Jafar (Urrezko Kopa 2000) izeneko baten arreba da. Tira, argi izpi nimiño bat. Eta aita, Gael Legacy, jatorri zerutiarrekoa baina pistetan beste zaldi apal bat baino ez. Tintin hau bere lehenengo semea. Bueno. Baina hara non, arbasoetan atzerago eginez, Galileo aitona eta Glass Slipper izeneko amona bat ageri diren. Eta? Ba…. amon hori Danehill Dancer delako baten arreba zela!!! Ea Behortegi Militarrean, tontamentean, petroleoa aurkitu duten hazitako Gael Legacy honekin! Gu, behintzat, Tintinekin goaz. 05 VEGADEOk ere ez du jatorri makala (Noozhoh Canarias eta Bellaside). Arizkorretaren estiloari jarraikiz piskanaka hobetzen zetorren baina bere laugarren karreran pott egin berri du 2.000 metrotara igotzean. Ez du gurean korritu. Baina ezin du hain txarra izan hemen ez kokatzeko. 01 DREAM BAHAMAk astero korritzen du eta astero kokapen bat eraman. Pistetako behargin bat da, 20 karrera urtebeten. Pisu astuna darama baina atzetik aurrera etorriko da zerraldoak jasotzen, nekaezina da. Distantzia ondoen egiten duena bera da. Hirukoan seguru. Beste guztiek ez dute ezertxo ere erakutsi.
Erretiratua (ostegunean): 07 ARACENA
Gure hautua: 02 TINTIN – 05 VEGADEO – 01 DREAM BAHAMA
3. Lasterketa (12:35): Arkupe taberna saria (salmentakoa). 1.600 m
04 PONT DE RUDAk iaz bere belaunaldikoen oilarretako bat izango zela zirudien. Pouleko laugarren egin ondoren Satrustegi saria irabazi zuen, baina gero urtea gris antzean bukatu ere. Halaxe berragertu berri da Madrilen. Harritzen gaitu salgai jartzeak. Gogoan daukagu bere iazko garaipen galaktikoa Madrilgo lokatzetan. Osasun arazorik izan ezean hemen bere aukera oso nabarmena litzateke. Faborito eztabaidaezina. 02 ANAZek debut ikusgarria utzi zuen hemen justu duela urtebete, orduan Bering jakatxoarekin. Ibilbide gorabeheratsua izan du geroztik, Frantzian beste bitan irabaziz Elarre donostiarraren ikulurako. Ez du faboritoaren balioa baina Janacekek ez du deskuidorik barkatuko. Arriskutsua. 03 ADAAYLIGHT DANCERren ibilbidea gure faboritoarenaren oso paretsua da. Biak Arizkorretarenak. Emeen Poulean laugarren, berarengan zeuden itxaropenak zapuzten joan da. Behor ona da eta hau da bere distantzia. Lokatzetan ez du gaizki egin. Ikuiluko jockey titularrak bestea aukeratu eta hau Saccuri uzten dio. Zerbaitegatik izango da. Kokatzeko. Beste guztiak urruti geratu beharko lirateke.
Erretiratua (ostegunean): 01 GORMAZ
Gure hautua: 04 PONT DE RUDA – 02 ANAZ – 03 ADAAYLIGHT DANCER
4. Lasterketa (13:05): Marbell ileapaingegia (handikap 2. zatia). 2.200 m
08 MAYROk udaberriro irabazten du Madrilen distantzia honetan eta bigunean. Bere azken garaipenean baino 5 kilo gutxiago ditu orain handikapean. Gainera Vicky Alonsok beste hiru kentzen dizkio. Oraintxe berragertu da Madrilen distantzia laburrean. Gure pista ez du ezagutzen baina gainontzerakoan argi guztiak berdez ditu. Irabazteko halako aukerak oso gutxitan izango ditu. Berarekin goaz. 02 JERY SMAIHk ere pista sakonak maite ditu. Kokapen pare bat lapurtzetik dator hemen faboritoen hutsak aprobetxatuz. Handikapean lehenengo aldiz arituko da gurean. Distantziaz ondo, sasoian eta Sousaren bermearekin, irabaztetik oso gertu beharko luke. Urtero 10 CURILLINES berpiztu egiten da gutxien espero dugunean. Orain ere hildakotzat daukagu, 8 urte jada eta azken aldian beti sartzen baita azkenputz. Aitzitik, berpizkunde santu eta mirakulu garaia dugu, eta lokatza lagun, agian enegarren ustekabea ematen digu. 4 kilo zapalduta dago. Zeinek jakin. PMU sarea dardarka utz dezake. Fedea behar da. 04 JOE BLINING oso urruti sartu zen, laugarren, Ramiriquik irabazitako handikapean hilaren hasieran. Parametro berdintsuetan, emaitza berdintsua espero daiteke. Epel. 05 KANTIOk oso gutxi korritu du, 8 karrera, ia gehienetan azkena. Baina ez dugu ahazten Kantia handiaren semea dela eta entrenatzaile aldaketak ikuilu hori suspertu duela. Zikiratu berri dute. Metamorfosiaren zain. Sorpresa galantza litzateke.
Erretiratua (ostegunean): 07 ELIMINATOR
Gure hautua: 08 MAYRO – 03 JERY SMAIH – 10 CURILLINES
5. Lasterketa (13:35): Ormazabal loradenda (behorrak). 1.600 m
03 VETONA ez da punta-puntako behorren mailara iristen baina kalitatea badu eta oso fidagarria da bere errendimenduan. Hemen koska bat besteen gainetik dago. Sasoian dator, bere distantzia da eta lokatza maite du. Ez diogu zalantzarako zirrikiturik ikusten. Irabaztera. 02 BELLETTI hemen Idole Royali irabaztetik dator, sasoi onean dagoela erakutsiz. Baina aurretik, Madrilen, Vetonaren isatsa bost gorputzeko distantziatik ikusi behar izan zuen, gainera pisua jasoz. Ondo korrituko du baina oso zaila du Madrilgo emaitzari buelta eman ahal izatea. 01 ASTURIASek hemen bitan irabazi zuen 2 eta 3 urte zituela. Orain bere entrenatzaile berria distantzia laburretan probatzen hasi da. Ezaguna da Cerqueirak behorrekin duen abilezia. Sorpresa. 04 COPITA DE CAVAk (a ze izen!) txoratuta zeuzkan Madrilgo adituak iazko apirilean han erakustaldia eman ostean. Geroztik Beamonte eta Nacional oso eskasak korritu zituen zaleen beroaldiak hozkailuan sartuz. Oraintxe Madrilen berragertu da ezer berririk erakutsi gabe. Baina lote oso lehiakorrean. Maila jaitsiz, noizbait bere izkutuko dohai horiek erakusten hasi beharko litzateke. Arizkorreta horrelakoetan beti arriskutsu. Erne!
Asteazkena, 20: 01 ASTURIAS erretiratua izan da. Osteguna 21: 07 REINE DÚN SOIR erretiratua izan da.
Gure hautua: 03 VETONA – 02 BELLETI – 04 COPITA DE CAVA