zaldilasterketak.eus

Asteburuko nazioarteari begirada.

Asteburu mamitsua dugu Europan zehar eta gainbegirada on bat merezi duela erabaki dugu. Irlandan urteko astebururik garrantzitsuena, Ingalaterran azken klasikoa eta Frantzian osoa Arc de Triompheko meetingari begira. Hona hemen lasterketa bakoitzaren analisia.

LARUNBATA

16:35 ST.LEGER (Doncaster, GB)

Munduko lasterketa klasikorik zaharrena (1776) eta luzeena da 2921 metrorekin. Azken urteetan behera xamar erori da eta aspalditik gutxi izan dira Koroi Hiruikoitza (Gineak-Derby/Oaks-ST.Leger) lortzeko aukerekin iritsi diren zaldiak, batzuetan aurretik aukerarik ez zelako edota aukera zutenek paso egin zutelako. Denboraldi arraro honetan ere hau izango da kasua. 4 faborito ageri dira besteen gainetik eta nahiz eta 8.PYLEDRIVER izan sendoena itxura batean, 5.HUKUM da guri gehien gustatzen zaiguna. Oso zaldi berria da 4 lasterketarekin bakarrik eta guztietan aurrera pausu handiak eman ditu, azkenekoan kemen handia erakutsiz. Hobekuntzarekin jarraitzen badu, garaipena berea izango da. 9.SANTIAGO irlandar Derbyko garailea ageri zaigu ere faboritoen artean, Goodwood Cup-ean (3200m) iraupen handiko zaldi zaharren aurka dotore aritu eta gero.

ZubietaTip: 5.HUKUM.

16:10 MATRON (Leopardstown, IRE)

Lasterketa honen benetan edizio ona aurtengoa. 1G mailako behorrak, goraka datozen gutxi batzuk aurkituko dituzte. Benetako 1G maila dutenen artean 9.PEACEFUL da ziurtasun handiena sortzen diguna miliako distantzian. 5.FANCY BLUEtaz askotan hitzegin dugu hemen baina distantzia motz egin dakioke. Johnny Murtagh idoloaren bikotea 4.CHAMPERS ELYSEES eta 6.KNOW IT ALL,goraka datoz eta asko poztuko ginake edozeinek irabaziko balu. 3.ALBIGNA ez dirudi iazko denboraldiko berdina denik baina bere mailarik onenera bueltatuko balitz…

ZubietaTip: 9 PEACEFUL

17:10 IRISH CHAMPION

Gure ustez Europako lasterketarik garrantzitsuena 2000 metrotan. Tarteka urteko lasterketarik onena bezala izendatzen da ofizialki eta aurtengoa ere goi mailakoa izango da. Aurten lautik lau garaipen pilatu ditu 1.GHAIYYATHek eta zaila dirudi bere distantziarik gogokoenean gainditua izatea. Dubawiren semeak erritmo altuegia ezarri ohi du bere aurkarientzat eta berriz ere taktika berarekin zelairatuko da. Irlandan egonik, O’Brienenak izango dira aurkaririk gogorrenak, noski. 5.MAGICALek bost 1G pilatu ditu bere sendotasunari esker eta 2.JAPANek aurten ezin izan dio eutsi iaz emandako gorakadari baina zalditegiko lehen jockeya eramango du gainean, seinale ona. 4.SOTTSASS frantziarrak antzeko urtea darama baina honen kasuan, denboraldi osoko helburu bakarra Arc de Triomphe da eta berau prestatzera dator hona, lasterketa onak eta txarrak tartekatuz aurten.

ZubietaTip: 1. GHAIYYATH

IGANDEA

14:00 PETIT COUVERT 3G (Longchamp)

1000 metrotako lasterketa bat, Prix l’Abbaye baina hiru aste lehenago. Tarteka ikusten dugu lasterketa honetan hurrengoan l’Abbayeko garailea izango dena, iaz edo 2015ean bezala. Kasu horietan sprinter ingelesak izan dira beti eta aurtengoan bakarra egongo da irteeran 8.LADY IN FRANCE. Ez dirudi otso beldurgarria izan daitekeenik eta frantziarren urtea izango dela esango genuke. 3.WOODED maila gorenean lehiatzen ohituta dago eta kalitate handienekoa dirudi, nahiz eta distantzia luzexeagoten aritu arren. Mauri Delcheren 4.COEUR DE PIERRE goraka dator Quinté handikap boteretsu bat irabaziz. Sendotasuna eta forma ezinhobean iritsiko da zitara, frogan jartzera bere kalitatea. Gutxienez kokapenak borrokatzen ikusten dugu. Lasterketa honetan Guillermo Arizkorretaren 5.BLUEBERRY azaltzen zaigu eta nahiz eta balorerik baxuenarekin azaldu, ez dugu uste azkena izango denik. Hala ere, garaipenerako borrokan lehiatzea zailegia ikusten diogu, Meydanera joan aurretiko balorearekin ere.

