zaldilasterketak.eus

Apirilak 8: kronika + argazki galeria

Atarikoan esaten genuen bezala jardunaldi ttipia ostiral honetakoa. Sorpresa pare bat kenduta aipatzeko gutxi. Ez da borroka esturik ikusi eta irabazle gehienak nahiko garbi lortu dute garaipena. Emozio gutxi. Haizea protagonista, gaurkoan ere zaletu mordoxka bat bildu da lanegun goiz bat izateko.

TURCO (Late Telegraph eta Amorebieta) / Julia Zambudio

1. Lasterketa: Sukoa burdindegia (3 urtekoen handikapa). 1.400 m

TURCOk bere faborito paper argiarekin bete du eta ez da aparteko emoziorik izan. Zambudiorentzat beste garaipen bat. Hau ezin errazagoa. BRAVOri Janacekek ibilbide lasaia eman dio atzeko aldean, azken aldera J.A. Rodriguezen bi ordezkariak erraz gainditzeko, baina beti irabazlearengandik urruti. Gaizki TRASGU eta GALIWEST. Lehenengoa gero eta okerrago eta bigarrena oso itxura eskasa ematen ari da.

Bere tokian: TURCO / Huts: TRASGU

PANTXINETA (Noozhoh Canarias eta Good Morning Star) / V. Janacek

2.Lastereketa: Santana informatika (3 urteko ez irabazleak). 2.000 m

Lasterketa baino gehiago entrenamenduaren itxura izan du bigarren honek. Bakoitzak bere erritmoan egin du ibilbidea, apenas elkarrekin lehiatu gabe. Puntan Janacekek PANTXINETA jarri du eta hala iritsi da, apenas izerdirik atera gabe. Beste kasta batekoa da Noozhoh-ren alaba hau. Jarraitzeko. Zalantzak genituen distantziarekin baina, amaren geneak aitarenei nagusituko zitzaizkion ze oso erraz egin ditu bi kilometroak. Bigarren MACADAMIAk izan behar zuela zirudienean, azken-azkenean DREAM BAHAMA ekarri du Vicky Alonsok eta ispiluan bertan argazkiak ezin izan ditu biak bereiztu. Beraz, berdinketa bigarren posturako. Gutxitan ikusten dena.

Bere tokian: MACADAMIA / Jarraitzeko: PANTXINETA

ALDUFOOF (Bated Breath eta Moqla) / Nicolas Saccu

3. Lasterketa: Aritza mertzeria-lentzeria (salmenta, 4 urtetik gorakoak). 2.000 m

ALDUFOOF berriz. Astebete beranduago berriz irabazi du 4 urteko behor honek pronostiko guztiak betez. Okerrik ezean hala izan behar zuen. Dena den Saccu buruz-buru aritu da probaren lehenengo erdian MR SUNSHINEkin suizida izan zitekeen estrategia batean. Sei gorputzetara sartu da Marc Comasen ZASTER FOR ALL, bigarrena egiteko. Biko kataluinarra, Farlete-Comas. Honekin Vicky Alonsok jakin izan du atzean lasai itxoiten eta amaieran ekartzen. Gainontzerakoak, urruti.

Bere tokian: ALDUFOOF

NAYADE (Mukhadram eta Nicolosia) / V. Alonso

4. Lasterketa: Bizker errotuluak (handikap)- 1.600 m

Bizi ibili da Vicky Alonso NAYADE honekin Bugattiko bihurgunean barru-barrutik guztiak aurreratu eta helmugaraino abantaila eusteko. Hor erabaki du karrera. Lotean ez zegoen maila eta forma handirik eta detailetxo hori nahikoa izan da saria Costa Vall kataluinarren etxera eramateko. Julia Zambudio ordea dexente ireki da KARIBEAN DREAMekin bihurgunean eta zeukan abantaila bertan galdu du. Hortaz ere aprobetxatu da KOHOOF barrutik bigarren plaza justu-justu gure faboritoari kentzeko. Atzetik errotuladore gorriz azpimarratzekoa NYALAren karrera. Berpiztuta azaldu zaigu bere jaka berriarekin eta hemen aurki irabaziko duela iragarri du. Oso ilun NADER zaharra.

Bere tokian: KARIBBEAN DREAM / Huts: NADER / Jarraitzeko: NYALA

BELLETI (Belardo eta Intrigue) / R Sousa

5. Lasterketa: Aldaz hortz klinika (behorrak). 2.000 m

Oso hotz utzi gaitu ISABELA faboritoaren porrotak. Ez genuen espero halakorik. Ezta hain modu nabarmenean ere. Halere, ez zeukan itxura oso onik padockean. Bere hutsunearekin, karrera buruz-buruko batean geratu da, BELLETIIDOLE ROYAL. Leiha hori Sousak erabaki du azken metroetan bere behorra aurretik jarriz. Madrilen ondo korritzetik zetorren eta hango ildoa berretsi du. Farleterenak berriz, bere goranzko bidean jarraitzen du. Oraindik oso berria da.

Bere tokian: IDOLE ROYAL / Huts: ISABELA / Jarraitzeko: BELLETTI

Argazki galeria

Apirilak 8: kronika + argazki galeria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top