zaldilasterketak.eus

Azaroak 13: analisia

Jardunaldi ezin arrotzagoa Zubietan: udazkena, ateak itxita, aposturik gabe, ostiral eguerdia, gomendioz jantzitako sariak… urte honetako gora-beherek pentsaezinezko egoera xelebreak ekartzen ari zaizkigu, ditxosozko Covid-19a tarteko.

Bertan zalerik izango ez den arren, eta garai normalen esperoan gure ohiturak ez galtzeko, hor doa bost lasterketen analisi arin hau:

1. Lasterketa (14:45): Eskuak Maiz Garbitu saria

03 TITO Espainiako Derbyan laugarren izan zen. Horrekin nahikoa. Halere, gertoztikako bietan behera egin du eta ez du pista ezagutzen. Baina arerioak hain dira eskasak irabaztera kondenatuta dagoela. 01 GRILOk bere ohiko bizioekin jarraitzen du, borrokaren orduan ez du ezer jakin nahi eta zabalera jotzen du babes bila. Horrela nekez irabaziko du, baina gertu ibiliko da berriz. 02 APUJAMI beti Titoren atzetik geratu da, azkenekoan izan ezik, pisua alde zuela. Handi xamarra da eta agian hemengoa ez da berarentzat pistarik onena, gainera distantzia hau motz geratzen zaio. Baina hain gutxi dago hemen aukeratzeko aipatu beharko dugula. 08 NURIA oso apala da, baina hain pisu arinarekin, udan bezala, agian ustegabeko kokapen bat ere lapur lezake.

Gure hautua: 03 TITO08 NURIA01 GRILO

2. Lasterketa (15:20): Bizitza Aktiboa eta Osasungarria Eraman

07 JASMINEk bi lasterketa dotore utzi zituten hemen udan, lehenengo eta bigarren, hori bai 200 metro gutxiagoko distantzian. Orduko sasoian jarraitzen badu hemen oso ondo egingo du. Valenzuela berriz lagun. Gehien gustatzen zaiguna da. 06 TE KOOP garaipenetik oso hurbil izan da azken bietan Madrilen, baina aurretik gaizki korritu zuen hemen. Agian pista ez du gogoko. Halere, arestian sasoia erakutsi duen bakarrenetakoa da. Hortxe izango da. 02 YIYE Martinsen patiora pasa berri da. Beti pentsatu dugu behor hau hobea dela orain arte erakutsitakoa baino, baina ez du berretsi. Bi bihurgune egingo dituen lehenengo aldia da eta agian gehiegitxo izan daiteke berarentzat. Erne jarraituko dugu. 05 PALACE GUARD tarteka bere lozorrotik esnatzen da kokatzea lortuz, hurrengoan ostera berriz huts egiteko. Madrilgo zuntzak esnatu berri du, urrian. Hortaz, orain txarra tokatzen zaio.

Gure hautua: 07 JASMINE02 YIYE06 TE KOOP

3. Lasterketa (15:55): Mantén la Distancia Social saria

09 RAMIRIQUI abisu ozenak utzi zituen bere azkenekoan Madrilen Sudafricak irabazitako handikapean, betaurreko berriekin borrokan ibili arren. Badirudi lokatza atsegin duela. Hobetzeko asko duelakoan, gure faboritoa izango da. 07 SISONek karrera gutxi ditu eta azkenaldia jarraian ari da, seinale osasunez hobetu egin dela. Honek ere hobetzeko dexente duela uste dugu. Aspaldiko partez jockey profesional bat uhaletan, Gelabert. 06 ORANGE RUN oso baxu dabil aurten. Jada 12 urte ditu eta hori zama handia da. Baina pisuz solte dago eta lokatzetan gustura. Berpizteko aukera. 05 ZERIk udan hemen irabazi zuen eta horrek handikapean igoera suposatu dio. Pisuz ez dabil hain solte baina ondo egin dezake.

Gure hautua: 09 RAMIRIQUI07 SISON06 ORANGE RUN

4. Lasterketa (16:30): Protégete y Protege a los Demás

05 ANGEL DOWNek biguina atsegin du, pisuz abantaila handia du eta hau bere distantzia eta pista da. Udan hemen burumakur ibili den arren, Madrilen hobekuntza azaldu berri du. Irabazteko argi guztiak berde ditu bere jockey amateurrak. 06 ASCENSION DIRECTEk sasoi onean dagoela erakutsi berri du Frantzian arerio gogorragoen kontra. Eta hori asko da salmentako lasterketa hauetan. Halere, distantzia hau laburregia egingo zaio. 01 IRON ROCK udako izarra izan zen hemen, bere errendimendua izugarri hobetuz. Handikapean lotuta jada, bestelako probetan saiatu da maila txukuna mantenduz. Zubietan berriz, borrokan izatea espero dugu nahiz eta distantzia zertxobait laburregi izan eta karga dexente eraman. 07 MOUNTAIN GUARD bere patiokidea iaz esprinter onenen artean aritzetik, aurten guzti-guztien isatsa ikustera pasa da. Halako batean berpiztuko delakoan, hemen beste aukeratxo bat emango diogu, lokatzetan gozatzen duen horietakoa baitzen.

Gure hautua: 05 ANGEL DOWN01 IRON ROCK06 ASCENSION DIRECTE

5. Lasterketa (17:05): Ponte la Mascarilla saria

01 VOUCH moxalak bederatzi partehartzaile hauetatik zerbait aipagarria erakutsi duen bakarra da. Arizkorretaren behor honek Madidinarekin borrokatu zuen azkenekoan, lepo batera geratuz. Bere patioko gazteen ohiko garapenari erreparatuz ez dugu beste irabazlerik ikusten. Lasterketa horretan debuta egin zuten 07 UXAMAk eta 05 PERFECT SUNRISEk. Lehenengoa oso urduri aritu zen eta ez diogu karrera txar hori kontutan hartuko. Bigarren aukera bat berarentzat. Imazen patiokoa, alegia goiztiarra izan behar duela. Bigarrenak ez zuen debut deigarririk egin baina hobetzeko tartea suposa dakioke. Bakarrik horregatik. Gainontzerakoek orain arte erakutsi dutena kezkatzeko modukoa da.

Gure hautua: 01 VOUCH07 UXAMA

Azaroak 13: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top