zaldilasterketak.eus

Apirilak 8: analisia

Udaberriko bigarren jardunaldia. Jardunalditxoa, hobeto esanda. Bakarrik 32 zaldik osatzen baitute bost karreretako programa. Zaldi gutxi xamar. Ostiral goizez berriz eta PMU sarean jokatuko den jardunaldia. Hau da gure analisia:

1. Lasterketa (11:35): Sukoa burdindegia (3 urtekoen handikapa). 1.400 m

03 TURCOk pisu arina darama Zambudioren deskarguari esker. Horri gehitzen badiogu Madrilgo Opcional sarian irabaztetik gertu egon zela, bi faktoreen batuketarekin irabazle ateratzen zaigu. Ohi ez bezala Arizkorreta 01 BRAVO zukutzen ari da. Igandean Madrilen korritu zuen eta bost egun beranduago gurean, atsedenerako tarte gutxirekin. Jakin badaki bere sasoi punttua orain aprobetxatu beharra dagoela, nahiz eta hemen pisuz zigortuta eta distantzia luzean aritu beharko duen. 02 TRASGUk ez dauka antzik iaz irabazi zuen gazte harekin. Aurten bitan atera da pistara eta bietan borrokatik oso urruti. Ez dirudi bere onenean dagoenik.

Gure hautua: 03 TURCO – 01 BRAVO

2.Lastereketa (12:05): Santana informatika (3 urteko ez irabazleak). 2.000 m

04 MACADAMIAri hobekuntza trazaren bat hartu genion urrian Madrilen hirugarren egin zuenean, hau baino askoz lote txukunago batean. Distantziaren luzatzeak on egingo diolakoan eta bere prestatzailea gurera etortzeko arrazoi sendo bat izango duelakoan, gure faboritotzat emango dugu. Lotea oso eskasa dirudi eta inork ez du apartekorik erakutsi, beraz zantzu minimoen araberako pronostikoa da, boteprontokoa. 01 DREAM BAHAMAk bere apaltasuna berretsi du behin eta berriz mugaz bestalde. Zazpi lasterketa ditu jada aurten Frantzian kokapen pare batekin, 28ko balioarekin tasazioa ekarri diona. Gutxi da baina agiana hemen nahikoa, besteen balioa ez baitugu ezagutzen. Pisuz kaltetuta baina esperientzia behintzat bere alde du. 02 GIDEONek jatorri apala du baina azkenekoan Madrilen, distantzia luzatutakoan, bere burua zertxobait erakutsi zuen nabarmenduko diren ar batzuen kontra (Australian Cape, Camarines, Almorojor eta abar). Hobetzen jarraitzen badu hemen irabazi ere egin lezake. 05 PANTXINETA azken jardunaldiotan izena emanda egon da han eta hemen. Azkenean Arizkorretak hau korritzea erabaki du, orain hilabete debut arrunta egin ostean. Jatorri dizdiratsua du baina bere aita Noozhoh nekez ikusten dugu bigarren kilometrotik gora. Amak bai, beltzatxo ugariz gain, distantzia ere bazuen. Ikusiko dugu.

Gure hautua: 04 MACADAMIA – 01 DREAM BAHAMA – 05 PANTXINETA

3. Lasterketa (12:35): Aritza mertzeria-lentzeria (salmenta, 4 urtetik gorakoak). 2.000 m

01 ALDUFOOFek aurreko ostiralean erraz irabazi zuen hemen. Argi dago gure pista bereziki atsegin duela eta sasoi onean dagoela. Hori gutxi balitz, lote susmagarri honetako baliorik handiena du, aldearekin. Jardunaldiko irabazlerik argiena iruditzen zaigu. Angel Sanchez lasartearraren azken fitxaketa 05 MR SUNSHINE da hemen nabarmentzen den beste zaldia. Sendo azaldu da azkenekoetan eta osasuntsu dirudi. Nahikoa faboritoaren atzetik sartzeko. Ea Angelek asmatzen duen. Animatuko diogu. Ion Elarreren ordezkaritza bikoitza 02 BOUJOC eta 04 JERY SMAIH oso eskas ari dira Frantzian eta ezin ditugu gomendatu. Comasen 06 ZASTER FOR ALLek ere nabarmen huts egin du azken karreretan. 03 GOUT SUCRE berriz Pauen irabazi eta hurrengoetan ez da beherantz etorri. Gertu egon liteke azken hau.

Gure hautua: 01 ALDUFOOF – 06 MR SUNSHINE – 03 GOUT SUCRE

4. Lasterketa (13:05): Bizker errotuluak (handikap)- 1.600 m

02 KARIBBEAN DREAMek otsailean irabazi zuen Pornicheten eta hurrengo bietan irabazteko grinaz atera baina oso ibilbide txarrak izan ditu. Comas bere prestatzaileak zioen Frantzian berri irabazteko aukera ikusten ziola. Hau bezain arerio ahulik ez ditu han topatuko. Zambudioren deskarguarekin pisuz oso ondo ateratzen da. Nahiko argi ikusten dugu. 03 NADER zaharrak bere kirol-bizitzako baliorik baxuenean da, 26,5en. Dos Hermanasen berriki egindako bi agerpene eskasek 3 kiloko beherakada suposatu diote. Jakina da gure pista eta biguna maite dituela. Gol aukera nabarmena. Oscar Anaya ez da alperrik etortzen. 07 TALES kokatu da bere azken lasterketetan Dos Hermanaseko hondarrean. Gure pistan behin korritu du bigarren eginez. Janaceken laguntzarekin kokatzeko aukera du. 05 KOOHOF ere balio krisi sakon batean murgilduta dabil nahiz eta negu honetan Dos Hermanaseko hondarrean irabazi. Trainer aldaketak on egin diezaioke baina bere jockeya (Estupiñan) ez dugu ezagutzen. Ikusteke.

Gure hautua: 02 KARIBBEAN DREAM – 03 NADER – 05 KOOHOF

5. Lasterketa (13:35): Aldaz hortz klinika (behorrak). 2.000 m

03 ISABELA. Baronia gogoangarriaren alaba honek, bere amak bezalaxe, beti ondo egin du gurean. Bertan bi aldiz irabaziz. Huts egin du behor onenekin lehiatu denean, haien mailara ez dela iristen erakutsiz. Gainontzerakoan oso fidagarria iruditzen zaigu tamaina honetako arerioen aurrean. Irabaztera. 02 IDOLE ROYALek mutu utzi gintuen pasa den ostiralean faborito guztiak gaindituz lokatzaren erdian. Sekulako ustekabea eman zuen. Berarengan konfidantza du Farlete kataluinarrak eta hobetzen jarraitzen badu gure faboritoa estutu dezake. Ikusiko dugu noraino iristen den. Argi dagoena da buruz-burukoa izango dela karrera hau.

Gure hautua: 03 ISABELA – 02 IDOLE ROYAL

Apirilak 8: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top