ZubietaTip: 4. COEUR DE PIERRE

15:50 G.P.PARIS (Longchamp, FRA)

Egutegiaren 2020ko berrantolaketan bere tokia hartu du Prix Nielen ordez. Aurtengo edizioak, 3 urtekoen panoramari argi pixka bat jartzen lagunduko ote digu? Izan ere bere parte hartzaileen artean zalantza asko jarrita daude, 9.SERPENTINE derbywinner-etik hasita. Kritika eta zalantza handiak jaso ditu aurtengo Derbyak eta hemen azaltzen zaigu lasterketa horretako garailea, ordutik lehiatu gabe. Derbyan emandako balorea errepikatu ezkero edo gutxienez gertu egoteko gai bada, garaile sendoa izan beharko luke hemen ere, G.P.Pariseko aurkariak balore horretara gerturatu ere egin ez bait dira. 5.IN SWOOP gertutik jarraitu beharra dago, Alemaniar Derbyan (1G) performance oso ona burutu bait zuen, bere hirugarren lasterketa soilik izateko. Ea bien artean Arc de Triompherako hautaga berriren bat azaltzen zaigun!

ZubietaTip: 9 SERPENTINE

16:10 FLYING FIVE (Curragh, IRE)

1000 metroko sprinta. Iazko Prix Petit Couvert eta Prix l’Abbaye bikoa lortu zuen 5.GLASS SLIPPERSi zertxobait kosta zaio puntua hartzen aurten baina BATTAASH handiaren aurka gutxi egin daiteke eta haren itzalpean egotea ere ez da meritu makala. Goraka dator eta hemen ez da munstroa egongo. Fijo.

ZubietaTip: 5. GLASS SLIPPERS

16:17 G.P. BADEN BADEN (Iffezheim, GER)

Tarteka Arc de Triompheko garailea eman du lasterketa honek (Marienbard 2002, Danedream 2011) baina aurten ez dirudi horrela izango denik. Hala ere begibistan izango dugu.

ZubietaTip: 3 QUEST THE MOON

16:35 VERMEILLE (Longchamp)

Emeen txanda Longchampeko 2400 metroetan. Arc de Triomphera begira baino, lehen 1G garaipenaren bila lehiatuko dira ia denak, 9.EVEN SO izan ezik. O’Brienena Irlandar Oaksa eskuratzetik dator, hori bai balore nabarmenik behar izan gabe. 6.RAABIHAHren azken lasterketa ikusgarria izan zen eta aurretik Prix Dianen (1G) garaipenerako lehian izan zen, lasterketa osoa kanpokaldeko ibilbidetik egin arren, eta hori heriotz zigor bat izaten da Chantillyn. Historikoki 3 urteko emeen mesedeko lasterketa izan da baina azkenaldian “zaharrek” ere garaipenak lortu dituzte eta aurten Aga Khanen 2.TARNAWA azaltzen zaigu. Iaz oso estimu handian izan zuen bere entrenatzaileak nahiz eta mailarik gorenean emaitza onik ez lortu. Aurten, helduago azaldu da bere lasterketa bakarrean, Even So-ren Oakseko bigarrenari errex gailenduz 4,5kg-ko aldea emanez.

ZubietaTip: 10 TARNAWA

16:40 MOYGLARE (Curragh)

Gutxitan lastertukako 2 urteko emeak. 8.PRETTY GORGEUS faborito logikoa da egundoko erakustaldia eman ondoren Debutante Stakesen (2G). Sorpresa bat bilatuz, 6.MOTHER EARTH “beteranoa” ageri zaigu. Debutante Stakesen erremate kementsua erakutsi zuen eta hemen J.A.Heffernan-en (noizbait zaldia banaiz, Curraghen bera gida nazala) laguntzaz ez dute inoren akatsik barkatuko.

ZubietaTip: 6. MOTHER EARTH

17:10 NATIONAL (Curragh)

Irlandako 2 urtekorik onenek (ugarienak alegia) mehatxuzko bisita bat jasoko dute, 7.MASTER OF THE SEAS “ingelesarekin”. Bi garaipen entzutetsu pilatu ditu, azkena 2G mailan. Irlandara bidaiatzeko adorea dutenerako, estimu handia diotelaren erakusle (horregatik izen hori?). Irlandarren artean aukera polita dutenak banan banan aipatzeko tokirik ez eta horietako batekin geratzekotan, 1.BATTLEGROUND Found-en semea aipatuko dugu.

ZubietaTip: 1. BATTLEGROUND

17:10 FOY 2G (Longchamp)

Erritmoa nork markatuko duen ikusteko dago, tropeleko atzekaldean bidaitzeko zale asko bait dago 6 lehiakideen artean. Faboritoenak distantzia luzeagoetan ohituak daude edota “benetako” lasterketa bat beharko dute azken metroetan bere erritmo aldaketa gailentzeko. Pena izango litzateke 4.STRADIVARIUS handiak Arc de Triompherako egin nahi duen froga (distantzia luzeagotan ez du aurkaririk izan azken urteetan) ikusterik ez bagenu erritmo motel baten ondorioz. Patxadaz ikusteko lasterketa izango da, pronostiko zailekoa.

ZubietaTip: 1 WAY TO PARIS

17:40 IRISH ST.LEGER (Curragh)

Irlandar 1G merkeenetakoa izan daiteke, hori esaterik badago behintzat. Faborito argirik gabeko lasterketan, bihotzak 2 FUJAIRA PRINCEren alde egiteko eskatzen du. Urtebete lesionaturik igaro ondoren, Roger Varianenak bi garaipen pilatu ditu Ingalaterrako handikap garrantzitsuetan, azkena Ebor-a izanik, guztietan onena. Molde bereziko zaldia da. Eusti Fuajira!

ZubietaTip: 2. FUJAIRA PRINCE

Asteburuko nazioarteari begirada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top