zaldilasterketak.eus

Apirilak 22: kronika + argazki galeria

Eguzkiak parentesi txiki bat eskaini digu udaberriko azken jardunaldi honetan goiz dizdiratsu batetaz gozatzeko. Giro polita, 500 ikusle, eta programa murriztua azken orduan izan diren erretiratu ugariekin (bederatzi!). Pista oso lokaztua (4,8) eta garaipena errepikatu dutenak Ion Elarren entrenatzaile donostiarra eta Cristina Perez jockey gaztea izan dira.

Neskak nagusi (berriz ere!)

Azpimarratzekoa, beste behin, neskek garaipen gehiago lortu dituztela gaur gizonezkoek baino. Hau duela oso urte gutxi pentsaezinezkoa izango zen gure hipodromoan, baina gauzak zorionez aldatzen doaz eta gero eta arruntagoa izaten ari da emakumezkoak ikusten zaldiak dotore gidatzen eta arrakastak katetzen. Gaurkoan Cristina Perez laredotarrak dizdira berezia izan du jardunaldian, aurreneko bi karrerak irabazten. 22 urteko gazte honek aurreneko aldiz irabazi du gurean eta, honi ere, Vicky Alonso eta Julia Zambudiori bezalaxe, etorkizun oparoa ikusten zaio. Bejondiola berari ere!

Gauzak berdintasun kontuetan nola aldatu diren ikusteko udaberri honetako jockeyen estatistikari begiratu bat besterik ez zaio eman behar: 4 neska (Alonso, Zambudio, Hrubosova eta Perez) aurreneko10 jockey onenen artean. Garaiak ederki aldatzen ari dira. Zorionak denei!

HONOR BERE (Pedro the Great eta Shadow of the Day) / Cristina Perez. Argazkia: Argindar

1. Lasterketa: Maitane ileapaindegia saria (handikap 1. zatia). 2.200 m

Barenton eta Nayade erretiratzearekin karrera nahiko erren geratu da. Lau zaldi bakarrik eta kontatzeko gutxi, MONZALVOS bihurgunea baino lehen jada karreraz kanpo baitzegoen. HONOR BEREk besteen ahuleziak aprobetxatu ditu amaieran bere ikuilukide ISHRAQi aurre hartzen.

Bere tokian: HONOR BERE / Huts: ISHRAQ

DREAM BAHAMA (Recorder eta Bahama Mama) / Cristina Perez. Argazkia: Argindar

2. Lasterketa: Haune dekorazioa saria (3 urteko moxal ez irabazleak). 2.000 m

Cristina Perezen bigarrena, hau ere Elarre entrenatzailearen eskutik, Irure bertako zalditegiarentzat lortu du. DREAM BAHAMA, esaten genuen atarikoan, besteen hutsetaz balia zitekeen garaipena lortzeko. Eta hala izan da. Arizkorretaren VEGADEOk beste behin huts egin du. Nahiz eta jatorri bikaina erakutsi, pistan ez du ezer jakin nahi. Eta TINTIN, debutean txundituta utzi gintuena, ez da hain boteretsu azaldu distantzia bi kilometrora igo diotenean. Azkenean, apal eta mugatu bai, baina erregularrena DREAM BAHAMA izan da. Nahikoa.

Bere tokian: DREAM BAHAMA / Huts: VEGADEO

ADAAYLIGHT DANCER (Adaay eta Buel Ligthning) / Nicolas Saccu . Argazkia: Argindar

3. Lasterketa: Arkupe taberna saria (salmentakoa). 1.600 m

Lasterketa hiruren gauza zen aurretik eta pistan biren artekoa. Azkar asko ikusi baita ANAZek ez ziela lehiatuko garaipena Arizkorretaren bi zaldiei, loteko baliorik altuenak. Eta hala izan da. Buruz-buruko bat PONT DE RUDA eta ADAAYLIGHT DANCERen artean. Edo Melgarejo eta Saccuren artean, hobeto esanda. Eta helmugatik gertu, aurrea hartuta, PONT DE RUDAk garaipena poltsikoan zuela zirudienean, gehiegitxo lasaitu eta Saccuk kartera ostu dio Melgarejori. Azken honek esaten zuen zaldia despistatu eta toki guztietara begira zetorrela azken txanpan. Kontuak kontu, garaipena, hondarra bailitzan, hatzen artetik ihes egin diola.

Berer tokian: ADAAYLIGHT DANCER / Huts: PONT DE RUDA

JOE BLINING (Kentucky Dynamite eta Pomposa) / Julia Zambudio. Argazkia: Argindar

4. Lasterketa: Marbell ileapaingegia (handikap 2. zatia). 2.200 m

JOE BLININGek denboralditxo honetako aurreneko garaipena eman dio Miguel Alonso entrenatzaileari. Hori bai, sufritzeko arrazoi handiegirik gabe. Izan ere bigarrena urruti oso sartu da. Julia Zambudiok ondo ezagutzen omen du zaldia eta, betaurrekoak jantzita eta aurrean eramanda, hazten joan da gero eta diferentzia handiagoa utziz bere atzean. Kontatzeko gutxi karrera honetan, denak sakabanatuta ibili baitira ibilbidean zehar eta lehiarako gunerik ez da egon. Esan digutenez irabazleari ez zaio gustatzen besteen ondoan joatea eta borrokatzea, eta gaurko bakartasun horrek bereziki motibatu du. Urrutitik jarraitu ahal izan dion BOUJOC izan da bigarren eta espero ez zen KANTIO hirugarren. Alvarez entrenatzaileak esan duenez MAYROren lasterketa ez da kontuan hartu behar arazoak izan baititu.

Bere tokian: JOE BLINING / Jarraitzeko: KANTIO / Huts: JERY SMAIH

COPITA DE CAVA (Lightning Moon eta Opikkopi) / Jose Luis Martinez. Argazkia: Argindar

5. Lasterketa: Ormazabal loradenda (behorrak). 1.600 m

Jose Luis Martinez jockey beteranoak ez du parte hartu gure denboralditxo honetan gaur arte. Bakarrik etorri da COPITA DE CAVA hau gidatzera Arizkorretarentzat. Veni,vidi, vici. Esaten genuen iaz behor honi buruz hitz ederrak esaten zirela Madril aldean, baina huts egin zuela distantzia luzeagoko probetan. Orain 1.600 metroetara jaitsita eta bere sexukoen kontra zapore ederra utzi digu agurreko proban. Bere aurrenekoa hemen. Ez alperrik, sei gorputzeko distantzia sartu dio VETONA erregularrari (40,5 baliokoa) eta klase punttu bat ere erakutsi du. Ez zebiltzaten oker iazko esames horiek. VETONAk ezin izan du gehiago egin eta oso gertu izan du Gaspar Vaz portugaldarraren KENNOCHA, teorikoki askoz apalagoa dena (27 baliokoa). Azken hau handikap batean ikusten duzuenean, badakizue… leihatiletara!

Bere tokian: VETONA / Huts: BELLETTI / Jarraitzeko: COPITA DE CAVA

Argazki galeria

Apirilak 22: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top